46. eskola: 2025eko apirilaren 1ekoa
- Genero berdintasunaren gaiari heldu diogu bete-betean. Emakume eredugarriak (ereduTZAT hartzeko modukoak, ereduTZAT hartzea merezi dutenak) eta aurrendariak (=aitzindariak = bide-urratzaileak) ezagutzen ari gara.
Euskal Herritik haratago, beste emakume bide-urratzaile bat Coco Chanel izan zen. Berari buruzko ulermen-jarduera (Coco Chanel: moda-diseinatzaile ausarta baino zerbait gehiago) zuzendu dugu, testua – edo, osoa ez bada, pasarte esanguratsuenak – irakurri ahala.
OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
- Gatozen orain beste emakume aitzindari = aurrendari = bide-urratzaile horietako bat ezagutzera: Virginia Woolf idazle eta pentsalaria. ENTZUNAREN ULERMENA: Virginia Woolf, feminismoaren aitzindari (=aurrendari = bide urratzaile)(x0,9). Virginia Woolf feminista zen. Euskadi Irratiko erreportaje honetan, bere biografia kontatzen dute eta bere liburu bat (“Gela bat norberarena”) euskaratu duen Maria Colera itzultzailearen iritzia ere bildu dute. Ikasleei itemak azaldu ostean, birritan entzun dute entzungaia eta, jarraian, zuzendu egin dugu, erantzun zuzenak eta hauek berresteko transkripzio zatiak arbelean jarrita.
- Izenorde bihurkariak: Joan den egunean, Agnodizeri buruzko testuan honako hau irakurri ahal izan genuen: “Agnodizeren pazienteak, Atenasko aristokraziako emakumeak, alegia, epaitegian bildu ziren eta Agnodize hilez gero, beren buruaz beste egingo zutela mehatxatu zuten”.
Entzun berri dugun entzungaian, berriz, esatariak honako hau zioen: “1941eko martxoan, Bigarren Mundu Gerra betean, berokiko poltsikoak harriz bete eta etxe ondoko Ouse ibaian murgilduta, bere buruaz beste egin zuen Virginia Woolf idazle eta pentsalariak”.
Adibide
horiek emandako aitzakia baliatuta, izenorde bihurkariak (neure burua, zeure burua, bere
burua, geure burua, zeuen burua, beren burua = euren
burua) noiz
erabiltzen diren gogorarazi diet: ekintza
baten subjektua eta objektua, pertsona bera denean, hau da, zerbait egiten
duena eta jasaten duena pertsona bera denean. Horrelakoetan, euskaraz ezingo ditugu UKAN
moduko aditzak IZAN gisara erabili: galdetzen naiz, bota zara, ikusten naiz, iragar zaitez…
Osaera: izenorde indartua (neure, heure, bere, geure, ,zeure, zeuen, beren = euren) + BURUA (beti singularrean: geure burua…).
Aditza: 3. pertsonatzat hartu behar dugu: Goizero, etxetik irteterakoan, ispiluan ikusten dut neure burua (=3. sing. = hura). Gehiago maitatu behar zenuke zeure burua (=3. sing. = hura).
Hona adibide batzuk: Udan atzerrira joan nahi
dudanez, nire ingeles maila hobetu beharrean ikusten dut neure burua (ikusten
naiz). Praka estu hauekin oso ongi ikusten dut neure burua (ikusten
naiz). Tranpolin horretatik uretara botako dugu geure burua (botako
gara). Gizagaixoak bere burua hil zuen = bere buruaz beste
egin zuen. Gure amona zenak askotan hitz egiten zuen bere buruarekin. Zeure
buruari galdetu diozu (galdetu zara) zergatik ez duzun lagunik?
Salbuespenak: badira “neure burua” eraman ezin
duten aditzak: apaindu, dutxatu, jantzi,
erantzi, garbitu, prestatu eta orraztu.
Goizero dutxatzen naiz (dutxatzen dut neure burua). Jaikitakoan,
berehala jantzi naiz (neure burua jantzi dut).
- AHOZKO ADIERAZPENA: Emakumeak…gizonen pare … ala menpe? (2. saioa) Mintza-fitxako puntuez aritu dira hizketan, hots, genero berdintasunaz. Gaiaren inguruko hiztegi lagungarria banatu nien joan den egunean.
HIZTEGI LAGUNGARRIA:
Emakumeak harrikatzen dituzte (harrikatu: harriak bota): lapidar
Inork ez du auzitan jartzen: auzitan jarri (=zalantzan jarri = dudatan jarri): poner en duda, en entredicho
lanaldi jarraia: jornada continua / lanaldi etena: jornada partida.
Lanaldi osoa / Lanaldi murriztua (lanaldi erdia, lanaldi herena…)
Haurren kustodia edo zaintza partekatua: custodia compartida
Belaunaldia = gizaldia: generación
Antzinatasuna: antigüedad
Hitzarmena edo ituna: convenio
Tolerantea
Tolerantzia
Esanekoa: obediente, sumisa
Aitzindaria = aurrendaria = bide-urratzailea: pioner@, precursor@
Iraultzailea: revolucionari@
Auzo-lotsa: vergüenza ajena
Parekotasuna = parekidetasuna: paridad
Lana eta familia uztartzea = bateratzea: conciliar
- Partiz. + BEHARRIK = ZERTAN + partizipioa(RIK) /// partizipioa + BEHAR
Ikasle batek niri idatzitako balizko e-maila bat eta neuk emandako erantzuna aitzakiatzat hartuta, hasteko, BEHAR / BEHARRIK ez direla gauza bera ohartarazi ditut eta, ondoren, partizipioa + BEHARRIK eta ZERTAN + partizipioa(RIK) egiturak baliokideak direla.
Egun on, Dabid:
X nauzu. Gauza bat: orain arte ez dut hutsegiterik egin, klase guztietara joan izan naiz, baina datorren asteartean ezin izango naiz joan, hitzordua baitaukat Leitzako belarzale batekin. Zuritze-agiria ekarri behar dizut hutsegitea zuritzeko?
Zure erantzunaren zain naukazu.
Mila esker
X
Egun on, X:
Lasai, orain arte hutsegiterik ez daukazunez eta ikasturte osoan zuritu gabeko 14 hutsegite egin daitekeenez, ez daukazu = ez duzu zuritze-agiria ekarri beharrIK. Beraz, ez zaitez kezkatu.
Datorren ostegunean ikusiko dugu elkar.
Ordura arte.
Dabid
Ikasleei galdetu diet, nik bidalitako e-mailean zergatik jarri dudan
“Ez daukazu = ez duzu zuritze-agiria ekarri beharrIK”
eta ez
“Ez duzu zuritze-agiria ekarri behar”.
Alegia, zein den BEHARRik eta BEHAR arteko aldea.
Daniela Cutasi egindako elkarrizketatik (Guraso izateko modu asko daude) ateratako berridazketetan – duela aste pare bat zuzendu genituen – ere baziren hiru (2.,13. eta 18.a), orain arte ikusi gabeko egitura hau zutenak:
2. eta 13. berridazketak:
EZ du ZERTAN txarra edo okerragoa IZAN(ik)
(Horrek) Ez du = ez dauka txarra edo okerragoa izan BEHARRik.
18. berridazketa:
EZ dago ZERTAN diferentziarik EGON(ik). (inperts.)
Ez dago = ez da diferentziarik egon BEHARRik. (inpertsonala)
Adibide horietatik abiatuta, partizipioa + BEHARRIK eta bere pareko adiera duen ZERTAN + partizipioa + (rik) azaldu dizkiet.
Hasteko, ez ditzatela nahas partizipioa + BEHAR egiturarekin!!!!!
1. BEHAR vs. BEHARRIK arteko desberdintasuna:
Liburutegian liburu bat mailegatzeko EZ DAUKAZU (=ez duzu) ZERTAN eskolara ETORRI(rik) = EZ DAUKAZU (= ez duzu) eskolara ETORRI BEHARRIK (baina, nahi baduzu, etor zaitezke).
Ez duzu eskolara etorri BEHAR, ez baitzaitu inork artatuko (debekua adierazten du).
Agiri horiek entregatzeko EZ DAUKAZU (=ez duzu) ZERTAN udaletxera JOAN(ik) = EZ DAUKAZU (= ez duzu) udaletxera JOAN BEHARRIK, Internet bidez bidal ditzakezu (baina nahi baduzu, joan zaitez udaletxera).
Agiri horiek entregatzeko ez duzu udaletxera joan BEHAR, Diputaziora baizik.
Gaur egungo bikoteek EZ DAUKATE (= ez dute) seme-alabak ZERTAN EKARRI(rik) familia bat osatzeko, garai batean ez bezala = Gaur egungo bikoteek EZ DAUKATE (=ez dute) seme-alabak EKARRI BEHARRIK familia bat osatzeko, garai batean ez bezala.
Gaur egungo bikote batzuek ez dute = ez lukete seme-alabarik ekarri BEHAR, gero ez baitakite behar bezala hezten.
Gaur egun haur bat izateko emakume batek EZ DAUKA (=ez du) ZERTAN gizon bat BILATU(rik), intseminazio bidez izan dezake = Gaur egun haur bat izateko emakume batek EZ DAUKA (= ez du) gizon bat BILATU BEHARRIK, intseminazio bidez izan dezake.
Gaur egun haur bat izateko emakume batek ez du gizonik bilatu BEHAR, gizonek buruhausteak baino ez baitituzte eragiten.
J Inpetsonala egiteko: EZ DAGO (= ez da) ZERTAN + partizipioa = EZ DAGO (= ez da) + partizipioa + BEHARRIK.
Gaur egun, medikuarenean hitzordua hartzeko EZ DAGO ZERTAN anbulatoriora JOAN(ik), Internet bidez har daiteke
= Gaur egun, medikuarenean hitzordua hartzeko EZ DAGO anbulatoriora JOAN BEHARRIK, Internet bidez har daiteke.
Baina
ez ditzatela nahastu bi egiturak!!!
“Zure azalpena ulertu dugu, EZ DAUKAZU ZERTAN berriro
azaldu BEHAR / BEHARRIK”.
Edo: “EZ DAUKAZU ZERTAN berriro azaldu(rik)”
Edo: “EZ DAUKAZU berriro azaldu BEHARRIK”.
Eta ez ditzatela nahastu ZERTAN eta BEHAR!!!
“Nahi ez baduzue, EZ DAUKAZUE ZERTAN etorri BEHAR fardelaren
bila, nik etxera bidali ahal dizuet (=bidal diezazueket) eta.”
Edo: “ EZ DAUKAZUE ZERTAN etorri(rik) fardelaren bila, nik etxera bidali ahal dizuet (=bidal diezazueket) eta.”
Edo: “EZ DAUKAZUE fardelaren bila etorri BEHARRIK, nik etxera bidali ahal dizuet (=bidal diezazueket) eta.”
Hona hemen ikasle baten idazlanean irakurritako esaldia:
* Egia esan, Eguberriak beste edozein egun bezalakoak dira, eta EZ DITUGU gehiegikeria izugarriak EGIN BEHAR.
Debekatuta al dago ba, gehiegikeriak egitea? Ez, ezta? Hona esaldi zuzena:
Egia esan, Eguberriak beste edozein egun bezalakoak dira, eta EZ DAUKAGU (= ez dugu) gehiegikeria izugarriak EGIN BEHARRIK .
Alegia, ez daukagula gehiegikeriak egin beharrik, baina norbaitek nahi badu, egin ditzala. Ez dago debekurik.
- Etxerako lanak:
1. Edertasuna deritzon jarduera, idatziaren ulermena lantzekoa.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
2. Izenorde bihurkariak errepasatzeko ariketa (erantzun-orria atzean dute).
3. Orainaldiko Ahalerak eragiten dizkigun buruhausteak! (NOR, NOR-NORI, NOR-NORK eta NOR-NORI-NORK sistemak banan-banan lantzeko indartze-ariketa). Gelan zuzenduko dugu.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
4. EGINA IZAN BEHAR DUZUE: Genero berdintasunaren gaiari helduta, Josebe Iturriozi egindako elkarrizketa: Josebe Iturrioz: “Denok izan beharko genuke oso feminista”. Jarduera honetan, ikasleek erantzun bakoitzari dagokion galdera hautatu behar dute (258. fitxa).
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
5. EGINA IZAN BEHAR DUZUE: Igogailuan izeneko ulermen-jarduera (246. fitxa)
6. AUKERAKO JARDUERA: Errusian haur bat adoptatzearen abentura. Haurdunaldi subrogatura edo intseminaziora jo beharrean, bada beste hautabide bat: adopzioa. Familia ereduei eta haurrak izateari nahiz adoptatzeari buruz ari garenez, Errusiako haurren adopzioarekin lotutako jarduera-sorta honetan:
o lehenik, albiste bat entzun behar duzue (blogean entzungai) eta entzungai horrekin bi ariketa egin behar dituzue (lehenengoan, erreportajea ondoen laburbiltzen duen esaldia hautatu, eta bigarrenean, a), b) eta c) artean aukeratu);
o ondoren, kontrastea adierazteko egituren adibideak biltzen dituen taula arretaz irakurri behar duzue eta sei esaldi berridatzi beharko dituzue kontzesiboak erabiliz.
Albistearen laburpena: Blokeoa bertan behera utzi dute = indargabetu dute = baliogabetu dute eta horrek adopzio prozesua arindu eta azkartu du, baina txanponak badu bere IFRENTZUA: bikote homosexualek edo guraso bakarrek adoptatu ezinik jarraitzen dute.
7. JARRAITU EGITEN: EZEAN = EZIK // IZAN EZIK // a EZ EZIK, b ERE. Hiru hauen bereizten eta behar bezala erabiltzen treba zaitezten, 40 esaldi sortu dizkizuet, zuek berridatz ditzazuen (erantzun-orriak ere banatu dizkizuet). Nolanahi ere, denak egun berean ez egiteko aholkatzen dizuet, pixkanaka eginez joan zaiteztela. Norberak zuzentzekoa.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina