2025/04/09

B2.2 mailako 48. eskola, 2025eko apirilaren 8koa

 

48. eskola: 2025eko apirilaren 8koa

-     ENTZUNAREN ULERMENA: Zer berri? (5). Sei albistetxo entzun dituzte eta  bi ariketa egin. Lehenengoan, albiste bakoitza  albiste horren gaiarekin uztartu behar izan dute, alegia, berri bakoitza zeri buruzkoa den edo zertaz aritu diren hizketan jakin behar izan dute; bigarren ariketan, berriz, horko esaldiak zein hiztunek esan edo aipatu dituen aukeratu behar izan dute, beti ere, dauden distraktoreak saihestuz. Ariketa bakoitzerako, behin entzun behar da entzungaia; azken finean, entzungai berak direnez, bi ariketak egitean, azkenerako, albiste bakoitza bi aldiz entzuten da. Nahi izatera, zuzendu ostean, berriro entzun daitezke. Oharra:

“Zaharrak berri”. Norbaitek “zer berri?” galdetzen dizunean, “zaharrak berri” erantzun diezaiokezu, ez dagoela berririk, ezer ez dela aldatu adierazteko. Gaztelaniazko “sin novedad” euskaraz modu txukunean adierazteko modua.

Texto

Descripción generada automáticamente

-  partizipioa + BEHARRIK zeramaten esaldiak ZERTAN + partizipioa + (-rik) erabiliz berridatzi behar zituztenez, ariketa hori zuzendu dugu, arbelean erantzun orria jarrita eta ordena desberdinak zilegi direla azalduz (eurei erantzun orriaren ale bana eman diet).

 

-  Egungo emakumeei buruzko ulermen-jarduera zuzendu dugu, Karmele Jaiorena, “Andreak” izenekoa. Bertan, ikasleek zenbait esaldi txertatu behar izan dituzte testuan, hiru distraktoreak saihestuz.

 

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi izango balu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-       Zuzendu berri dugun testuko esaldi parte bat hartu dugu abiapuntu:

“Ibiltzera ateratzen diren andre batzuk, hain doaz azkar, urteak atzetik segika dituztela ematen du.”

hain ikusten dira konbentzituta egiten ari direnaz, hain duin, beraien malla, zapatila eta ibiltzeko jakekin, gozamena ematen du haiek ikustea”.

Esaldi horiek aitzakiatzat hartuta, ondoriozko perpausen erabilera azaldu diet adibideen bidez. Ikus dezaketen bezala, egitura hauek guztiak dira erabilgarriak eta esanahi berekoak:

Kantitatea adieraziz:

HAINBESTE jende ibiltzen da Indiako trenetan,  pertsona batzuk ezin izaten dira bagoietan sartu.

HAINBESTE jende ibiltzen da Indiako trenetan, NON pertsona batzuk ezin izaten dira bagoietan sartu.

HAINBESTE jende ibiltzen da Indiako trenetan, EZEN pertsona batzuk ezin izaten dira bagoietan sartu.

HAINBESTE jende ibiltzen da Indiako trenetan, NON pertsona batzuk ezin izaten BAITira bagoietan sartu.

HAINBESTE jende ibiltzen da Indiako trenetan, NON pertsona batzuk ezin izaten dirEN bagoietan sartu.

HAINBESTE jende ibiltzen da Indiako trenetan, EZEN pertsona batzuk ezin izaten BAITira bagoietan sartu.

HAINBESTE jende ibiltzen da Indiako trenetan, EZEN pertsona batzuk ezin izaten dirEN bagoietan sartu.

Denak berdinak dira. Ikusten duzuenez, aukera anitz dituzue. Oker dagoen bakarra honako hau duzue, gaztelaniatik kalkatua izateagatik:

HAINBESTE jende ibiltzen da Indiako trenetan, pertsona batzuk ezin izaten dirELA bagoietan sartu (gaztelaniaren kalkoa delako, “anda tanta gente…que…”ren kalkoa, alegia, erderakada).

Kualitatea edo nolakotasuna adieraziz:

HAIN gustura gaude, pena ematen digu ikasturtea amaitzeak.

HAIN gustura gaude, NON pena ematen digu ikasturtea amaitzeak.

HAIN gustura gaude, EZEN pena ematen digu ikasturtea amaitzeak.

HAIN gustura gaude, NON pena ematen BAITigu ikasturtea amaitzeak.

HAIN gustura gaude, NON pena ematen diguN ikasturtea amaitzeak.

HAIN gustura gaude, EZEN pena ematen BAITigu ikasturtea amaitzeak.

HAIN gustura gaude, EZEN pena ematen diguN ikasturtea amaitzeak.

= HAIN gaude gustura,…

Denak berdinak dira. Oker dagoena honako hau da:

HAIN gustura gaude, pena ematen diguLA ikasturtea amaitzeak (erdarakada delako, “estamos tan agusto, que…”ren kalkoa).

HEMOS ESTUDIADO TANTO, QUE ESPERAMOS APROBAR EL EXAMEN J

Hainbeste ikasi dugu, azterketa gainditzea espero dugu.

Hainbeste ikasi dugu, NON azterketa gainditzea espero dugu.

Hainbeste ikasi dugu, EZEN azterketa gainditzea espero dugu.

Hainbeste ikasi dugu, NON azterketa gainditzea espero BAITugu.

Hainbeste ikasi dugu, NON azterketa gainditzea espero duguN.

Hainbeste ikasi dugu, EZEN azterketa gainditzea espero BAITugu.

Hainbeste ikasi dugu, EZEN azterketa gainditzea espero duguN.

Hainbeste Ikasi dugu, azterketa gainditzea espero duguLA.

-     Alegiazko Ahalera edo Hipotetikoa. Gramatika eta ariketak II liburuko 17. orrialdeko ariketetan zalantzarik izan duten galdetu eta, izan badituzte, argitu.

-    Ondoren,  Alegiazko Ahalera edo Hipotetikoarekin jarraitu dugu, baina erregimen edo sistema guztiak ikusi ditugu:

Nor

Nor-nori (3. pertsonak)

Nor-nork

Nor-nori-nork

Gramatika eta ariketak II liburuko 18. orrialdera jo dugu. Indikatibotik Ahalerako adizkietara igarotzeko urratsen berri eman diet sistemaz sistema. Horretarako, orri osagarria banatu diet (Orainaldiko Ahalerarekin egin nuen bezalaxe), urrats edo pauso horiek garbi ikus ditzaten. Azalpenerako Indikatiboko Orainalditik abiatu eta Orainaldiko Ahalerako adizkiak nola sortzen diren gogorarazi diet eta oroitarazi diet, halaber, hauek eta AHAL + Indikatiboa parekoak direla (nauzu > ikus NAZAKEZU = ikusi AHAL nauzu).

Ondoren, Alegiazko Ahalera edo Hipotetikoa nola eta nondik sortzen den eta formalki Orainaldiarekiko zer desberdintasun dituen azaldu diet.

               Lehenik, NOR.

               Gero, NOR-NORI (3. pertsonak baino ez).

               Ondoren, NOR-NORK. Azken hauetara heltzeko, bi bide dituzue:

               (a) Indikatibo lehenaldiko adizkietatik abiatu (ninduzun, zintudan, nuen, gintuzuen, niduten, zintugun…), amaierako –N kendu eta U > ZAKE bihurtu, edo

               (b) Ahalerako orainalditik abiatuta (nazakezu, zaitzaket, gaitzakezue…), orainaldiko A > INT bihurtu).

               Azkenik, NOR-NORI-NORK sistema. 

1.      Nor sistema: ninteke, gintezke, zintezke

2.      Nor-nori: Ahalerako orainaldian, DAKI-nori-KE > Hipotetikoan: LEKI-nori-KE: lekidake, lekizuke, lekizkiguke…(ikusiko ditugun bakarrak nor edo zer 3. pertsona dutenak – objektu singularra /plurala – direnez, denak hasiko zaizkigu L-rekin).

3.     Nor-nork: Hauetara heltzeko, bi bide:

a) Indikatibo lehenalditik abiatuta, U aditz  erroa > ZAKE eta Indikatiboko lehenaldiko aditzek amaieran izan ohi duten –N kendu (ninduzun > nintzakezu)

b) edo Ahalerako orainalditik abiatuta, A-ren ordez, -INT (nazakezu > nintzakezu).

Hirugarren pertsonek, L-,noski.

4.      Nor-nori-nork: Ahalerako orainaldian: DIEZA+ NORI + KE + NORK. Ahalera Hipotetikoan, NORK aurrera igaroko da (Indikatiboko nor-nori-nork aditzetan gertatzen den bezala: nion, zenidan, genizun, zenioten,…): Nork pertsona marka + IEZA + NORI pertsona marka  + KE + (TE): niezaioke, zeniezadake, geniezazkieke, zeniezagukete, liezazkioke… Beraz, orainaldian ez bezala, hipotetikoan desberdin hasiko zaizkigu adizkiak, subjektuaren edo nork kasuaren arabera. Horregatik dira hauek orainaldikoak baino askoz zailagoak. 

Azalpena egin ahala, Gramatika eta ariketak II liburuko 18. orrialdeko taulak banan-banan aztertu ditugu, astiro, zehatz-mehatz, taulaz taula, ikasleak orrialde horretako tauletako adizkien osaeraz ohar zitezen (pertsona marken kokalekua, zertan diren erregularrak eta zertan ez...). OHARRA: Ez dakit ikasleen liburuetan – agian argitaraldi desberdinekoak izango baitira – baina nirean, behintzat, azkeneko taula, NOR-NORI-NORK adizkiei dagokiena,  ez da zuzena, NOR-NORK taularen errepikapena baizik. Neuk banatu diet NOR-NORI-NORK adizkien taula.

-       AHOZKO BITARTEKOTZA

- Etxerako lanak:

-    Ondoriozko perpausak. Gramatika eta ariketak II liburuko 204-205. orrialdeetan daukazue teoria, 56. gaian, alegia (azalpena nahasia iruditzen zait, nik uste nahikoa duzuela adibideei erreparatzea. Konturatuko zarete adibide horietako aukerak nik ipini dizkizuedan berak direla).

-  Ondoren, ondoriozko egitura hauek (kontsekutiboak, gaztelaniaz) lantzeko, Gramatika eta ariketak II liburuko 206 eta 207. orrialdeetako ariketak egin. Hori bai, 2. ariketa ez egin (erantzun-orria baduzue, egin ahala zeuek zuzen ditzazuen).

-     Alegiazko Ahalera edo Hipotetikoa: Gramatika eta ariketak II liburuko 19. orrialdeko ariketak (erantzunak banatu dizkizuet).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-   Genero berdintasunaren gaian murgilduta, eta Historian zeresana eman duten emakumeen lana eta meritua aitortze aldera, Elbira edo Elbire Zipitriari buruzko ulermen jarduera. Zipitria bere garaian aitzindaria, aurrendaria, bide-urratzailea izan zen eta ikastolen sortzaileetako bat izan zela baiezta liteke.

EDONOIZ EGITEKO: ENTZUNAREN ULERMENA: Landa-eremua: “Bidea” dokumentala. Aritz Ganboa artzainari eta Xabier Unanue ilustratzaileari elkarrizketa egin diete Euskadi Irratian, bi hauek ekoiztu duten dokumental baten gainean. Itemak astiro irakur itzazue, bitan entzun eta, entzun ahala, egin aukeraketa zuzena.

EDONOIZ EGITEKO: Beste emakume aitzindari = aurrendari = bide-urratzaile bat: Remigia Etxarren. Berari buruzko cloze-testa (erantzunak eta azalpenak ere banatu dizkizuet, zuek zuzen dezazuen eta zuzentzeaz gain, nik idatzitako azalpenei arretaz errepara diezaiezuen): Remigia Etxarren, bizitza hari-harian.

EGINA IZAN BEHAR DUZUE:Genero berdintasunaren gaiari helduta, Josebe Iturriozi egindako elkarrizketa: Josebe Iturrioz: “Denok izan beharko genuke oso feminista”. Jarduera honetan, ikasleek erantzun bakoitzari dagokion galdera hautatu behar dute (258. fitxa).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

EGINA IZAN BEHAR DUZUE: Igogailuan izeneko ulermen-jarduera (246. fitxa)

JARRAITU EGITEN: EZEAN = EZIK // IZAN EZIK // a EZ EZIK, b ERE. Hiru hauen bereizten eta behar bezala erabiltzen treba zaitezten, 40 esaldi sortu dizkizuet, zuek berridatz ditzazuen (erantzun-orriak ere banatu dizkizuet). Nolanahi ere, denak egun berean ez egiteko aholkatzen dizuet, pixkanaka eginez joan zaiteztela. Norberak zuzentzekoa.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina