2025/04/04

B2.2 mailako 47. eskola, 2025eko apirilaren 3koa

 

47. eskola: 2025eko apirilaren 3koa

-   Orainaldiko Ahalera. Gramatika eta ariketak II liburuko 15. orrialdeko ariketetan zalantzarik baduten galdetu eta, hala balitz, argitu.

-   Indikatiboko adizkietatik abiatuta Orainaldiko Ahalerako adizkiak sortzeko urratsak gogorarazi dizkiet:

Nor orainaldiko adizkiak (ez dute zailtasunik eta honezkero badakizkizue). 14. orrialdeko lehenengo taulari erreparatu diogu.

 

Nor-nori orainaldikoak, singular nahiz pluralean (baina nor = zer 3. pertsona dutenak bakarrik) (14. orrialdeko 2. taula):  Indikatiboko orainaldiko    ZAI > DAKI bihurtzen da+ nori pertsona marka + -KE. Adib.: zait > dakiDAke; zaizu> dakiZUke; zaie > dakiEke; zaizkigu > dakizkiGUke; zaizkio > dakizkiOke… Adib.: mugikorra lurrera erori ahal zaizu = mugikorra lurrera eror_ dakiZUke; orain hartzen ez badituzu, giltzak bulegoan ahaztu ahal zaizkizu = …giltzak bulegoan ahaztu dakizkiZUke; eskale hori diru eske hurbildu ahal zaigu = eskale hori diru eske hurbil_ dakiGUke      

                               

Nor-nork orainaldikoak: horretarako, Indikatiboko erroa -U- automatikoki   –ZAKE bihurtzen da. Gainerakoan, ez da ezer aldatzen, ez pertsona marken ordena, ez deus. 14. orrialdeko 3. taulako adizkiei banan-banan erreparatu diegu, ikasleak ohar daitezen, alde batetik, aipatutako aldaketa hori gertatu dela denetan (Indikatiboko U> ahalerako ZAKE) eta, bestetik, pertsonen markek Indikatiboko orainaldiko nor-nork adizkietako ordena bera jarraitzen dutela, hau da,  hasieran nor pertsona markak datozela eta amaieran, nork edo subjektuaren markak. Adib.: naUzu > naZAKEzu; zaitUgu > zaitZAKEgu; dUzu > deZAKEzu; gaitUzte > gaitZAKEte; zaitUztet > zaitZAKEtet; ditUzue > ditZAKEzue… Adib.: Eraman ahal naUzu autoz eskolaraino? = Eraman naZAKEzu autoz eskolaraino?; nahi baduzu, guk zu bazkaltzera gonbidatu ahal zaitUgu = …guk zu bazkaltzera gonbida­_ zaitZAKEgu; irakasleak ariketak egitera derrigortu ahal gaitU = irakasleak ariketak egitera derrigor_ gaitZAKE > haiek zuek  haserrarazi ahal zaitUztete > haiek zuek haserraraz_ zaitZAKEtete 

 

Nor-nori-nork orainaldikoak. Aditz hauek nola daude osatuta Indikatiboko orainaldian? Lehenik, NOR=ZER (beti 3. pertsona, singularra nahiz plurala); gero, NORI pertsona morfema eta, azkenik, NORK edo subjetuaren marka: dizut, didazu, diguzu, diet, diegu…Ordena horretatik datorkio aditzari NOR-NORI-NORK izena. Ba ahaleran ez dugu ordena aldatuko. Bi aldaketatxo bakarrik egingo ditugu: DI horri –EZA gehituko diogu (pluralean ere bai) eta NORI eta NORK pertsona marken artean, -KE tartekatuko dugu:        Beraz:    DIEZA(zki) + NORI pertsona marka + KE + NORK pertsona marka. (14. orrialdeko laugarren taula) Adib: dizut > diEZAzuKEt; diguzue > diEZAguKEzue; didate > diEZAdaKEte; dio > diEZAioKE; dizuegu > diEZAzueKEgu… Adib.: Dabid, fotokopia bat eman ahal didazu? = Dabid, fotokopia bat eman diEZAdaKEzu?; nik zuei materiala blogean ipini ahal dizuet = nik zuei materiala blogean ipin_ diEZAzueKEt; haiek guri lagundu ahal digute = haiek guri lagun_ diEZAguKEte; zuk guri zalantzak argitu ahal dizkiguzu = zuk guri zalantzak argi_ diEZAzkiguKEzu; haiek haiei apunteak utzi ahal dizkiete = haiek haiei apunteak utz_ diEZAzkieKEte

-   Orainaldiko Ahalerak eragiten dizkigun buruhausteak! Urrats horiek gogorarazi ahala, NOR, NOR-NORI, NOR-NORK eta NOR-NORI-NORK sistemak banan-banan lantzeko bidali nien ariketa zuzendu dugu.

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi izanez gero, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-  Gaurkoan Gramatika eta ariketak II liburuko 16. orrialdera jo dugu. Bertan dugu  AHALERA HIPOTETIKOA edo ALEGIAZKO AHALERA: izan eta ukan (3. pertsonak baino ez). Taula bat prestatu diet azalpenekin. Ohar bitez, baldintza hipotetikoan gertatzen den bezalaxe,  Ahalera Hipotetikoan ere 3. pertsonek L- daramatela hasieran, alegiazko adizkiak edo hipotetikoak diren seinale:

Hura gurekin etor_ LITEKE.

Haiek hitzaldia entzutera joan_ LITEZKE, gaia oso interesgarria iruditzen zaielako.

Hark ogia ekar_ LEZAKE otorduetarako.

Hark azukrerik gabeko galletak ekar_ LITZAKE gosaltzeko.

Haiek jauregi hori eros_ LEZAKETE diruz ongi baitabiltza.

Haiek luxuzko bitxiak eros_ LITZAKETE bitxi-denda ospetsu horretan.

Alegiazko Ahalera edo Hipotetikoa – Orainaldiarekin alderatzen badugu – noiz edo zertarako erabiltzen da?

 

a) Alde batetik, zerbait gertatzeko orainaldian baino aukera gutxiago dagoenean edo norbaitek zerbait egiteko daukan ahalmena hain garbi ez dagoenean, zalantzazkoagoa denean:

Adituen esanetan, datozen urteetan koronabirusaren aldaera desberdinak ager_ LITEZKE (“podrían aparecer”).

Klima aldaketaren ondorioz, gero eta hondamendi natural gehiago gerta_ LITEZKE (“podrían suceder”).

Lanpostu horretan jarduteko, ni egokia izan NINTEKE.

Horrela jokatzen jarraituz gero (=jarraituko bagenu), denon artean hainbat animalia-espezie desagerraraz_ GENEZAKE (“podríamos hacer desaparecer…”).

 

b) Bestetik, baimenak nahiz mesedeak kortesiaz edo era leunean (modu “edukatuan”) eskatzeko erabiltzen da:

 

BAIMENA:

Ireki dezaket leihoa? (gure artean konfiantza handia baldin badago) (“puedo abrir? “can I open?”).

Ireki nezake leihoa? (adibidez, ezagutzen ez dudan jendearekin    nagoenean) (“podría abrir?” “could I open?”). 

MESEDEA:

Etor zaitezke nirekin gauza bat ikustera?  Ken dezakezu autoa hortik? (adibidez, ikaskide bati esango nioke).

Etor zintezke nirekin gauza bat ikustera? Ken zenezake autoa hortik?(adibidez, ezagutzen ez dudan norbaitek bere autoa nirearen parean utziko  balu). 

c) Planak egiteko:

Datorren asteburuan Soriara joan GAITEZKE / GINTEZKE eta han txerrikumea proba DEZAKEGU / GENEZAKE eta onddoak nahiz boilurrak bil DITZAKEGU / GENITZAKE.             

OHARRA: praktikan, batez ere, planak edo proposamenak egiten ditugunean, orainaldikoak eta alegiazkoak berdintsuak dira, hots, neutralizatu egiten da bien arteko aldea eta, beraz, nahas genitzake gure planei buruz ari garenean. Adib: Datorren asteburuan Tuterara joan gintezke = gaitezke eta han zainzuriak, kukuluak  eta orburuak eros ditzakegu = genitzake.

-   Edertasuna izeneko ulermen-jarduera – testua zenbait esaldi eta zatirekin osatzean datzana – zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez.

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi izanez gero, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

- Joan den egunean honako egituraok azaldu genituen:

EZ DAUKAZU (=EZ DUZU) + partizipioa + BEHARRIK

= EZ DAUKAZU (= EZ DUZU) + ZERTAN + partizipioa + (-rik)

Hona hemen ohiko adibide bat:

Opari hori niretzat da??? Jooooo, EZ ZENEUKAN (=EZ ZENUEN) ezer oparitu BEHARRIK !!

= EZ ZENEUKAN (=EZ ZENUEN) ZERTAN ezer oparitu(rik) !!

Bi esaldi horietan ez dago opariak egiteko debekurik, iradokizuna baizik, hau da, ez zela beharrezkoa opari hori egitea.

Baina…

Klasean zaudeten bitartean, EZ DUZUE mugikorra erabili BEHAR.

Esaldi honetan badago debekua edo ezintasuna, debekatuta dago mugikorra erabiltzea, ezin da erabili. 

-       BEHAR vs. BEHARRIK arteko aldea ulertu duten jakiteko, 9 esalditan aukeraketa egokia egin behar zuten. Ariketa zuzendu dugu, beharrezko azalpenak emanez. Ulertu dutela dirudi. 

Esaldi horietako batean agertu zaigu “erosi BERRI duzu”. Hona hemen zenbait sinonimo: 

            Erosi BERRI_ duzu , erosi BERRIA da (partizipioa + BERRI(A))

            = Orain dela gutxi erosi duzu

            = Orain gutxi erosi duzu

            = Duela gutxi erosi duzu

            = Berriki erosi duzu

            = Oraintsu erosi duzu

 

-       ENTZUNAREN ULERMENA: Zer berri? 1. Zazpi albistetxo entzun dituzte eta  bi ariketa egin. Lehenengoan, albiste bakoitza  albiste horren gaiarekin uztartu behar izan dute, alegia, berri bakoitza zeri buruzkoa den edo zertaz aritu diren hizketan jakin behar izan dute; bigarren ariketan, berriz, horko esaldiak zein hiztunek esan edo aipatu dituen aukeratu behar izan dute. Ariketa bakoitzerako, behin entzun behar da entzungaia; azken finean, entzungai berak direnez, bi ariketak egitean, azkenerako, albiste bakoitza bi aldiz entzuten da. Nahi izatera, zuzendu ostean, berriro entzun daitezke. Oharrak:

“Zaharrak berri”. Norbaitek “zer berri?” galdetzen dizunean, “zaharrak berri” erantzun diezaiokezu, ez dagoela berririk, ezer ez dela aldatu adierazteko. Gaztelaniazko “sin novedad” euskaraz modu txukunean adierazteko modua.

- Etxerako lanak:

1.  partizipioa + BEHARRIK zeramaten esaldiak ZERTAN + partizipioa + (-rik) erabiliz berridatzi.

2. Andreak (Karmele Jaio) izeneko ulermen-jarduera.

 OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

3. Gramatika eta ariketak II liburuko 17. orrialdeko ariketak, Alegiazko Ahalera edo Hipotetikoa lantzekoak. Ez dut uste arazo handirik izango duzuenik, denak baitira IZAN edo UKAN (3. pertsona). Egin eta zuek zuzendu, gaur banatu dizuedan erantzun-orriarekin.

4. Alegiazko Ahalera edo Hipotetikoa lantzeko indartze ariketa (NOR eta NOR-NORK 3. pertsona errepasatzekoak). Hauekin ere ez dut uste zailtasun handirik izango duzuenik hauek egiteko, maila baxuagoetan jada lantzen baitira (hurrengo egunean, sistema guztiak ikusiko ditugu eta haiek bai, haiek  zailagoak dira).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

5.Historiako emakume aipagarri horiek…” izeneko jarduera. Bakarrizketa prestatu.

6. ENTZUNAREN ULERMENA: Landa-eremua: “Bidea” dokumentala. Aritz Ganboa artzainari eta Xabier Unanue ilustratzaileari elkarrizketa egin diete Euskadi Irratian, bi hauek ekoiztu duten dokumental baten gainean. Itemak astiro irakur itzazue, bitan entzun eta, entzun ahala, egin aukeraketa zuzena. ERANTZUNAK HURRENGO EGUNEAN EMANGO DIZKIZUET.

7. Beste emakume aitzindari = aurrendari = bide-urratzaile bat: Remigia Etxarren. Berari buruzko cloze-testa (erantzunak eta azalpenak ere banatu dizkizuet, zuek zuzen dezazuen eta zuzentzeaz gain, nik idatzitako azalpenei arretaz errepara diezaiezuen): Remigia Etxarren, bizitza hari-harian.

8. Idazlana: bitartekotza: Naimarentzako WhatsApp-a.

EGINA IZAN BEHAR DUZUE: Izenorde bihurkariak errepasatzeko ariketa (erantzun-orria atzean dute).

EGINA IZAN BEHAR DUZUE:Genero berdintasunaren gaiari helduta, Josebe Iturriozi egindako elkarrizketa: Josebe Iturrioz: “Denok izan beharko genuke oso feminista”. Jarduera honetan, ikasleek erantzun bakoitzari dagokion galdera hautatu behar dute (258. fitxa).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

EGINA IZAN BEHAR DUZUE: Igogailuan izeneko ulermen-jarduera (246. fitxa)

AUKERAKO JARDUERA: Errusian haur bat adoptatzearen abentura. Haurdunaldi subrogatura edo intseminaziora jo beharrean, bada beste hautabide bat: adopzioa. Familia ereduei eta haurrak izateari nahiz adoptatzeari buruz ari garenez, Errusiako haurren adopzioarekin lotutako jarduera-sorta honetan:

o   lehenik, albiste bat entzun behar duzue (blogean entzungai) eta entzungai horrekin bi ariketa egin behar dituzue (lehenengoan, erreportajea ondoen laburbiltzen duen esaldia hautatu, eta bigarrenean, a), b) eta c) artean aukeratu);

o   ondoren, kontrastea adierazteko egituren adibideak biltzen dituen taula arretaz irakurri behar duzue eta sei esaldi berridatzi beharko dituzue kontzesiboak erabiliz.

Albistearen laburpena: Blokeoa bertan behera utzi dute = indargabetu dute = baliogabetu dute eta horrek adopzio prozesua arindu eta azkartu du, baina txanponak badu bere IFRENTZUA: bikote homosexualek edo guraso bakarrek adoptatu ezinik jarraitzen dute.

JARRAITU EGITEN: EZEAN = EZIK // IZAN EZIK // a EZ EZIK, b ERE. Hiru hauen bereizten eta behar bezala erabiltzen treba zaitezten, 40 esaldi sortu dizkizuet, zuek berridatz ditzazuen (erantzun-orriak ere banatu dizkizuet). Nolanahi ere, denak egun berean ez egiteko aholkatzen dizuet, pixkanaka eginez joan zaiteztela. Norberak zuzentzekoa.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

HITZEN BUZOIA