Musikaz eta udazkeneko paisaiaz goza dezazuen...
2023/10/27
B2.2 mailako 8. eskola, 2023ko urriaren 26koa
8.
eskola: 2023ko urriaren 26koa
- ENTZUNAREN ULERMENA: Udazken
koloretan: hostoak orbel bihurtzen diren urtaroa (x0.9). Itemak
gogorarazi ostean, behin entzun dugu (etxean entzuna izan behar lukete) eta
jarduera zuzendu dugu.
OHARRA: Norbaitek entzunaren ulermen-jarduera hau berriro egin
nahi badu, blogean izango du eskuragarri, bai ohiko formatuan, bai H5P
formatuan (interaktiboa).
Oharrak:
Mugagabea + bihurtu = bilakatu:
“ikuskizun_ bilakatzen da” eta ez “ikuskizun batean bilakatzen
da” (“se convierte en un espectáculo”ren kalkoa)
Gai izan = gauza izan + -T(z)EKO. Ni gai naiz = ni
gauza naiz ingelesez jariotasun handiz hitz egiteko.
Urtaro: Urte
+ aro. Urtaroa = urte-sasoia = urte-garaia. “Aro” hitza duen hitz konposatu
gehiago ere badira euskaraz: haurtzaro, Erdi Aro, gaztaro, izotz-aro…
Hostoa / orbela: “Orbela” da zuhaitzetatik eroritako hosto ihartuen multzoa.
- ENTZUNAREN ULERMENA (II): Zer berri? 2. Sei albistetxo entzun dituzte eta bi ariketa egin. Lehenengoan, albiste bakoitza albiste horren gaiarekin uztartu behar izan dute, alegia, berri bakoitza zeri buruzkoa den edo zertaz aritu diren hizketan jakin behar izan dute; bigarren ariketan, berriz, horko esaldiak zein hiztunek esan edo aipatu dituen aukeratu behar izan dute. Ariketa bakoitzerako, behin entzun behar da entzungaia; azken finean, entzungai berak direnez, bi ariketak egitean, azkenerako, albiste bakoitza bi aldiz entzuten da. Nahi izatera, zuzendu ostean, berriro entzun daitezke. Oharrak:
“Zaharrak berri”. Norbaitek “zer berri?” galdetzen dizunean, “zaharrak berri” erantzun diezaiokezu, ez dagoela berririk, ezer ez dela aldatu adierazteko. Gaztelaniazko “sin novedad” euskaraz modu txukunean adierazteko modua.
NORTAZ kasuan ohiko akatsa izaten da izenei
-TAZ kasu marka jartzea, pluralean, batik bat: amataz, umeetaz, loreetaz,
arazoetaz… hitz egingo dugu. Oker dago. Singularrean -AZ da kasu
marka eta pluralean, -EZ: amaz, umeez, loreez, arazoez…hitz egingo dugu.
-TAZ izenordeetan bakarrik erabili behar da: nitaz, zutaz, gutaz, honetaz, horietaz, hauetaz, hartaz…
- Identifikazio pertsonalari buruzko gure lehenengo gai
honetan, euskaldunak ditugu hizpide, eta horien artean, euskaldun bereziak, bitxiak, ez-ohikoak: Altzoko Handia, agoteak
eta, oraingoan, Pernando Amezketarra. Ez
dakigu berari egozten (=leporatzen) zaizkion pasadizo xelebre eta barregarri guztiak egiazkoak
diren ala ez, baina ukaezina (ukatu ezin dena) da gizon xelebrea izan zela.
Amezketakoa zen Fernando Amezketarra, hamaika pasadizo, bitxikeria edo
xelebrekeria bizi eta egin izandako amezketarra. Fernando
Amezketarra: Elkar ezin ikusi izeneko pasadizoa biltzen duen testua
zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Ikasleek testua deklinabide
kasu egokiekin osatu behar zuten. Oharrak:
· “Erosleak bi astoAK erosi zituen” (plurala:
“los dos burros”). Kasu honetan,
zenbaki batekin agertu arren, hitza pluralean
deklinatua dago, bi astoak konkretuak direlako, ezagunak (testuan lehenago
agertu direnak). “Bi asto__ erosi
zituen” (mugagabea: “dos burros”) esango bagenu, horrek adieraziko luke
asto gehiago zeudela salgai eta berak horietako bi aukeratu zituela.
Honek emaniko aitzakia baliatuta, mugagabearen erabilerari buruzko 5. puntua, zenbakiekikoa, azaldu diet:
ZENBATZAILE ZEHAZTUEKIN edo ZENBAKIEKIN
(bi, hiru, zazpi, hamar, hogeita bi...) mugagabea
erabiltzen da askotan:
Bi lagun_ hil dira atzo goizaldeko istripuan.
Bost herriTAN izango dira jaiak datorren
asteburuan.
Hogei ikasleK gainditu dute azterketa eta beste horrenbestek, ez.
OHARRA: honek ez du esan nahi zenbaki bat ikusten dugun bakoitzean mugagabea erabili behar denik; posible da plurala ere erabiltzea, baina esanahi desberdinarekin:
Auzoko hiru etxeTAN
(mugagabea) gertatu dira lapurretak (“en 3
casas”).
Auzoko hiru etxeETAN
(plurala) gertatu dira lapurretak (“en
las 3 casas”, alegia, honek esan nahi du gure auzoan hiru etxe daudela).
Gaur hogei bizilagun_ (mugagabea) bildu dira auzokideen
bileran (“20 vecinos”).
Gaur hogei bizilagunAK (plurala) bildu dira auzokideen bileran (“los 20 vecinos”.
Horrek esan nahi du, guztira 20 garela eraikinean).
Bi ikasleK (mugagabea) gainditu dute iraileko azterketa (“2
alumnos/as”).
(Azterketara aurkeztu diren) Bi ikasleEK (plurala)
gainditu dute iraileko
azterketa (“los 2 alumnos/as”, alegia, ezagunak, konkretuak dira, aurkeztu
diren guztiak).
Erriberriko (Olite)
kanpinean bi igerileku_ (mugagabea) (“dos piscinas”) daude eta bi
igerilekuAK (plurala) (“las dos piscinas”), kanpoaldean daude.
Hiru seme_ (mugagabea) (“tres hijos”) dauzka eta hiru semeAK (plurala) (“los tres hijos”) aitarekin aritzen
dira lanean.
Istripuan bost lagun_
(mugagabea) (“cinco personas”) zauritu dira eta bost laguAK = bostAK
(plurala) (“las cinco personas” edo “las cinco”) erietxera eraman dituzte ziztu
bizian.
Pernando Amezketarrak bere ukuiluan bi asto_ (mugagabea) (“dos burros”) zeuzkan eta bi astoAK (plurala) (“los dos burros”) azokara eraman zituen saltzeko asmoz.
Ikusten duzuenez, ohikoa izaten da lehenengo aurkezpena mugagabean izatea, ezezagunak direlako, baina gero, plurala erabiltzea, jada konkretuak edo ezagunak direlako.
OHARRA: Norbaitek deklinabidea lantzeko jarduera hau berriro egin nahi badu, blogean izango du eskuragarri, bai ohiko formatuan, bai H5P formatuan (interaktiboa). OHARRA!!! H5P formatuan eginez gero, letra larriak erabili!!! (-AK, -A, -EK, -EI…)
- Erlatibozko perpausen azalpena. Erlatibozko perpausen
teoriako punturik esanguratsuenak azaldu dizkiet, nahiz eta aurretiaz teoria osoa etxean irakurria
izan behar luketen (irakurria ez badute, irakur dezatela). Gramatika eta ariketak II, liburuko 40. gaia (152 eta 153. orrialdeetan datorrena) eta 41.a
azaldu dizkiet (156. eta 157. orrialdeetakoa):
§
152. orrialdeko
A (sarrera,
erlatibozkoaren funtzioa: ondoan daraman izena zehaztea) atala.
§
B (ordena:
-(e)N + ondokoa) atala.
§
C (ezezko erlatiboen ordena) atala.
§
153. orrialdeko D (ondoko osagaiaren deklinabide kasua) atala.
§ 156. orrialdeko
A (ondokoa isiltzea eta honen ondorioa) atala.
§ B (-tako = -riko) atala. B atalari dagokionez (-TAKO eta –®IKO erlatibozkoak) zera azaldu diet:
· Bi hauek partizipioarekin
erabiltzen dira eta ez aditz jokatuekin:
ikusiTAKO, eginDAKO, erabiliTAKO…
· Anbiguotasun
oro saihesteko edo ekiditeko, testuinguruak argitzen ez duenean, komeni da
espreski tartean diren pertsonak eta aldia – subjektua, nori kasua, aldia…
– adieraztea pertsona
izenordeak nahiz denbora aditzondoak
erabiliz: “Zuk niri erosiTAKO oparia” (=”erosi didazuN oparia”).
· Erlatibozko hauek erabiltzeko ekintzak amaitua egon behar due, burutua, bukatua, alegia. Beraz, oraintxe gertatzen ari dena, sarritan gertatzen dena edo etorkizunean gertatuko dena adierazteko ezingo ditugu bi egitura hauek erabili. Berariaz prestatutako adibideak banatu dizkiet azalpena ulertzeko lagungarri gerta dakizkien.
Dena den, neure azalpenerako, berariaz prestatutako txostena banatu diet, liburuko teoriaren osagarri eta argigarri.
-
Etxerako lanak:
o Erlatibozko perpausak lantzen I. Ikasleek, gaurko azalpenean azpimarratu ditudan puntuak kontuan izanik (erlatibozkoen ordena, ezezkoena eta aditz nagusiarekiko komunztadura…), bi esaldi lotuz erlatibozkoak osatu behar dituzte.
o
Galderak
beste Donostia horretara deritzon jarduera, testua, bertatik ateratako
22 hitzekin osatzekoa (lexiko-jarduera).
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
o
“Maite Bilbao: Gerora konturatzen zara
zenbat irabazten duzun euskara jakinda”(IU). Lehenengo gai honetan –
identifikazio pertsonala – euskaldunoi buruz ari gara. Euskal Herritik kanpo ere badira euskaldunak, Argentinan, esaterako.
Gure hurrengo protagonista jaiotzez argentinarra den arren, euskara irakasle (bezala)
aritzen da (=irakasle jarduten du = irakasle lan egiten du) Hernanin. Berari
eginiko elkarrizketan, testutik ateratako hainbat esaldi txerta ditzatela
hutsune egokietan, distraktoreak saihestuz.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
-
Oraindik
egina ez baduzue…
o
INDARTZE-ARIKETA: Egunotan ikusitako zenbait egitura
errepasatzeko, indartze-ariketa: Ahozkotasuna lantzearen garrantzia testutik
ateratako hamar berridazketen parekoak. Benetan gomendagarria deritzot ariketa
hau egiteari.