2023/10/07

B2.2 mailako 3. eskola, 2023ko urriaren 5ekoa

 

3.      eskola: 2023ko urriaren 5ekoa

-      Hasteko, –T(Z)EA nominalizazioaren (amaitu gabeko ekintza) eta IZANA partizipioaren (ekintza amaitua) arteko aldea gogorarazi diet, adibide hauen bidez:

·         (Zer) + Sentitzen dut afarira ez joaTEA (afaria datorren asteburuan izango da)   /   Sentitzen dut afarira joan ez IZANA (afaria joan den larunbatean izan zen).

·     (Zer) + Eskertzen dizut ikastolako gurasoen bilerara joan IZANA, nik ezin bainuen (bilera joan den astean izan zen)   /   Eskertuko nizuke nire ordez ikastolako gurasoen bilerara joaTEA, ni ezin izango bainaiz joan (bilera gaur arratsaldean izango da).

·         (Zertaz) + Damutuko zara  etxe hori ez erosTEAZ. Birritan pentsatu gabe, erosi!! (Kristoren mauka = pagotxa da)   /   Ederki damututa nago aukera izan nuenean etxe hura erosi ez IZANAZ, ordutik etxebizitzen prezioak gora egin baitu nabarmen.

·       (Zerk) + Pozten nau zurekin bidaiaTZEAK (zerk). Ea elkarrekin ondo konpontzen (=moldatzen) garen! (eramaten garen)   /   Pozten nau zurekin bidaiatu IZANAK (zerk). Zein ondo konpondu (=moldatu) garen elkarrekin! Hurrengo bidaia ere elkarrekin egin genezake!

·    (Zerk) + Ilusio handia egiten dit aspaldiko partez zurekin egoTEAK.   / Ilusio handia egin zidan egun hartan zurekin egon IZANAK (zerk). Zenbat txutxu-mutxu kontatu genion elkarri!! A-zer hitz-aspertua egin genuena!

·         (Zerk) + Kalte egin zidan perretxiko haiek jan izanaKKK (zerk egin zidan kalte?) (ekintza amaitua, lehenaldian).

·    (Zerk) + Kalte egin dit perretxiko horiek jan izanaKKK (zerk egin dit kalte?) (ekintza amaitua, gaur goizean, esaterako).

·  (Zerk?)+ Kalte egiten dit perretxikoak jaTEAKKK (zerk egiten dit kalte?) (ohiturazko ekintza eta, beraz, amaitu gabea).

·  (Zerk?) +Kalte egingo dit perretxikoak jaTEAKKK (zerk egingo dit kalte?) (geroaldia, eta beraz, gertatu gabea).

-          Laburbilduz, honako honetaz ohartarazi ditut:

1.      alde batetik, ekintza amaitua dagoen ala ez erreparatu behar diotela ikasleek, -T(z)EA ala IZANA hautatzeko

2.  eta, bestetik, aditzari arretaz erreparatu behar diotela, aditz horrekin doan nominalizazioak esaldian zein deklinabide kasu eraman behar duen (zer, zerk, zertaz…) kontuan izateko. Adibidez:

Pozten naiz zu ezaguTZEAZ (zertaz) = Pozten nau zu ezaguTZEAK (zerk) (bietan ekintza amaitu gabe dago, une honetan ari da gertatzen).

Pozten naiz zu ezagutu izanAZ (zertaz) = Pozten nau zu ezagutu izanAK (zerk)  (bietan ekintza amaitua, bukatua dago).

Ezker-eskubiko bi adibideak parekoak dira, baliokideak. Aldea gramatikala da: NAU aditza nor-nork aditz bat denez, NORK edo ZERK kasua eskatzen du derrigorrez.

-       Jarraian, -T(Z)EA nominalizazioa eta PARTIZIPIOA + IZANA arteko aldea lantzeko berariaz prestatu nien ariketa zuzendu dugu. Astiro zuzendu dugu, beharrezko azalpenak emanez.

OHARRA: Ariketa hau berriro egin nahi duenak blogean izango du eskuragarri H5P formatuan (interaktiboa).

- ENTZUNAREN ULERMENA: Hezkuntza eleanitz bateruntz. Jasone Cenoz Hezkuntza Zientzietako katedraduna da eta EHUko ikertzailea. Hezkuntza eleanitz bateruntz izeneko liburua argitaratu (=plazaratu) du eta saritua izan da. Liburu horretan Euskal Herriko hezkuntza eleaniztuna[1] aztertu du. Itemak azaldu nizkien joan den egunean eta etxean bitan entzun zezatela esan nien. Gaurkoan, entzun ahala, zuzendu egin dugu, beharrezko azalpenak emanez.

OHARRA: Ariketa hau berriro egin nahi duenak blogean izango du eskuragarri H5P formatuan (interaktiboa).

-  Hizkuntzak ikastea (IU) izeneko ulermen jarduera egin dugu klasean. Paragrafo bakoitzaren hasierako esaldia hautatu behar izan dute ikasleek, kontuan izanik lehenengo esaldi horrek eta jarraian datorrenak koherentzia edo ideien arteko lotura gorde behar duela. Zuzenean egin dugu, ozenki. Ikasleek paragrafo bakoitza irakurri ondoren, nik neure hitzekin laburbildu diet eta minutu pare bat utzi diet eurek paragrafo horren hasierako esaldia hauta zezaten. Zuzendu ahala, hainbat azalpen eman diet (kopia bana dute):

1.      Subjuntiboaren erabilera HELBURUZKO perpausak egiteko.

“Gaur egungo mundu globalizatuan gero eta beharrezkoagoa da hizkuntzen ezagutza herrialde desberdinetako herritarrak elkarrekin komunika_ DAITEZEN (=komunikatzeko)”.

2.  EKIN aditzaren adiera (=hasi) eta erabilera (beti darama NORI edo ZERI kasua).

“…euren ama hizkuntza ez den beste hizkuntzaren bat ikasTEARI ekiten DIOTE (=ikasTEN hasten dira)”.

3.      -T(z)EAR nominalizazioa (=-T(z)EKOTAN = -T(z)EKO ZORIAN = -T(z)EKO ARRISKUAN).

“Hauek normalean hizkuntza bitxiak, galTZEAR (=galtzekotan = galtzeko zorian) daudenak  edo modan ez daudenak aukeratzen dituzte, sanskritoa eta grekera klasikoa, esaterako”.

4.      X BAINO EZ = X BAIZIK EZ = X BESTERIK EZ = X BAKARRIK.

“Hizkuntza bat ikasteak edota menderatzeak onurak BAINO EZ dakartza “.

5. “Arestian (=lehentxeago = gorago) aipatu dudan bezala” TESTU ANTOLATZAILEA.

6.      PARTIZIPIOA + EZEAN = PARTIZIPIOA + EZIK. Ezezko baldintzak egiteko “komodina”.

“Derrigorrezko ikasketak amaitutakoan, hizkuntza horiek ikasten jarraitu EZEAN = jarraitu EZIK (=jarraitzen ez badute), ikasitakoa herdoiltzen eta ahazten zaie”.

7.      EGOKITU aditzaren forma TRINKOAren BI ERABILERAK (aditz gisa / testu antolatzaile gisa).

-          Aditz gisara erabil daiteke:

Objektu sing. (zer): dagokit, dagokik /n, dagokio, dagokigu, dagokizu, dagokizue, dagokie.

Obj. plurala (zer): dagoZkit, dagoZkik /n, dagoZkio, dagoZkigu, dagoZkizu, dagoZkizue, dagoZkie).

-       Testu antolatzaile gisako erabilera: Sukaldeari dagokionez, komunari dagokionez, kopuruari dagokionez, arrazoiei dagokienez…) (“con respecto a…”).

Bai erabilera batean, bai bestean, NORI edo ZERI kasua eskatzen du aurrean:

OHARRA: Ariketa hau berriro egin nahi duenak blogean izango du eskuragarri H5P formatuan (interaktiboa).

-          Etxerako lanak:

o   Ahozkotasuna lantzearen garrantzia. Testutik ateratako hamar esaldi berridatzi behar dituzte ikasleek, nik emandako lexiko nahiz gramatika egitura erabiliz.

o   Lehen eskola eguna izeneko ariketa, erlatibozkoak lantzekoa. Ikasleek gure HEOeko ikasgela batekoa litzatekeen irudi bat abiapuntutzat harturik, erlatibozko perpaus libreak egin behar dituzte, nahi adina, ahal duten irudimentsuen jokatuz. Adib.: Betaurrekoak daramatzaN ikaslea horman idazten ari dENAREKIN hizketan ari da.



[1] Eleaniztun(a): ele (hizkuntza) + anitz (asko): hizkuntza asko hitz egiten dituena: multilingüe, políglota / Elebidun(a): bi hizkuntza hitz egiten dituena: bilingüe. Elebakar(ra): hizkuntza bakarra hitz egiten duena.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina