2023/10/26

B2.2 mailako 7. eskola, 2023ko urriaren 24koa

 

7.      eskola: 2023ko urriaren 24koa

-    Beldurrik gabe hartu behar dugu turismoa. Altzoko alkateari Altzoko Handiaren gainean egindako elkarrizketarekin osatutako cloze-testa zuzendu dugu, beharrezko azalpenak emanez. Ikasleei ohar horiek biltzen dituen orria banatu diet, kopiatzen aritu beharrik ez izateko. Jarduera zuzendu ahala, ohar horiei egin diet erreferentzia, azalpenak emateko.

1.      NORENA + EGIN: paper, rol edo funtzio hori egitea esan nahi du. TontoARENA egin arren, oso mutil azkarra da Mikel. Ikasle horrek txuleta bat daukan arren, irakasleak ez ikusiARENA egin du, bere ikasle kuttuna baita. Pedro Sanchezi dimisioa emateko eskatzen badiote ere, berak ez entzunARENA egiten du. Zure haurra beti ari da pailazoARENA egiten. Eguberrietako antzezlanean, nik San JoseRENA egingo dut; zuk, berriz, JexuxitoRENA.

2. MUGAGABEA + IZENDATU: Aditz berezi hauekin bigarren objektua (zer edo nor) mugagabean deklinatzen da: Bihurtu = bilakatu, aukeratu = hautatu, izendatu, sartu, bidali, joan, kontratatu, hartu... Aditz hauek bi NOR  edo ZER eramaten dituzte eta bigarrena mugagabean agertzen da.

-          Musu eman zionean, igela (1. nor) printze (2. nor edo zer) bihurtu zen (printzea, printzean, printze batean bihurtu zen).

-          Eraikin hori (1. zer) ostatu (2. zer) bihurtzea erabaki du udalak (ostatua, ostatuan, ostatu batean bihurtzea)

-          Mutil hori (1. nor) morroi (2. nor edo zer) joan da Alkizako baserri batera (morroi bezala joan da).

-          Mikel (1. nor) alkate (2. nor edo zer) izendatu dute (alkatea).

-          Neska hau (1. nor) gelako ordezkari (2. nor edo zer) aukeratu dute (ordezkaria).

-          Gure osaba (1. nor) fraile (2. nor edo zer) sartu da Arantzazun (frailea)

-          Zuen etxean neska ekuadortar bat (1. nor) hartu duzue neskame (2. nor edo zer) (neskame bezala hartu duzue).

3. ALDEZ EDO MOLDEZ = NOLA EDO HALA = NOLA HALA: “ modu batera edo bestera” adierazten du. Ikasturte hau gogorra den arren, gainditu behar dut aldez edo moldez.

4. –TZEKO + ASMOA (nominalizazioa).

5. NORI edo ZERI + AURRE EGIN: “kontra egitea, aurka egitea” esan nahi du. Irakasleak leihoa ireki du beroARI AURRE EGITEKO. Arazoak baldin badituzu, arazoEI AURRE EGIN behar diezu, negar egin beharrean. Zailtasun asko topatu zituen bere bidaian, baina AURRE EGIN zien zailtasun guztiEI.  

6. HAINBAT + MUGAGABEA: “asko” edo “ugari”ren sinonimoa da “hainbat”. Mugagabean deklinatzen da edota ondoko izena mugagabean deklinatzera behartzen du: Hainbat_ (lagun_) bildu da asteburu honetan Bartzelonako kaleetan.

7. ZEIN = NAHIZ. Bi osagai edo gehiago elkartzeko balio dute. “nahiz” edo “zein” “eta”ren parekoak izan ohi dira eta perpausa baino osagai txikiagoak (sintagmak...) elkartzeko erabiltzen dira.

Gaur Errenteriako jaiak hasi dira ETA udalak jarduerak ETA = NAHIZ = ZEIN   ospakizunak antolatu ditu.

Goizean Adarra mendiaren gailurrera igo gara ETA han galletak ETA = NAHIZ = ZEIN ogi-tartekoak jan ditugu hamaiketakotan.

Aukerakoa izaten da bakarra erabili ala osagai bakoitzaren aurrean bana ipini, eta bi sintagmak deklina daitezke, edo nahi izanez gero, bigarrena bakarrik, lehenengoa mugagabean utzita: Horrek izugarrizko gabezia eragin zuen (ZEIN) herritarrengan ZEIN bisitariengan = herritar_ ZEIN bisitariengan.

Esaldiok parekoak lirateke:

                                                              i.      Ana ETA Gloria berandu iritsi dira.

                                                            ii.       (NAHIZ) Ana NAHIZ Gloria berandu iritsi dira.

                                                          iii.      (ZEIN) Ana ZEIN Gloria berandu iritsi dira.

                                                          iv.      HALA Ana, NOLA Gloria berandu iritsi dira.

                                                            v.      BAI Ana, BAI Gloria berandu iritsi dira.

                                                 vi.      Ana EZ EZIK, Gloria ERE berandu iritsi da (aditza B osagaiarekin komunztatua).

                                                                  vii.      EZ BAKARRIK Ana, Gloria ERE berandu iritsi da (aditza B osagaiarekin komunztatua).

8. LEXIKOA: IKA-MIKA (riña, enfado, disputa) = EZTABAIDA (discusión, polémica, debate) = LISKARRA (discusión, disputa) = TIRABIRA (altercado, discusión, disputa) = SESIOA (discusión, disputa) = KALAPITA (alboroto, discusión, disputa)

ADOSTASUNA = AKORDIOA = HITZARMENA

DEIGARRIA = ERAKARGARRIA

ALDENDU = URRUNDU

Kultura ARLOA = ALORRA = ESPARRUA = EREMUA = SAILA

9. DATORRENAK (erlatibozkoa nork kasuan) < datorrEN bisitariAK. Pluralean: datozEN bisitariEK > datozENEK).

10. BA- …ERE: Egitura kontzesiboa da. Asteasuko Muskerraren Bidea gogora ekar BAdezake ERE = gogora ekar dezakeEN ARREN = NAHIZ ETA Asteasuko Muskerraren Bidea gogora ekar dezakeEN… Oso irakasle zorrotza BAda ERE, gustura nago berarekin = oso irakasle zorrotza dEN ARREN, gustura nago berarekin.

-     AHOZKO BITARTEKOTZA: Ahozkotasunaren eta mintzapraktikaren garrantziaz jakitun, bi testu eman nizkien, mintzarako presta zitzaten: Mintzalaguna: ia hogeita hamar urte, euskaraz mintzatzen eta Mintzanet.net, euskara praktikatzeko beste aukera bat. Binaka jarrita, elkarri laburbildu diote prestatu duten testua.

-      Joan den egunean, eskutitz edo e-posta formalak idazteko jarraibideak banatu nizkien. Aipamen batzuk egin eta eurek txostena astiro irakur zezatela esan nien. Gaur, gutun formalen eredua (Genially bidez egina eta blogean eskuragarri dutena) arbelean jarri eta azalpen zehatzagoa eman diet.

-      ENTZUNAREN ULERMENA: Udazken koloretan: hostoak orbel bihurtzen diren urtaroa (x0.9). Itemak azaldu dizkiet eta eurek etxean entzun dezatela esan diet (nire blogean dute entzungai). Oharrak:

o   Mugagabea + bihurtu = bilakatu:ikuskizun_ bilakatzen da” eta ez “ikuskizun batean bilakatzen da” (“se convierte en un espectáculo”ren kalkoa)

o   Gai izan = gauza izan + -T(z)EKO. Ni gai naiz = ni gauza naiz ingelesez jariotasun handiz hitz egiteko.

o   Urtaro: Urte + aro. Urtaroa = urte-sasoia = urte-garaia. “Aro” hitza duen hitz konposatu gehiago ere badira euskaraz: haurtzaro, Erdi Aro, gaztaro, izotz-aro… 

o   Hostoa / orbela: “Orbela” da zuhaitzetatik eroritako hosto ihartuen multzoa.  

-          Etxerako lanak:

o   ENTZUNAREN ULERMENA: Udazken koloretan: hostoak orbel bihurtzen diren urtaroa (x0.9). Itemak azaldu dizkiet eta eurek etxean entzun dezatela esan diet (nire blogean dute entzungai). Oharrak:

Mugagabea + bihurtu = bilakatu:ikuskizun_ bilakatzen da” eta ez “ikuskizun batean bilakatzen da” (“se convierte en un espectáculo”ren kalkoa)

Gai izan = gauza izan + -T(z)EKO. Ni gai naiz = ni gauza naiz ingelesez jariotasun handiz hitz egiteko.

Urtaro: Urte + aro. Urtaroa = urte-sasoia = urte-garaia. “Aro” hitza duen hitz konposatu gehiago ere badira euskaraz: haurtzaro, Erdi Aro, gaztaro, izotz-aro… 

Hostoa / orbela: “Orbela” da zuhaitzetatik eroritako hosto ihartuen multzoa.  

o   Identifikazio pertsonalaren gaiarekin jarraituz, bada Gipuzkoan herri polit askoa: Amezketa. Eta bertakoa zen hainbat pasadizo bizi izandako gizon xelebre edo bitxi bat: Pernando Amezketarra. Ikasleei Pernandoren asto itsuen pasadizoa (Elkar ezin ikusi) banatu diet, hutsuneak deklinabide kasuekin osa ditzaten.

o   ERLATIBOZKO PERPAUSAK: Hurrengo klasean erlatibozko perpausen teoriako punturik esanguratsuenak azalduko dizkiedanez,  eurei aurretiaz teoria osoa etxean irakutzeko aholkatu diet. Gramatika eta ariketak II, 152, 153, 156. orrialdeetan dator:

§   152. orrialdeko  A, B eta C (ezezko erlatibozkoen ordena)  eta 153. orrialdeko D (ondoko osagaiaren kasua).

§  156-157. orrialdeetako A (ondokoaren isilaraztea), B  (-tako = -riko) eta C (erlatiboa aposizioan).

-          Oraindik egina ez baduzue…

o  IDATZIZKO EKOIZPENA: eskabide gutuna. Euskara ikasteko diru-laguntza eske Udalera idatzi beharreko eskutitza. Horretarako, gutun nahiz e-mail formalak idazteko jarraibideak banatu dizkiet, lagungarri izango zaizkielakoan.

o   INDARTZE-ARIKETA: Egunotan ikusitako zenbait egitura errepasatzeko, indartze-ariketa: Ahozkotasuna lantzearen garrantzia testutik ateratako hamar berridazketen parekoak. Benetan gomendagarria deritzot ariketa hau egiteari.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina