6. eskola: 2023ko urriaren 19koa
- Lehen eskola eguna izeneko ariketa, erlatibozkoak lantzekoa (2. zuzenketa-saioa). Ikasleek gure HEOeko ikasgela batekoa litzatekeen irudi bat abiapuntutzat harturik, erlatibozko perpaus libreak egin behar izan dituzte, nahi adina, ahal duten irudimentsuen jokatuz. Adib.: Betaurrekoak daramatzaN ikaslea horman idazten ari dENAREKIN hizketan ari da. Gaur, beste zenbait esaldi zuzendu ditugu eta idatziz jaso ditut erantzun guztiak, zuzenketa amaitutakoan eurei banatzeko. Ariketa librea izaki, nahi izanez gero, luze jo dezake, baina merezi du, erlatibozkozkoak lantzeaz gain, beste hainbat gramatika ohar egiteko nahiz ohiko akatsen berri emateko ere balia baitaiteke zuzenketa hau. Ikasle kopuruaren arabera, zuzenketa alda liteke. Nahi duenak bere esaldiak niri eman diezazkidala esan diet, neuk zuzen ditzadan.
- Agotea, arraza
madarikatua deritzon ulermen-jarduera zuzendu dugu, testua irakurri
ahala beharrezko azalpenak emanez. Jarraian, testu amaierako esaldia arbeleratu
eta azaldu diet, oso aipu polita delakoan.
- Altzoko Handiari buruzko ikus-entzunezko jardueraren atzeko aldean zetozen bi ariketak zuzendu ditugu: batetik, berridazketak. Berridazketa horietan, honako egitura hauek agertu zaizkigu:
ZERK edo NORK ATENTZIOA EMAN (atentzioa deitu)
= ZER edo NOR DEIGARRIA IZAN.
·
Egunkarian
irakurritako datuAK (zerk)
atentzioa eman dit = Egunkarian irakurritako datuA (zer) deigarria iruditu zati = deigarria egin zait.
·
Amaiaren
poltsAK (zerk) atentzioa eman
dit, hain da koloretsua! = Amaiaren poltsA
(zer) deigarria iruditu zait = deigarria egin zait.
·
Amaiaren
poltsAK (zerk) atentzioa
ematen du = Amaiaren poltsA (zer)
deigarria da.
·
Euskararen
arloan horrenbeste hiztun galdu izanAK
(zerk) atentzioa ematen dit = Euskararen arloan horrenbeste hiztun galdu izanA (zer) deigarria iruditzen zait =
deigarria egiten zait.
Egitura hau erabilgarria gerta dakieki, bai bitartekotza ariketetan
grafikoetako ehunekoak edo portzentajeak interpretatzeko (Atentzioa eman dit etxetik kanpo euskara
hutsean hitz egiten duten gaztetxoen kopuruak, %24koa baino ez baita) bai iritzi artikuluan datu objektiboak testuratzeko (Egunkarian goizean irakurri dudan datu batek
atentzioa eman dit: euskaldunen %34 etorkinen aurka omen daude).
–(e)LAKOAN < -(e)LAKO USTEAN = -(e)LA PENTSATUZ
· Gaur
liburua klasera ekarri dut, erabiliko duguLAKOAN. = erabiliko duguLAKO USTEAN = erabiliko duguLA PENTSATUZ.
· Maila
honetan matrikulatu gara, aurten asko ikasiko duguLAKOAN. = ikasiko duguLAKO USTEAN =
ikasiko duguLA PENTSATUZ.
·
Bihar
ere eguraldi ona egingo duELAKOAN NAGO = egingo duELA USTE DUT.
·
Ikasle
hauek oso jatorrak dirELAKOAN NAGO = dirELA USTE DUT.
·
Putinek
hasitako gatazkak luze joko duELAKOAN
NAGO = luze joko
duELA uste dut.
-T(Z)EARREN = -T(Z)EAGATIK helburuzkoa edo kausazkoa
· Zurekin
egoTEKO etorri naiz = Zurekin egoTEARREN
etorri naiz = Zurekin egoTEAGATIK
etorri naiz.
· Haserre dagoenean, Ainarak edozein gauza egingo luke bere aldamenekoak = ondokoak minTZEKO = minTZEARREN = minTZEAGATIK.
·
BAINA…ez nahastu “partizipioa +
ARREN” kontzesiboarekin: Mirenek
bere hitzekin ni mindu ARREN,
barkatu egingo diot, hitz haiek esan zizkidanean ez baitzen bere buruaren jabe.
Irakasleak
birritan azaldu ARREN, ez dut tutik
ere ulertu.
EZ DA AHUNTZAREN GAUERDIKO EZTULA esapidea
·
Gaur
egun, haurrak behar bezala heztea (hezitzea) ez da AHUNTZAREN GAUERDIKO EZTULA = ez da erraza = ez da txorakeria
= ez da txantxetakoa = ez da huskeria.
ZERI + UKO EGIN = Zerbaiti ezetz esan, zerbait ez egin, zerbaiti muzin egin.
· Ikasle horrek matrikulARI UKO EGIN DIO eta aurrerantzean ez da klasera etorriko. Ikasle horrek eskolara etorTZEARI UKO EGIN DIO. Gidari horrek alkoholemia kontrola egiTEARI UKO EGIN DIOnez, atxilotuta eraman dute komisaldegira. Kirolari horrek Txapelketa Nagusian parte harTZEARI UKO EGIN DIO. Valentziar Erkidegoko presidenteak zergak igoTZEARI UKO EGINGO omen DIO.
- Jarraian, azken ariketa zuzendu dugu. Bertan, ikasleek ikus-entzunezkoan atera zaizkigun zenbait hitz baliokideak (sinonimoak) ala aurkakoak diren adierazi behar izan dute.
- AHOZKO ADIERAZPENA: Telebista, hutsaren hurrengoa (35-40´).Banatu diedan mintza-fitxa baliatu dugu mintza saio honetarako. Hor dituzten puntuen gainean aritu dira solasean: telebistan (gaur) egun fundamentuzko saiorik ba ote dagoen, eurek zer ikusten duten, iragarkien eraso bortitza, nolakoa izan beharko lukeen programazio ideal batek, haur nahiz gaztetxoentzako saio hezigarririk badagoen, kate guztiak berdinak diren, bikotekidea bilatzeko saioetako partaideak gure gaztetxo eta nerabeentzat eredugarriak (eredutzat hartzeko modukoak) diren, egungo gizartean itxura lehenesten den, ordainpeko kate nahiz plataformak kontratatzeko joera gero eta hedatuagoa…
“Igaro
berri[1] den asteburuan,
Pilarika zubia zela-eta, etxean egoteko eta atseden hartzeko aukera (= atseden hartzeko parada) izan duzu, aspaldiko partez. Baina jakin badakizu
(gaur) egungo telebistan nekez (=kostata) topa daitekeela ezer interesgarririk.
Solastu (= mintzatu = hitz egin) horretaz ikaskideekin.
Zer adierazten
du “aspaldiko partez” egiturak?
Bada, aspaldian egin ez zenuen zerbait egin duzula oraingoan. Hona hemen
zenbait adibide:
·
Gaur
eguzkia atera da, aspaldiko partez (aspaldian
ez genuen eguzkirik ikusi, egunero lainotuta baitago zerua).
·
Joan den
asteburuan zinemara joan nintzen aspaldiko
partez.
·
Bart
gauean ongi egin dut lo, aspaldiko
partez.
·
Aspaldian ez nintzen elizara joan eta atzo
joan nintzen > Atzo elizara joan nintzen aspaldiko
partez.
· Aspaldian ez nituen jan babarrunak eta gaur jan ditut bazkaltzen > Gaur bazkaltzen babarrunak jan ditut, aspaldiko partez.
-
Azkenik, eskutitz edo e-posta formalak idazteko jarraibideak
banatu dizkiet. Aipamen batzuk egin eta eurek txostena astiro irakur dezatela
esan diet.
OHARRA: Erreparatu blogean ipini dizuedan ereduari. Genially bidez egina da eta gutunaren zati bakoitzean klikatuta informazioa agertzen da.
-
Etxerako lanak:
o Ahozkotasunaren eta mintzapraktikaren garrantziaz jakitun, bi testu, mintzarako presta ditzaten: Mintzalaguna: ia hogeita hamar urte, euskaraz mintzatzen eta Mintzanet.net, euskara praktikatzeko beste aukera bat.
o Beldurrik gabe hartu behar dugu turismoa.
Altzoko alkateari Altzoko Handiaren gainean egindako elkarrizketa.
Cloze-testa.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
o IDATZIZKO EKOIZPENA: eskabide gutuna. Euskara ikasteko diru-laguntza eske Udalera idatzi beharreko eskutitza. Horretarako, gutun nahiz e-mail formalak idazteko jarraibideak banatu dizkiet, lagungarri izango zaizkielakoan.
o Oraindik
egina ez baduzue…
§ Altzotik mundura. Altzoko
Handiari buruzko testua irakur dezatela eta nik ipinitako sinonimoei arretaz
errepara diezaietela, euren lexikoa aberastuz joan daitezen.
§ INDARTZE-ARIKETA: Egunotan ikusitako zenbait egitura
errepasatzeko, indartze-ariketa: Ahozkotasuna lantzearen garrantzia testutik
ateratako hamar berridazketen parekoak. Benetan gomendagarria deritzot ariketa
hau egiteari.
[1] Partizipioa + BERRI(a): orain dela
gutxi gertatua: ezkonberria, ireki berria, erosi berria, igaro
berria…(“recién”)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina