2023/10/04

B2.2 mailako 2. saioa, 2023ko urriaren 3koa

 

2.      saioa: 2023ko urriaren 3koa

-           Pozten naiz zu ezagutzeaz zuzendu dugu. Gogorarazi diet ezagunak / ezezagunak agurtzeko egitura desberdinak erabiltzen direla. Arreta berezia merezi du honako honek: “Bizi al gara?”. Ezaguna den norbait agurtzeko erabiltzen da eta adizkia 1. pluralean darama (“bizi al zara?” “bizi al zarete?”).

-          Jarraian, ariketa honen izenburuari dagokionez, bi ohar egin dizkiet:

-          a) Hasteko, badira ZERTAZ? galdera daramaten zenbait aditz: Pozten naiz…-T(Z)EAZ / part. + IZANAZ (zertaz?). Era berean:

-       Nekatuta nago hau horrenbeste aldiz errepikaTZEAZ / Nekatu nintzen hura horrenbeste aldiz errepikatu IZANAZ; aspertuta nago zuri itxaroTEAZ / aspertu naiz zuri itxaron IZANAZ; neu arduratuko naiz kanpin-denda eramaTEAZ, ardura zaitez zu tortillak egiTEAZ; damutuko zara hori esaTEAZ / damutu nintzen zuri hitz itsusi haiek esan IZANAZ; harro  nago zure irakasle izaTEAZ; gogora zaitezte (=oroitu) bihar liburua klasera ekarTZEAZ

-          b) –T(Z)EA nominalizazioaren (amaitu gabeko ekintza, une honetan gertatzen ari delako, maiz gertatzen delako edo oraindik gertatu gabe dagoelako) eta partizipioa + IZANA egituraren (ekintza amaitua) arteko aldea:

-          - Pozten naiz (+ZERTAZ) zu ezaguTZEAZ / Pozten naiz zu ezagutu IZANAZ.

-          - Sentitzen dut (+ZER) berandu irisTEA / Sentitzen dut berandu iritsi IZANA.

-          - Sentitzen dut (+ZER) biharko afarira ez joaTEA / Sentitzen dut bart gaueko afarira joan ez IZANA.

-          - Damutuko zara (+ZERTAZ) lan hori ez onarTZEAZ / Ederki damututa nago eskaini zidatenean lan hura hartu ez IZANAZ.

-          - Pozten nau (+ZERK) zurekin bidaiaTZEAK  / Pozten nau zurekin bidaiatu IZANAK.

-          - Eskertzen dizut (+ ZER) ikastolako gurasoen bilerara joan IZANA, nik ezin bainuen / Eskertuko nizuke nire ordez ikastolako gurasoen bilerara joaTEA, ni ezin izango bainaiz joan.

-          - Ilusio handia egingo dit (+ZERK) biharko txangora zu gurekin etorTZEAK / Ilusio handia egin zidan bidaia hartara zu gurekin joan IZANAK.

-          - Penagarria da (+ ZER) La Palmako sumendiaren erupzioak 5.000 etxe inguru kiskali IZANA / Baliteke bertan dena galdu zuten herritarrek inoiz gehiago bururik ez altxaTZEA.

-          Kalte egin zidan (+ ZERK) perretxiko haiek jan izanaKKK (zerk egin zidan kalte?) (ekintza amaitua, lehenaldian).

-          Kalte egin dit (+ ZERK) perretxiko horiek jan izanaKKK (zerk egin dit kalte?) (ekintza amaitua, gaur goizean, esaterako).

-          Kalte egiten dit (+ ZERK) perretxikoak jaTEAKKK (zerk egiten dit kalte?) (ohiturazko ekintza eta, beraz, amaitu gabea).

-          Kalte egingo dit  + ZERK) perretxikoak jaTEAKKK (zerk egingo dit kalte?) (geroaldia, eta beraz, gertatu gabea).

-     Joan den egunean ikasleek elkar aurkezteko –(e)NA erlatibozkoa erabiliz ekoiztu zituzten esaldiak banatu dizkiet, behar bezala orraztuta, txukun-txukun koadernoan gorde ditzaten. Bide batez, esaldi horiekin batera gehitu ditudan hiru oharrak azaldu dizkiet, joan den egunean aipatuagatik ere, gogoraraztea merezi duelakoan.

1. Alba da irakurtzea, musika entzutea eta futbolean (zertan?) jolastea / jokatzea gustatzen zaioNA (< zaioN ikasleA).

“jokatu” aditza, irabazteko asmoa dagoenean erabiltzen da, lehia (konpetizioa) dagoenean: kiroletan, mahai-jokoetan…  UKAN eskatzen du eta kirola edo jokoa “zertan?” kasuan doa: TenisEAN jokatzen dut, futbolEAN jokatzea gustatzen zait, oso trebea naiz musEAN jokatzen, gogoko dut partxisEAN jokatzea…

“jolastu” aditza erabiltzen denean, ez dago lehia edo norgehiagokarik, ez dago irabazteko asmorik. IZAN darama eta, normalean, “Zerekin?” kasua: Haurra panpinarekin jolasten da afalondoan. Nirekin jolastuko zara? 

2. Itsaso da


           a) detektibe_ (bezala) lan egiten duENA.

b) Lanbidez = ogibidez, detektibea dENA.

Bezala” sartzea, gaztelaniatik kalkatzea litzateke (“trabajo como…”).

Lanbideak mugagabean daude, ez daukate –a determinatzailerik.

Nik irakasle___ (bezala) lan egiten dut; erizain___ (bezala) lan egiten dut Bidasoa ospitalean; psikologo___(bezala) aritzen da kontsulta pribatu batean; sagardotegi-garaian zerbitzari___ (bezala) aritzen naiz sagardotegi horretan; administrari___(bezala) jardun nuen Irungo udaletxean.

2. Pili da beti euskaraz jakin nahi izan duENA.

Baina…NAHI IZAN aditzarekin, noiz erabili behar da partizipioa (“gainditu”, “joan”, “prestatu”, “ibili”, “erosi”…) eta noiz nominalizazioa? (“gainditzea”, “joatea”, “prestatzea”, “ibiltzea”, “erostea”…)?

Bi aditzek subjektu bera dutenean >>>>> partizipioa.

Bi aditzek subjektu desberdinak dituztenean >>>>> -T(z)EA nominalizazioa.

    • Nik, eguraldia lagun, hondartzara JOAN nahi dut (nik) (subjektu bakarra).


·         Guk (1. subj.) nahi dugu zuek (2. subj.) zuhur eta zentzuz gidaTZEA (bi subjektu desberdin).

o    Nik B2ko azterketa GAINDITU (nik) nahi dut  (subjektu bera bi aditzetan)


·         Nik (1. subj.) zuek (2. subj.) ikasturte amaierako azterketa gaindiTZEA nahi nuke (bi subjektu desberdin).

-     IKUS-ENTZUNAREN ULERMENA: Euskara ikasteko prozesua. Bideo-pasarte bat jarri diet, non Euskal Herrira bizitzera etorri diren eta euskara ikasi duten edo ikasten ari diren hamazazpi etorkin ezagutu ditugun, hainbat jatorri desberdinetakoak. Ikasleek azpian dauzkaten 12 esaldiak  (A-L) dagozkien hiztunei esleitu behar izan dizkiete. Bi aldiz ikusi dugu. Hori bai, ikasleei esan behar zaie errepara diezaiotela hiztun bakoitzaren izenari – azpialdean ezkerraldean agertzen da – oso tarte motzean agertzen baita.

-       Euskal hiztunaren dekalogoa. Hor dituzten hamar irakaspenak osatu behar izan dituzte, esaldiaren lehenengo zatia eta bigarrena elkarrekin uztartuz. Zuzendu egin dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Besteak beste, honakook agertu zaizkigu:

o   Zeri + UKO EGIN (“renunciar a”): Ikasle horrek matrikulARI uko egin DIO.

o   Zeri + EKIN (= zertan hasi): Euskara ikasteARI ekin DIOT Irungo HEOan = Euskara ikasten hasi naiz Irungo HEOan.

o   Lehenetsi (“priorizar”): zerbaiti lehentasuna ematea.

o   Gutxietsi (“menospreciar, subestimar”): norbaitek edo zerbaitek gutxiago balio duela pentsatzea.

-  ENTZUNAREN ULERMENA: Hezkuntza eleanitz bateruntz. Jasone Cenoz Hezkuntza Zientzietako katedraduna da eta EHUko ikertzailea. Hezkuntza eleanitz bateruntz izeneko liburua argitaratu (=plazaratu) du eta saritua izan da. Liburu horretan Euskal Herriko hezkuntza eleaniztuna[1] aztertu du. Itemak azaldu dizkiet astiro, baina entzuteko astirik izan ez dugunez, etxean birritan entzun dezatela esan diet.

-          ETXERAKO LANAK:

o   ENTZUNAREN ULERMENA: Hizkuntzak ikasteko zailtasunak (EU). Jasone Cenoz Hezkuntza Zientzietako katedraduna da eta EHUko ikertzailea. Hezkuntza eleanitz bateruntz izeneko liburua argitaratu (=plazaratu) du eta saritua izan da. Liburu horretan Euskal Herriko hezkuntza eleaniztuna[2] aztertu du. Entzun bitan (blogean daukazue audioa).

o   –T(z)EA / part. + IZANA bereiztekoa. Gelan zuzentzekotan geratu gara.

o Ahozkotasuna lantzearen garrantzia (IU) deritzon ulermen-jarduera, galderak eta erantzunak uztartzean datzana. OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa H5P formatuan (interaktiboa) egin dezake blogean.



[1] Eleaniztun(a): ele (hizkuntza) + anitz (asko): hizkuntza asko hitz egiten dituena: multilingüe, políglota / Elebidun(a): bi hizkuntza hitz egiten dituena: bilingüe. Elebakar(ra): hizkuntza bakarra hitz egiten duena.

[2] Eleaniztun(a): ele (hizkuntza) + anitz (asko): hizkuntza asko hitz egiten dituena: multilingüe, políglota / Elebidun(a): bi hizkuntza hitz egiten dituena: bilingüe. Elebakar(ra): hizkuntza bakarra hitz egiten duena.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina