23. eskola: 2024ko abenduaren 19koa (Eguberri aurretiko azkena)
- ENTZUNAREN ULERMENA: Zer berri? 2. Sei albistetxo entzun dituzte eta bi ariketa egin. Lehenengoan, albiste bakoitza albiste horren gaiarekin uztartu behar izan dute, alegia, berri bakoitza zeri buruzkoa den edo zertaz aritu diren hizketan jakin behar izan dute; bigarren ariketan, berriz, horko esaldiak zein hiztunek esan edo aipatu dituen aukeratu behar izan dute. Ariketa bakoitzerako, behin entzun behar da entzungaia; azken finean, entzungai berak direnez, bi ariketak egitean, azkenerako, albiste bakoitza bi aldiz entzuten da. Nahi izatera, zuzendu ostean, berriro entzun daitezke. Oharrak:
“Zaharrak berri”.
Norbaitek “zer berri?” galdetzen dizunean, “zaharrak berri” erantzun
diezaiokezu, ez dagoela berririk, ezer ez dela aldatu adierazteko. Gaztelaniazko
“sin novedad” euskaraz modu txukunean adierazteko modua.
NORTAZ kasuan ohiko
akatsa izaten da izenei -TAZ kasu marka jartzea, pluralean, batik bat: amataz,
umeetaz, loreetaz, arazoetaz… hitz egingo dugu. Oker dago. Singularrean
-AZ da kasu marka eta pluralean, -EZ: amaz, umeez, loreez, arazoez…hitz
egingo dugu.
-TAZ
izenordeetan bakarrik erabili behar da: nitaz, zutaz, gutaz, honetaz,
horietaz, hauetaz, hartaz…
- Emakumeen aurkako indarkeriaren gaiari amaiera emateko, Emakume bati sexu erasoa egitea egotzita (=leporatuta), hiru gazte atxilotu dituzte izeneko ulermen-jarduera, esaldiak testuan txertatzekoa, zuzendu dugu, astiro, oharrak eginez. Ohar horien kopia bana eman diet eta zuzenketa egin ahala, azaldu egin dizkiet. Hona hemen aipagarrienak:
1. Sexu erasoak egin zizkioteLAKOAN (= zizkiotelako ustean = zizkiotela pentsatuz). USTEA adierazten du.
·
Batzuetan, kasu honetan bezala,
beste aditz batekin doa:
Gaur
nik liburua klasera ekarri dut, erabiliko duguLAKOAN = erabiliko duguLAKO
USTEAN = erabiliko duguLA PENTSATUZ.
Maila
honetan matrikulatu gara,
aurten asko ikasiko duguLAKOAN = ikasiko duguLAKO USTEAN = ikasiko duguLA
PENTSATUZ.
Ertzaintzak hiru gazte atxilotu zituen, emakume bati sexu erasoak egin zizkioteLAKOAN = egin zizkioteLAKO USTEAN = zizkioteLA PENTSATUZ.
·
Beste batzuetan, berak darama EGON
aditza:
Alderdi
politiko horiek luze baino lehen adostasun batera iritsiko dirELAKOAN NAGO. = iritsiko
dirELA USTE DUT.
Iparraldeko
herrialdeetako bizitza-kalitatea gurea baino askoz hobea dELAKOAN NAGO = dELA
USTE DUT.
Sindikatuek
datorren iganderako deitu duten manifestazioan istiluak sortuko dirELAKOAN
GAUDE = sortuko dirELA USTE DUGU.
Txertoak eraginkorrak dirELAKOAN ZAUDETE?= txertoak eraginkorrak dirELA USTE DUZUE?
2.
Autostop egiten ari zeLA(RIK). Denbora
adierazten du, baina puntukaria da; beraz,
a)
edo ARIrekin erabiliko dugu: dutxatzen ari nintzela(rik), deitu zenuen. Afaltzen ari
ginela(rik) argindar-hornidura moztu ziguten.
b) edo aditz trinko batekin: sofan nengoela(rik), txirrina jo zuten. Eskolara nentorrela(rik) /nindoala(rik) istripua izan nuen. Korrika nenbilela(rik), orkatila bihurritu nuen. Zure zain geundela(rik), sexu eraso baten lekuko izan ginen. Testuan bertan baditugu adibide gehiago: zirela(rik), zihoala(rik).
3. Jakinarazi = jakitera eman = adierazi
(eskutitz formaletarako egokia, aberatsa izateaz gain, formala ere izan
baitaiteke).
Gutun honen
bidez, jakinarazi nahi nizuke (=jakitera eman nahi nizuke) erositako telebista
ez dabilela.
Zuzendariak Eskola Kontseiluko kideei jakinarazi die (=jakitera eman die) ikasle kopuruak behera egin duela.
- Kohesioa lantzen: Peñiscolatik bidalitako gutuna, lokailuekin osatzekoa, zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Ikasleei ohartarazi diet gutun horretako ideiak – esaldi nahiz paragrafoak – zein ongi dauden uztartuta, euren arteko erlazioa adierazten duten lokailuekin, hauek ideiak lotzeko klipak balira bezala.
- AHOZKO ADIERAZPENA: Eguberrietako gehiegizko kontsumoa hizpide. Girotzeko ikasbil dokumentu biltegiko bideo-pasartetxo bat jar dakieke (edo, bestela, Eguberri osteko lehenengo klase-egunean).
1. Telebistan eta saltoki handietan, Eguberrietako produktuen iragarkiak eta eskaintzak gero eta lehenago hasten dira. Zergatik ote? Gu kontsumitzera bultzatzeko. Eta joera horrekin bat egiten ez duena pertsona “berezitzat” hartzen da[1]. Jendearen jokabidea nolakoa izaten da garai honetan? Zer iruditzen zaizu batzuk gastu horiei aurre egiteko zorpetzea?
2. Zure jokabidea sasoi (=garai) honetan. Azpian harrapatzen zaitu olatu kontsumistak? Zeure burua gehiegizko kontsumo (=kontsumismo) horren barruan ikusten duzu? Zeure burua kontrolatzeko arazoak izaten dituzu jai hauetan (otorduetan, erosketetan…)?Ala gai zara gehiegizko kontsumo horri aurre egiteko, hau da, kontsumismoa saihesteko (=ekiditeko)?
3. Horrenbeste kontsumitzeak zer ondorioa izan litzake? (etxeko ekonomian, ingurumenean…). Esaterako, kontsumitzeko modu jasangarriagoa (“sostenible”) bilatu behar genukeela diote adituek eta ezinbestekoa dela gure pentsaera eta jarrera aldatzea, gutxiago kontsumitze aldera (=kontsumitzearren). Zuk ere uste duzu beste kontsumo eredu bat posible dela? Zein?
4. Eguberrietan gutxiago gastatzeko badira zenbait aholku (aurretiaz zerrenda egitea, erosi aurretik birritan pentsatzea, gastuak idaztea, erosketak garaiz egitea…). Betetzen al dituzu aholkuok?
5.
Zer da
Eguberrietan gehien atsegin duzuna? Kaleetako argiak? Etxeak
apaintzea? Otorduak? Opariak jaso nahiz egitea? Senideekin elkartzea?... Eta gutxien gustatzen zaizuna?
-
Etxerako lanak:
Eguberrietarako etxerako lanak . Maila aurreratua (B2)
- Eguberrietako
bideoarekin (blogean ikusgai) – “Zenbat
diru gastatuko duzu Gabon hauetan?” – batera datozen lau berridazketak
egin itzazue. Ongi etorriko zaizkizue egitura berri
batzuk ikasteko. Gelan zuzentzekoak.
- Elikagaien bankuak izeneko cloze-testa. Badirudi urte-sasoi honetan bakarrik gogoratzen garela beharrean edo premian daudenez. Edozein saltoki handiren aurrean topa ditzakegu boluntarioak elikagaien bankurako jangai eske. Elikagaien bankuek, ordea, urte osoan zehar gauzatzen dute euren lan isila. Gelan zuzenduko dugu.
- “Gabonetako loteria: ezin (dugu) etsi, jokatu gabe”. Eguberrietako loteriari buruzko jarduera bikoitza da: batetik, testu barneko cloze-testa egin behar duzue eta, bestetik, testutik ateratako zazpi esaldiak dagozkien hutsuneetan txertatu.
- Madrildik bidalitako eskutitza osa ezazue bertatik ateratako lokailuak hutsune egokietan txertatuz. Jarduera hau Peñiscolako gutunaren antzekoa da eta, beraz, indartze-ariketa gisa ongi etorriko zaizue. Gelan zuzenduko dugu.
- Erlatibozko perpausak: erlatibozkoak behar bezala deklinatzen trebatzeko ariketa Lehenengo eskola eguna. Aurreko ikasturteetako ikasleek ekoiztutako 32 esaldi dira, baina erlatibozkoen kasu-marka (nor, nork, nori) kenduta. Esaldi horietako erlatibozkoak deklinatu behar dituzue (erantzun-orriak ere badituzue)
- Iritzi artikulua. Honako bi gai hauetako baten gainean idatzi: Zoritxarreko (=zorigaitzeko) sexu jazarpena eta genero indarkeria / Erosketen zurrunbiloan buru-belarri sartzera garamatzaten egun seinalatu horiek…
- AUKERAKO JARDUERA: Cloze-testa: Ardilatxa, larretik errepidera izeneko cloze-testa. Ardilatxa omen da euskaldunon irudia edo euskal kulturaren ezaugarria, bereizgarria. Erantzunak (azalpenekin) ere banatu dizkizuet, zeuek zuzentzeko. Arretaz erreparatu erantzunekin batera dauden azalpenei eta, zalantzarik sortuz gero, galdetu niri.
- DEKLINABIDEA:
- Batetik, Deklinabidea
gogoratzeko txostena banatu dizuet.
- Bestetik, Mugagabea
noiz erabili? izenekoa.
- Txosten horiekin, deklinabidearen eta, bereziki, mugagabearen erabileran trebatzeko, “Mugagabeak ematen dizkigun buruhausteak!” izeneko ariketa. 51 esaldi dira, deklinabide kasu egokiarekin osa ditzazuen. Erantzunak atzean daude eta erantzun horietako zenbakiek – 4. kasua, 6. kasua… - mugagabearen txosteneko puntuei egiten diete erreferentzia. Zeuek zuzendu.
- Irakurliburua: Alberto Ladron Aranaren nobela beltza – norberak nahi duena aukera lezake – irakurtzen jarraitu.
- AUKERAKO JARDUERA SORTA, Gabonei buruzkoa. Erantzun orriak ere badituzue. Jarduera multzo honetatik, nahi dituzuenak egin itzazue – komenigarriena denak egitea litzatekeen arren, badakit ariketa asko direla eta beraz, norberak ikusiko du zenbat denbora eta zenbateko gogoa daukan – eta egiten dituzuenak, erantzun-orriekin zeuek zuzendu.
Oraindik eginak ez
badituzue…Eguberriak aprobetxa zenitzakete egiteko:
§ Iraganeko NOR-NORK adizkiak lantzeko ariketak, Bakarka liburukoak (194, 195, 170, 171. orrialde osagarriak)
(erantzunak ere badituzue).
OHARRA: Norbaitek nahiago badu edo berriro egin nahi badu,
ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
§ -T(z)EKOA(k) + IZAN egitura
lantzeko espresuki (= berariaz = beren beregi) prestatutako berridazketak
(ebazpen orria ere baduzue).
§ EZ BEZALAKOA(K) eta EZ BEZALA lantzeko bi
ariketak. Erantzunak ere badituzue, egin ostean zuzen ditzazuen.
§ Erlatibozko perpausak V. Gelan zuzenduko
dugu.
§ Atzeratuta geratu zaizuen edozein ariketa edo jarduera.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina