2024/11/13

B2.2 mailako 12. eskola, 2024ko azaroaren 12koa

 

12. eskola: 2024ko azaroaren 12koa

-   Santu Guztien Egunaren harira bidali nien idatziaren ulermen-jarduera hau zuzendu dugu: Erleak iratzarri, ahaidea itzarritakoan. Erleei etxean hildakoen berri ematea gaitzat duen testu honetan zenbait esaldi txertatu behar zituzten ikasleek.

Oharrak:

1. “Euskal Herrian nonahi (=edonon) egiten zen errituala, ñabardurak ñabardura.”                     

= “berezitasunak berezitasun” (toki bakoitzean bere berezitasunekin edo ñabardurekin).

Egitura honek balio kontzesiboa du: “ñabardurak edo berezitasunak dauden arren”. 

Hona beste adibide batzuk:

Teoriak teoria, agoteak gure artean bizi dira” (=teoria desberdinak dauden arren).

Salbuespenak salbuespen, ARI aditzak  IZAN darama” (=salbuespenak badauden arren).

Zailtasunak zailtasun, helmugara iristea lortu zuen” (= zailtasunak izan zituen arren).

“Akatsak akats, ikaslearen mezu nagusia ulertzea lortu nuen” (=akatsak egin dituen arren).

2.      “baina jada usadio hori ez da ikerlanetan edo literaturan baizik topatzen.”

= “ez da ikerlanetan eta literaturan baizik topatzen”

= “ikerlanetan eta literaturan bakarrik topatzen da”.

3.    “Hori agintzen du XVII. mendeaz geroztik Erresuma Batuan indarrean dagoen[1] erritualak.”

Indarrean egon / jarri: “estar / poner en vigor” (legea, araudia, protokoloa, neurria…).

4.      “Gizaki primitiboak erleak hilen arimatzat zeuzkan.”

Gogoan izan: -TZAT + eduki / ukan / hartu / jo. Ustea adierazten du: “hilen arimatzat zeuzkan = arimatzat zituzten = arimatzat jotzen zituzten = arimatzat hartzen zituzten” = “hilen animak zirela uste zuen”.

-      Gure bigarren gaira itzulita (Identifikazio pertsonala > euskaldunok > ez-ohiko euskaldunak) Agotea, arraza madarikatua deritzon ulermen-jarduera (esaldiak testuan txertatzean zetzana) zuzendu dugu, testua irakurri ahala beharrezko azalpenak emanez. Jarraian, testu amaierako esaldia arbeleratu eta azaldu diet, oso aipu polita delakoan.

“Animalia eta lurren jabe zenak garrantzitsuagoa zela pentsatzen zuen, nahiz eta jakituriak eta trebeziak jabetzak baino balio gehiago izan”.

OHARRA: Norbaitek ariketa hau berriro egin nahi izanez gero,  H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-      Beste ez-ohiko euskaldun bat Altzoko Handia izan genuen eta joan den egunean, horrek Altzo herrira erakarri eta erakartzen dituen turistak aitzakia hartuta, turismoaren ondorioez aritu ginen; bestela esanda, gehiegizko turismoak gure herri eta hirietan zer-nolako eragina (onurak / kalteak) izan dezakeen aztertzen ari gara. Horren harira, Galderak beste Donostia horretara izeneko lexiko-jarduera, testua, bertatik ateratako 22 hitzekin osatzekoa – 6 distraktoreak saihestuz – zuzendu dugu, astiro, testuaren ideia nagusiak argiago adieraziz. Hau ongi etorriko zaie etxerako bidaliko diedan ulemen zehatzeko jarduera errazago egiteko.

Hona hemen zenbait ohar (ale bana eman diet eurei):

·         Hartu OHI du = harTZEN du (partizipioa + OHI: ohiturazko aditz aspektua): Gure euskarako irakasleak testuetan hainbat hitzen sinonimoak parentesi artean jarri OHI ditu =jarTZEN ditu. Hegazti migratzaileak, urte-sasoi honetan, Afrikako lurralde epeletara joan OHI dira = joaTEN dira.

·         Lasaitua = lasaitasuna (“tranquilidad”). A-zer lasaitua hartu nuen azterketaren emaitza jakin eta gainditu nuela ikusi nuenean!!

·         Saihestu = ekidin. Zertan ibili? Jendea saihesten = jendea ekiditen.

·         Lehian ibili = norgehiagoka ibili = lehiatu:andar compitiendo

Lehia = norgehiagoka (“competición”, “partido”): Bihar jokatuko da Erreala eta Atlhetic taldeen arteko norgehiagoka = lehia.

lehiaketa (“concurso”)

·         Bizpahiru , hiruzpalau, lauzpabost, bospasei

·         Ordu txikiTAN (“de madrugada”).

·         Hazkundea = hazkuntza (< HAZI): “crecimiento”. % 13ko hazkuntza (= hazkundea) espero dute EAEko enpresek 2025ean.

·         Hezkuntza (< HEZI): “educación

·         NORBERE (“bakoitzaren”). Norbere arazoak ahaztu eta besteen larruan jartzea da enpatia.

·         Ezinegona = egonezina: “inquietud”. Hitzak berak adierazten du: ezin + egon.

·         Norbaiti zerbait leporatu = aurpegiratu = egotzi = zerbaiten errua bota (“responsabilizar, acusar, achacar”). Irakaslea klasera iritsi denerako, norbaitek arbelean irudi lizunak marraztu ditu. Irakasleak Aitziberri leporatu dio hori egin izana, nahiz eta berak behin eta berriro ukatu duen.

·         GKE: Gobernuz Kanpoko Erakundea (ONG)

·         (Tokian) tokiko produktuak jatea gomendatzen dute. (Tokian) tokiko albisteak

(tokian) tokiko ohiturak eta usadioak. Toki bakoitzekoak, alegia.

·         Ezinbestean = derrigorrez  = nahitaez = nahi eta nahi ez.

·         Jarrera zuri-beltzak =  muturreko jarrerak (“posturas o actitudes extremas”)

·         Bidezkoa = onargarria (“justo”) / bidegabea (“injusto”). -T(z)EA nominalizazioa daramate. Adib.: Bidegabea iruditzen zait Udalak eskolaren inguruan aparkatzeagatik ikasleoi kobraTZEA. Bidezkoa izango litzateke politikari ustelek lapurtu duten diru guztia herritarrei itzulTZEA.

·         Partizipioa + BEHARREAN (= ordez): “en vez de..:” Furgoneta bat erosi beharrean, autokarabana bat erostea erabaki dute.

·         Joera: “tendencia”. Askotan, -T(z)EKO nominalizazioarekin doa: Euskal baserrietan hildakoan etxean beilaTZEKO joera (=ohitura) zuten. Egun puri-purian dago sare sozialetan bikotekidea bilaTZEKO joera.

·         Sustatu = bultzatu: “impulsar, promover”. Gobernuak auto elektrikoen erosketa sustatzeko (=bultzatzeko) 2.000 euro arteko dirulaguntzak emango omen ditu.

·         Berezkoa = propioa

·         Lo egiTEA ahalbidetu = lo egiTEKO aukera eman (“posibilitar, dar la posibilidad de…”). Dabidek blogak ariketak etxean berriro egiTEA ahalbidetzen du / digu = …ariketak berriro etxean egiTEKO aukera ematen du / digu.

·         Araudi = arautegi: normativa, reglamento”. Eskolako araudia azaldu nizuen lehenengo klase-egunean.

·         Gatazka:conflicto”. Ekialde Hurbileko gatazkak luze joko duela aurreikusten dute adituek.

·         Partizipioa + EZEAN = EZIK: Gogoan duzue??? Ezezko baldintzak egiteko komodina: arautu ezean = arautu ezik = arautzen ez bada / arautuko ez balitz….

·         Horrenbeste turista etortzearen onurak / alde txarrak (ZEREN + onurak = abantailak = alde onak / ZEREN + eragozpenak = trabak = alde txarrak = desabantailak).

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi izango balu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-       AHOZKO ADIERAZPENA: Hondarribia Hilton (0´35-0´40). Ikasleak hirunaka bildu dira eta honako balizko egoera honi heldu diote:

Demagun[2] Hondarribiko  hondartzan luxuzko hotel bat eraiki nahi duela Hilton kateak (talasoterapia, bezeroentzako kai propioa, palmondoz eta hainbat espezie exotikoz betetako lorategiak,  hondartzan etzaulki nahiz eguzkitakoak…eta guzti).

Ver las imágenes de origen

Hirukote bakoitzean, rolak banatu ditugu: Batetik, proiektua gauzatzearen aldekoa/k (enpresa sustatzaileko zuzendaritza taldea) eta, bestetik, proiektua gaitzesten[3] duena / dutenak, IHEIEko (Ingurumenaren aldeko Herritar Ekologista Iraultzaileen Elkartea) kideak.

Hirukote bakoitzean, ikasleek euren artean eztabaidatu behar izan dute proiektua gauzatzeak nolako ondorioak izan litzakeen herrian eta inguruan (zarata, zikinkeria, prezioen igoera, bertako biztanleen bizi-kalitatearen aldaketa, paisaia eta natura, garraio zerbitzuak, lanpostuen sorrera eta hauen kalitatea, bezeroen / jabeen diru-ekarpena herriko ostatu nahiz dendetan…), euren iritziak behar bezala argudiatuz.

Irakasleak alkatearena egingo du eta berari dagokio, aldeko eta aurkako argudioak entzun eta kontuan hartuta, enpresa sustatzaile-eraikitzaileari jarduera-baimena eman ala ez erabakitzea.

Mintza-saio honetarako oso erabilgarriak gerta lekizkieke:

a)      konparaziozko esaldiak: Proiektua gauzatuz gero, orain baino askoz ere ur gehiago beharko litzateke golf-zelaiak ureztatzeko eta badakigu lehorte garaian gaudela. Hondarribiko herritarrek ez lukete edukiko gaur egun adina leku hondartzan. Etxeen alokairua egun baino garestiagoa izango litzateke eta herritarrek ez lituzkete aurkituko orain bezain merke.

b)     adizki hipotetikoak: balitz, balute, ginateke, genuke, genituzte, litzaiguke… (hauen taulak itsatsi dizkiet mintza-fitxan).

-          Etxerako lanak:

1.  Galderak beste Donostia horretara II izeneko ulermen-jarduera. Gaurko eguneko azalpenaren ostean testua ulergarriagoa egingo zaielakoan, ulermen jarduera honetan aukera zuzena egin behar dute.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

2.      Erleak iratzarri, ahaidea itzarritakoan. Testutik ateratako hamar esaldi berridatz ditzatela (ebazpen orria hurrengo egunean emango diet).

3.      NOIZNAHI EGITEKOA: Perretxikotara joateko garai berriak deritzon cloze-testa, udazkenerako aproposa. Honekin batera, ebazpen orriak eta azalpenak ere banatu nizkien, azalpen guztiekin argudiatuta, jarduera eurek zuzen dezaten; dena den, zalantzarik izanez gero, galde diezadatela nahi dutenean, eta argituko diet.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

4.      EKARRI: Erlatibozkoak III

EKARRI: Identifikazio pertsonalaren gaiari heltzera goaz. Bada Gipuzkoan herri polit askoa: Amezketa. Eta bertakoa zen hainbat pasadizo bizi izandako gizon xelebre edo bitxi bat: Pernando Amezketarra. Ikasleei Pernandoren asto itsuen pasadizoa (Elkar ezin ikusi) banatu diet, hutsuneak deklinabide kasuekin osa ditzaten.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskuragarri dago blogean.



[1] Indarrean egon / jarri: “estar / poner en vigor” (legea, araudia, protokoloa, neurria…).

[2] Demagun = suposa dezagun…

[3] Gaitzetsi: txartzat eman edo txartzat jo, ez onartu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina