14. eskola: 2024ko azaroaren 19koa
- Orain dela bi aste, “Perretxikotara joateko garai
berriak” deritzon cloze-testa bidali nien etxerako, nahi zutenean egin
zezaten (oraindik egina ez badute, egin dezatela). Izan ere, udazkena da
perretxikotan ibiltzeko urtaroa. Perretxiko horietako bat, agian ezaguneneta(ri)koa,
zizahoria da. Horri buruzko entzumen-jarduerarekin ekin diogu gaurko klaseari.
ENTZUNAREN ULERMENA: Zizahoriak
(x1 x 0,9). Udazkenean ohikoa izaten da gure mendietara perretxikoTARA (=perretxiko bila) joatea. Perretxiko
horietako bat, ezaguneneta(ri)koa agian, zizahoria da. Horri
buruzko entzungaia entzun dugu bitan eta, jarraian, zuzendu egin dugu, erantzun
zuzenak behar bezala arrazoituz. Nahi duenak, berriro entzun dezala blogean.
Oharrak:
· Lurrak ematen dituen produktuak “bildu” egiten dira, ez “hartu”: loreak bildu, perretxikoak
bildu, babarrunak bildu, tomateak bildu, sagarrak bildu, gaztainak bildu,
marrubiak bildu…
· PerretxikoTARA
joan: Mugagabean. –TARA
mugagabe horrek adiera edo esanahi berezia dauka: “produktu horren bila” joatea esan nahi du: PerretxikoTARA joango
gara datorren igandean (=perretxiko bila = perretxikoak biltzera); ehiztari
askok jotzen dute Etxalarrera usoTARA
(=uso bila = usoak ehizatzera); Bermeoko arrantzaleak antxoaTARA irten dira goizaldean
(=antxoa bila =antxoak arrantzatzera); gure aita askotan joaten da Jaizkibelgo
arroketara karramarroTARA
(=karramarro bila, karramarroak biltzera); gazte horiek larunbat gauero irteten
dira neskaTARA (//
neskengana).
· Non kasuan ere ager daiteke mugagabe hori: Goiz osoa igaro dugu mendian perretxikoTAN
(= perretxiko bila = perretxikoak bilatzen). Bi aste hegaluzeTAN
(=hegaluze bila = hegaluzeak arrantzatzen) eman = igaro = pasa = egin ondoren,
atzo itzuli ziren Lekeitioko arrantzaleak lehorrera (=atzo lehorreratu ziren).
OHARRA: Norbaitek entzumen-jarduera hau berriro egin nahi izanez gero, H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
- Identifikazio pertsonalari buruzko gai honetan, euskaldunak ditugu hizpide, eta horien artean, euskaldun bereziak, bitxiak, ez-ohikoak: Altzoko Handia, agoteak eta, oraingoan, Pernando Amezketarra. Ez dakigu berari egozten (=leporatzen) zaizkion pasadizo xelebre eta barregarri guztiak egiazkoak diren ala ez, baina ukaezina (ukatu ezin dena) da gizon xelebrea izan zela. Amezketakoa zen Fernando Amezketarra, hamaika pasadizo, bitxikeria edo xelebrekeria bizi eta egin izandako amezketarra. Fernando Amezketarra: Elkar ezin ikusi izeneko pasadizoa biltzen duen testua zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Ikasleek testua deklinabide kasu egokiekin osatu behar zuten.
Oharra:
· “Erosleak bi astoAK erosi zituen” (plurala:
“los dos burros”). Kasu honetan,
zenbaki batekin agertu arren, hitza pluralean
deklinatua dago, bi astoak konkretuak direlako, ezagunak, testuan lehenago
agertu direnak. “Bi asto__
erosi zituen” (mugagabea: “dos burros”) esango bagenu, horrek adieraziko
luke asto gehiago zeudela salgai eta berak horietako bi aukeratu zituela.
Honek emaniko aitzakia baliatuta, mugagabearen erabilerari buruzko 5. puntua, zenbakiekikoa, azaldu diet:
1. ZENBATZAILE ZEHAZTUEKIN edo ZENBAKIEKIN
(bi, hiru, zazpi, hamar, hogeita bi...) mugagabea
erabiltzen da askotan:
Bi lagun_ hil dira atzo goizaldeko istripuan.
Bost herriTAN izango dira jaiak datorren
asteburuan.
Hogei ikasleK gainditu dute azterketa eta beste horrenbestek, ez.
OHARRA: honek ez du esan nahi zenbaki
bat ikusten dugun bakoitzean mugagabea erabili behar denik; posible da plurala
ere erabiltzea, baina esanahi desberdinarekin:
Auzoko hiru etxeTAN
(mugagabea) gertatu dira lapurretak (“en 3
casas”).
Auzoko hiru etxeETAN
(plurala) gertatu dira lapurretak (“en
las 3 casas”, alegia, honek esan nahi du gure auzoan hiru etxe daudela).
Gaur hogei bizilagun_ (mugagabea) bildu dira auzokideen
bileran (“20 vecinos”).
Gaur hogei bizilagunAK (plurala) bildu dira auzokideen bileran (“los 20 vecinos”.
Horrek esan nahi du, guztira 20 garela eraikinean).
Bi ikasleK (mugagabea) gainditu dute iraileko azterketa (“2
alumnos/as”).
(Azterketara aurkeztu diren) Bi ikasleEK (plurala)
gainditu dute iraileko
azterketa (“los 2 alumnos/as”, alegia, ezagunak, konkretuak dira, aurkeztu
diren guztiak).
Erriberriko (Olite)
kanpinean bi igerileku_ (mugagabea) (“dos piscinas”) daude eta bi
igerilekuAK (plurala) (“las dos piscinas”), kanpoaldean daude.
Hiru seme_ (mugagabea) (“tres hijos”) dauzka eta hiru semeAK (plurala) (“los tres hijos”) aitarekin aritzen
dira lanean.
Istripuan bost lagun_
(mugagabea) (“cinco personas”) zauritu dira eta bost laguAK = bostAK
(plurala) (“las cinco personas” edo “las cinco”) erietxera eraman dituzte ziztu
bizian.
Pernando Amezketarrak bere ukuiluan bi asto_ (mugagabea) (“dos burros”) zeuzkan eta bi astoAK (plurala) (“los dos burros”) azokara eraman zituen saltzeko asmoz.
Ikusten duzuenez, ohikoa izaten da lehenengo aurkezpena mugagabean izatea, ezezagunak direlako, baina gero, plurala erabiltzea, jada konkretuak edo ezagunak direlako.
OHARRA: Norbaitek deklinabidea lantzeko jarduera hau berriro egin nahi badu, blogean izango du eskuragarri, bai ohiko formatuan, bai H5P formatuan (interaktiboa).
-
Pernando
Amezketarraren astoen pasadizoan honako esaldi hau irakurri ahal izan dugu:
Pernandok erosleari esan dio (astoak) elkarrekin egon direla (NOREKIN + egon) eta ezin dutela elkar_ ikusi (NOR + ikusi).
o Esaldi horiek aitzakia ezinhobea eman digute
ELKAR partikula edo izenorde
elkarkaria (erreziprokoa) azaltzekoa eta lantzeko. Horretarako, neure eskemako
zortzi batuketak egin ditugu arbelean, azalduz batuketa horietako bakoitzean
ELKAR partikulak zein kasu-marka daraman eta zergatik (ikasleei kopia bana eman
diet).
o Hiru arauok laburbildu dizkiet (ale bana
eman diet):
ELKAR izenordearen
urrezko arauak:
o 1) Ongi erreparatu aditzari, horren arabera
ondorioztatzeko ELKAR izenordeak esaldi horietako bakoitzean zein kasu-marka
hartu behar duen (aditz horrek kasu
marka hori eskatzen duelako):
Adibidez,
“ezkondu”, “egon”, “bizi”, “bidaiatu”, “hitz egin”, “afaldu”, “oheratu”…
aditzek NOREKIN kasua eskatzen dute eta beraz, ELKAR izenordea kasu horretan
deklinatuko da:
ELKARREKIN
ezkondu, ELKARREKIN egon, ELKARREKIN bizi, ELKARREKIN hitz egin, ELKARREKIN
afaldu, ELKARREKIN ongi konpondu, ELKARREKIN ibili, ELKARREKIN bidaiatu...
Baina
“ezagutu”, “agurtu”, “maitatu”, “gorrotatu”, “musukatu”…aditzek, berriz, NOR
kasua eskatzen dute eta, hortaz, ELKAR izenordea NOR kasuan joango da:
ELKAR
maite dute, ELKAR gorrotatzen dute, ELKAR ikusi dute, ELKAR agurtu dute, ELKAR ezagutzen dute...
o 2) Aditz laguntzaile egokia nola ipini zalantzak
izanez gero, hona hemen trikimailutxo
bat: ELKAR partikula singularreko 3. pertsona bailitzan hartuta: ipotxa, amona, Irungo alkatea,
Aitziber…) (IKUS goiko adibideak).
o 3) “maite
dira”, “ezagutzen dira”, “ikusten gara”, “agurtu dira”... bezalako erdarakadak onartezinak dira
erreziprokotasuna adierazteko; izan ere, aditz hauek UKAN motakoak dira (transitiboak,
alegia) eta ezin dira erabili IZANekin.
-
“Turismoak goia jo du, donostiar gehienen
iritziz” izeneko jarduera bikoitza zuzendu dugu.
1. Lehenengo ariketa zuzendu dugu, testua bertatik ateratako 8 esaldiekin
osatzekoa (2 distraktoreak saihestuz).
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
2. Bigarren ariketa – berridazketak – eurek zuzen dezatela nik emandako erantzun-orriarekin: bertan dituzte erantzunak eta beharrezko azalpenak. Egitura hauek agertu dira:
· ZEREN edo NOREN ALDEKOA / AURKAKOA + IZAN = ZEREN edo NOREN ALDE / AURKA + EGON: … bisitari-kopurua mugaTZEAREN ALDEKOAK DIRA = … bisitari-kopurua mugaTZEAREN ALDE DAUDE.
· Helburuzkoak: -T(z)EKO = -T(z)EARREN = -T(z)E ALDERA = aditzoina + subjuntiboa: saturazioa saihesTEKO = saturazioa saihesTEARREN = saturazioa saihesTE ALDERA = saturazioa saiets_ DADIN.
· Zerk + Nori + KALTE EGIN / ON EGIN = Zer + Norentzat + KALTEGARRIA / ONURAGARRIA IZAN: …jarduera turistikoAK (zerk) beraiei (nori) KALTE EGITEN DIE = …jarduera turistikoA (zer) beraientzat (norentzat) KALTEGARRIA DA.
·
-TZAT
+ jo / hartu / ukan / eduki: …galdetu diete ea hori
beharrezkoTZAT JOtzen duten.
= ZERI edo NORI + IRITZI aditza: … galdetu diete ea HORRI (zeri) beharrezkoa
DERITZOTEn = IRIZTEN DIOTEn.
Zuei (nori) zer iruditzen zaizue bihar txango
bat egiTEA? (zer)
Zuek (nork) zer DERITZOZUE = IRIZTEN DIOZUE bihar txango bat egiTEARI? (zeri)
-
Etxerako lanak:
1.
ELKAR izenordea lantzeko lehenengo hiru ariketak (esaldiak uztartu eta
zuzentzekoak), izenordain honen azalpena eurenganatu duten ikusteko eta
erabiltzen trebatzeko.
2.
Bidaiatzeko modu berrien bila: Ikasleek testua osatu behar dute, bertatik ateratako 14 esaldiak hutsune
egokietan txertatuz.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
3.
NOIZNAHI EGITEKOA: Perretxikotara joateko
garai berriak deritzon cloze-testa, udazkenerako aproposa. Honekin
batera, ebazpen orriak eta azalpenak ere banatu nizkien, azalpen guztiekin
argudiatuta, jarduera eurek zuzen dezaten; dena den, zalantzarik izanez gero,
galde diezadatela nahi dutenean, eta argituko diet.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan
(interaktiboa) ere eskura dago blogean.
4.
EKARRI: Erlatibozkoak
III
5. EKARRI Bidaiatzeko zenbait aholku edo gomendio.
Ulermen-jarduera
honetan, batetik, hitz bankuko hitzak txertatu behar dituzte aholkuen
hutsuneetan eta, bestetik, a), b) eta c) artean aukeratu behar dute ondo
deklinatuta dagoena. Lexikoa ikasteko eta mugagabea errepasatzeko, ariketa
egokia da guztiz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina