2024/11/15

B2.2 mailako 13. eskola, 2024ko azaroaren 14koa

 

13. eskola: 2024ko azaroaren 14koa 

-        Erleak iratzarri, ahaidea itzarritakoan. Testutik ateratako hamar esaldi berridatzi behar zituzten. Gaur ebazpen orria banatu diet, azalpen taulatxoekin batera:

Jakinaren gainean JARRI = jakinARAZI = Zeren berri EMAN = OhartARAZI (besteei zerbait jakinaraztea, besteei zerbaitetaz “informatzea”):

-       (hark gu) Jakinaren gainean jarri gaitu (nor-nork)

-       = (hark gu) zerbaitetaz ohartarazi gaitu  (nor-nork)

-       =(hark guri) zerbaiten berri eman digu (nor-nori-nork)

-       = (hark guri) zerbait jakinarazi digu (nor-nori-nork).

Dabidek (nork) istripu bat gertatu dela (zer) ohartarazi digu.

Dabidek (nork) (gu) horretaz (zertaz) ohartarazi gaitu.

Dabidek istripu baten (zeren) berri eman digu.

Dabidek istripu bat gertatu dela (zer) jakinarazi digu.

Istripua gertatu omen da. Dabidek jakinaren gainean jarri gaitu (Dabidek istripu bat gertatu dela jakinaren gainean jarri gaitu).

            BAINO EZ = BAIZIK EZ = BESTERIK EZ (*) = BAKARRIK:

Señalar y presentar emoticones 2023Hizkuntza bat ikasteak onurak BAINO EZ dakartza

= … onurak BAIZIK EZ dakartza

= … onurak BESTERIK EZ dakar (sing.)

= … onurak BAKARRIK dakartza.

Joan den egunean sei ikasle BAINO EZ ziren etorri .

Joan den egunean sei ikasle BAIZIK EZ ziren etorri.

Joan den  egunean sei ikasle  BESTERIK EZ zen etorri. (sing.)

Joan den egunean sei ikasle BAKARRIK etorri ziren.

Gaur Dabidek bi ariketa BAINO EZ dizkigu bidali etxerako.

Gaur Dabidek bi ariketa BAIZIK EZ dizkigu bidali etxerako.

Gaur Dabidek bi ariketa BESTERIK EZ digu bidali (sing.) etxerako.

Gaur Dabidek bi ariketa BAKARRIK bidali dizkigu etxerako.

Zalantza edo ziurtasun eza adierazten duen partikulak:

Ospakizun hori, AGIDANEAN, aspalditik dator.

Ospakizun hori, AGIDANEZ, aspalditik dator.

DIRUDIENEZ, ospakizun hori aspalditik dator.

Ospakizun hori aspalditik datorrELA DIRUDI.

BADIRUDI ospakizun hori aspalditik datorrELA.

Ospakizun hori aspalditik OMEN dator = aspalditik EI dator.

ANTZA DENEZ, ospakizun hori aspalditik dator.

(ANTZA), ospakizun hori , (ANTZA), aspalditik dator, (ANTZA).

            (NONBAIT), ospakizun hori, (NONBAIT), aspalditik dator, (NONBAIT)

ITXURA DENEZ, ospakizun hori aspalditik dator.

Subjuntiboa erabil daiteke helburua adierazteko:

Subjuntiboko adizkia dugu “DAITEZEN”. Erabilera gehiago badituen arren, sarritan helburuzko perpausak egiteko erabiltzen da eta, beraz,   “zertarako?” galderari erantzuten dio:

Denok egin behar genuke ahalegina, itsasoko arrainak plastiko artean ito ez DAITEZEN (=ez itotzeko).

Dena den, helburuzko subjuntiboa erabiltzeko, ezinbestekoa da bi subjektu desberdin izatea; bestela, ezin da erabili:

Jonek (nork1) deitu dit, ni (nork2) berarekin mendira joateko = joan NADIN.

Bihar nik (nork1) goiz jaiki beharko dut, mendira joan NADIN (ni. Nork 1=2) > joaTEKO = joan NAHI BADUT…

(ni) NADIN; (hi) HADIN; (hura) DADIN; (gu) GAITEZEN; (zu) ZAITEZEN; (zuek) ZAITEZTEN; (haiek) DAITEZEN.

Partizipioa + EZEAN  = Partizipioa + EZIK:

EZEAN = EZIK ezezko baldintza egiteko “komodina” da. Hiru baldintzetarako (erreala, alegiazkoa edo hipotetikoa, irreala edo iraganekoa) balio du eta oso erabilerraza da: partizipioari gehitzea nahikoa da, ez darama aditz jokaturik.        (–(e)Z GERO baldintzazkoaren ezezko bertsioa da)

-      Baldintza erreala: Gelan sortu den gatazka onartezina da! Zuk egiten EZ BAduzu, neuk hitz egingo dut zuzendariarekin

       = Zuk egin EZEAN (=egin EZIK), nik hitz egingo dut zuzendariarekin.

-          Alegiazko baldintza edo hipotetikoa: Ekainean ahozko proba gaindituko EZ BAnu, udan barnetegiren batera joango nintzateke

      = Ekainean ahozko proba gainditu EZEAN (=gainditu EZIK), udan barnetegiren batera joango nintzateke (alegiazko baldintza = hipotetikoa).

-       Baldintza irreala edo lehenaldikoa: Radarraren parean abiadura moteldu (izan) EZ Banu, radarrak argazkia aterako zidan

   = Radarraren parean abiadura moteldu EZEAN (=moteldu EZIK),  radarrak argazkia aterako zidan  (baldintza irreala edo iraganekoa). Eskerrak garaiz konturatu naizen!!

Mugagabea + –TZAT + hartu, jo, eduki, ukan…:  

Ustea edo iritzia adierazten du egitura honek.

 -TZAT deklinabide kasua mugagabeari lotzen zaio eta normalean, “hartu”, “eduki”, “ukan” eta “jo” aditzekin erabili ohi da normalean.

Pernando amezketarra tontoTZAT hartzen zuten herritarrek.

= Pernando amezketarra tontoTZAT jotzen zuten herritarrek.              

= Pernando amezketarra tontoTZAT zuten herritarrek.

= Pernando amezketarra tontoTZAT zeukaten herritarrek.

= Pernando amezketarra tontoa zela uste zuten herritarrek (nork).                                             

= Pernando amezketarra tontoa (zela) iruditzen zitzaien herritarrei (nor).

= Pernando amezketarra tontoa zELAKOAN (= zELAKO usteAN) zeuden herritarrak (nor) (egitura honi arreta berezia eskainiko diogu hurrengo batean).

Ikasgela honetan, Mikel jakintsuTZAT daukagu denok = Mikel jakintsua dela uste dugu.

Greziarrek jainkoak hilezkorTZAT zeuzkaten = … uste zuten jainkoak hilezkorrak zirela.

Gaur egun herritar askok politikariak lapurTZAT hartzen dituzte = gaur egun herritar askok uste dute politikariak lapurrak direla.

Santxotenak  agoteen oinordekoTZAT dauka bere burua =Santxotenak uste du bera agoteen oinordekoa (=ondorengoa) dela. 

(Tokian) tokiko produktuak jatea gomendatzen dute. (Tokian) tokiko albisteak

(tokian) tokiko ohiturak eta usadioak. Toki bakoitzekoak, alegia.

 a osagaia EZ EZIK, b osagaia ERE:

  1. Juntagailu hau bi osagai gehitzeko erabiltzen da. Hortaz, hauen parekoa da:

Juanma (a) EZ EZIK, Oihane (b) ERE leiho ondoan eserita dago.

EZ BAKARRIK Juanma (a), Oihane (b) ERE leiho ondoan eserita dago.

EZ Juanma (a) BAKARRIK, Oihane (b) ERE leiho ondoan eserita dago.

Juanma (a) ETA Oihane (b) leiho ondoan eserita daude.

(NAHIZ) Juanma (a) NAHIZ Oihane (b) leiho ondoan eserita daude.

(ZEIN) Juanma (a) ZEIN Oihane (b) leiho ondoan eserita daude.

BAI Juanma (a), BAI Oihane (b) leiho ondoan eserita daude.

NOLA Juanma (a), HALA Oihane (b) leiho ondoan eserita daude.

HALA Juanma (a), NOLA Oihane (b) leiho ondoan eserita daude.

2.      Aditzaren komunztadura bigarren osagaiarekin egiten da.

Juanma (a) EZ EZIK, Oihane (b) ERE leiho ondoan eserita dago (daude).

Juanma (a) EZ EZIK, ni (b) ERE leiho ondoan eserita nago.

Juanma (a) EZ EZIK, zu (b) ERE leiho ondoan eserita zaude.

Juanma (a) EZ EZIK, Ana eta Gorka (b) ERE leiho ondoan eserita daude.

3.      EZ EZIK…ERE-k edozein kategoriatako osagaiak elkar ditzake, hau da, gehitzen diren bi osagai horiek edozein kategoriatakoak izan daitezke:

Gasteizek (a) EZ EZIK, Iruñeak (b) ERE berdegune asko dauzka (bi izen).

Azkar (a) EZ EZIK, ongi (b) ERE hitz egiten du ingelesez (bi aditzondo edo adberbio, moduzkoak, nola? galderari erantzuten diotenak).

Mikel Sentibera (a) EZ EZIK, adeitsua (b) ERE bada (bi izenondo edo adjektibo, bi kualitate, nolakoa? galderari erantzuten diotenak).

Hau (a) EZ EZIK, hori (b) ERE oso interesgarria da (bi izenordain).


 

Irakasleak ariketak zuzendu (a) EZ EZIK, gai berria azaldu (b) ERE egin du.    

=  …ariketak zuzendu (a) EZ EZIK, gai berria azaldu (b) ERE azaldu du.

Denda horretan, arropak probatu (a) EZ EZIK, erosi (b) ERE egin ditut.

= Denda horretan, arropak probatu (a) EZ EZIK, erosi (b) ERE erosi ditut.

(Bi aditz partizipio elkartzean, derrigorrezkoa da bigarrena indartzea!!!) 

-   Galderak beste Donostia horretara II izeneko ulermen zehatzeko jarduera zuzendu dugu, beharrezko azalpenak emanez. Aurretik lexikoa jorratzeko testu hau landua dugunez, eta orduan zehatz-mehatz testuaren edukia aztertu genuenez, horrek erraztu die, ustez, ulermen jarduera egitea. Ez dugu testu osoa irakurri. Hori bai, item bakoitza zuzendu ahala, testuan erantzun zuzena eta okerrak arrazoitzeko pasarteak azpimarratu dizkiet.

OHARRA: Norbaitek idatziaren ulermen zehatzeko jarduera hau berriro egin nahi izanez gero, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-     ENTZUNAREN ULERMENA: Etxebizitza turistikoak (x1). Zuzendu berri dugun testuan zera irakurri ahal izan dugu, Donostiako udalak onartu duela – hitzez, behintzat – turismoa mugatu beharra dagoela, hots, turismoaren hazkundeari nolabaiteko muga ezarri beharra dagoela; muga-neurri bat izan liteke, esaterako, turismo-tasa bat indarrean jartzea eta beste bat, etxebizitza turistikoak arautzea. Horren gaineko entzungaia izan dugu entzungai. Itemak azaldu dizkiet (eta hauekin batera datozen ohar lexikoak – atzean kopiatu dizkiet – ere bai) eta bitan entzun dugu. Ondoren, zuzendu egin dugu, erantzun zuzenak behar bezala arrazoituz. Lexiko lagungarria:

- “Jarduera-baimena: zeregin horretan jarduteko edo aritzeko baimena. Adibidez, landetxe bat, taberna bat…zabaltzeko beharrezkoa dena. Udalari edo Diputazioari eskatzen zaio normalean.

- “Urratu”: legeari dagokionean, legea ez betetzea esan nahi du, legea “haustea” (“infringir”). Gauza bera eskubideekin:    giza eskubideak urratu: giza eskubideak ez bete (“vulnerar”).

- “Indarrean jarri /egon / jarraitu”: Lege munduan erabiltzen da (legea, araua, araudia, neurria…): “poner /estar en vigor”. Indarrean jarri dute abortuaren aurkako lege berria. Indarrean dagoen araudiaren arabera, debekatuta dago eskolan erretzea.

-  “Bere horretan + utzi / geratu / egon / jarraitu / eutsi…”: lehen zegoen bezala, ukitu gabe, inongo aldaketarik egin gabe. Aurten etxeko horma guztiak margotu ditugu, nire logelakoa izan ezik; nire logelakoa bere horretan utzi dugu.

- “Begi onez ikusten du”: ongi iruditzen zaio /“Ez du begi onez ikusten“ (begi txarrez ikusi).

- “Ustiatu” (“explotar”): Zerbaiti (negozio bati, meategiari, lursail bati…) etekin edo probetxu ekonomikoa ateratzea.

UstiaTEGIa: “explotación”. Adib. “nekazaritza-ustiategia”.

UstiaPENa edo ustiaKETA: “explotación”. Adib. “Baliabide naturalen ustiapena egin zuten errusiarrek Islandian”: “Petrolioaren ustiaketak jende asko aberastu du Dallasen”.

- “-(e)LAKOAN + egon”: gogoratu egitura honek ustea edo iritzia adierazten duela: legezkoak dirELA uste du. Altzoko Handiari buruzko berridazketetan azaldu genuen.

A erabilera):

Gaur nik liburua klasera ekarri dut, erabiliko duguLAKOAN = erabiliko duguLAKO USTEAN = erabiliko duguLA PENTSATUZ.

Maila honetan matrikulatu gara, aurten asko ikasiko duguLAKOAN = ikasiko duguLAKO USTEAN = ikasiko duguLA PENTSATUZ.

B erabilera):

Bihar eguraldi ona egingo duELAKOAN NAGO = egingo duELA USTE DUT.

Ikasle hauek oso jatorrak dirELAKOAN NAGO = dirELA USTE DUT.

Datorren igandeko manifestazioan istiluak sortuko dirELAKOAN NAGO = sortuko dirELA USTE DUT.

Asier jarduera-baimena duten pisu guztiak legezkoak dirELAKOAN DAGO = dirELA USTE DU Asierrek.

- ZERK + “Behera egin” / “Gora egin”: Bihar tenperaturek (zerk) behera egingo dute / gora egingo dute = Bihar tenperaturak (zer) jaitsiko dira / igoko dira. Langabetuen kopuruak (zerk) behera egiten du uda sasoian (uda garaian), baina udazkenean, berriz gora egiten du = Langabetuen kopurua (zer) jaitsi egiten da…igo egiten da.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean. 

-     ENTZUNAREN ULERMENA II: Turismoari muga donostiarrik gabe  (x 0´8) Gaur zuzendu dugun jarduerarekin (Galderak beste Donostia horretara) zerikusi estua duen entzumen-jarduera bat da honako hau ere.  Entzungaia behin entzun eta, batetik, hiru aukeretatik entzungaian adierazten dena ondoen laburbiltzen duen esaldia hautatu behar izan dute ikasleek; bestetik, berriro entzun eta zortzi baieztapen egiazkoak diren ala ez adierazi behar izan dute. Jarraian, zuzendu egin dugu ebazpen-orria arbelean jarrita (bertan ikusi ahal izan dituzte erantzun zuzenak eta erantzun horiek argudiatzeko transkripzio zatiak). Entzumenari ekin aitzin (=ekin baino lehen), atzean atxiki dudan hiztegi lagungarriari arretaz erreparatu diogu. Hiztegi lagungarria:

Irlak hiriari SO jarraitzen zuen (NORI + so = NORI begira).

SO EGIN = begiratu.

Igeldoko xarmak ere BERE HORRETAN zela zirudien.                   

(BERE HORRETAN + UTZI / EGON / JARRAITU / EUTSI / GERATU = LEHEN BEZALA = DAGOEN edo LEHEN ZEGOEN BEZALA = inolako aldaketarik gabe).  Agertu berri zaigu, etxebizitza turistikoei buruzko entzumen jardueran. Adib.: Ez ezazu ukitu hori, utz ezazu bere horretan. Asierrek etxibitza turistikoak arautuko dituen ordenantza bere horretan onartzea nahi du. Etxeko logelak eta egongela berriztatu nituen, baina komuna bere horretan utzi nuen.

Bertako donostiarren ZANTZUAK (=arrastoak; “indicio, rastro, señal, pista”). Adib.: Hasieran gizon hark bere burua hil zuela pentsatu arren, gero, poliziek hilketa baten zantzuak topatu zituzten.

Mamia = erroa = sustraía

Goraipatu (=laudatu = goretsi)(alabar, elogiar) zenbat eta zenbat turista pasa diren aldiro.

Hutsal(a) = hutsaren hurrengoa (garrantzirik gabea, funtsik gabea; “efímero, vano, vacío”) bihurtu da.

Izerdi larria sentitu du bizkarrean behera (larritasunak eragiten duen izerdia da, ez nekeak eragindakoa; adibidez, istripu bat ozta-ozta saihesten duzunean).

-    AHOZKO ADIERAZPENA: Hondarribia Hilton (0´35-0´40) II. saioa (bateratzea). Ikasleak hirunaka bildu dira eta honako balizko egoera honi heldu zioten joan den eguneko klasean:

Demagun[1] Hondarribiko  hondartzan luxuzko hotel bat eraiki nahi duela Hilton kateak (talasoterapia, bezeroentzako kai propioa, palmondoz eta hainbat espezie exotikoz betetako lorategiak,  hondartzan etzaulki nahiz eguzkitakoak…eta guzti).

Ver las imágenes de origen

Hirukote bakoitzean, rolak banatu genituen: Batetik, proiektua gauzatzearen aldekoa/k (enpresa sustatzaileko zuzendaritza taldea) eta, bestetik, proiektua gaitzesten[2] zuena / zutenak, IHEIEko (Ingurumenaren aldeko Herritar Ekologista Iraultzaileen Elkartea) kideak.

Hirukote bakoitzean, ikasleek euren artean eztabaidatu behar izan zuten proiektua gauzatzeak nolako ondorioak izan litzakeen herrian eta inguruan (zarata, zikinkeria, prezioen igoera, bertako biztanleen bizi-kalitatearen aldaketa, paisaia eta natura, garraio zerbitzuak, lanpostuen sorrera eta hauen kalitatea, bezeroen / jabeen diru-ekarpena herriko ostatu nahiz dendetan…), euren iritziak behar bezala argudiatuz.

Irakasleak alkatearena egingo du eta berari dagokio, aldeko eta aurkako argudioak entzun eta kontuan hartuta, enpresa sustatzaile-eraikitzaileari jarduera-baimena eman ala ez erabakitzea.

Gaurko klasean, bateratze saioa egin dugu denon artean eta ikasleek egitasmoaren aldeko / aurkako argudioak eman ahala, taulan jaso ditut. Halaber, zenbait alde on eta txar planteatu dizkiet, euren iritzia eman zezaten.

-          Etxerako lanak:

1.   Erleak iratzarri, ahaidea itzarritakoan. Testutik ateratako hamar esaldien berridazketak zuzendu, neuk emandako ebazpen orriko oharrei arretaz erreparatuta.

2.    ASTEKO IRAKURGAIA (artikulu osoa ez bada, hiru zatietako bat – a,b,c – irakurri): Ostalarien aukera, anfitrioien eztabaida. Etxebizitza turistikoei buruzkoa da.

3.  Turismoak goia jo du, donostiar gehienen iritzizizeneko jarduera bikoitza. Batetik, testua osatu behar dute, bertatik ateratako 8 esaldiekin, kontuan izanik 2 distraktore ere badituztela. Bestetik, testuko zenbait esaldi berridatzi behar dituzte, egitura batzuk lantze aldera.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

4.  Bidaiatzeko zenbait aholku edo gomendio. Ulermen-jarduera honetan, batetik, hitz bankuko hitzak txertatu behar dituzte aholkuen hutsuneetan eta, bestetik, a), b) eta c) artean aukeratu behar dute ondo deklinatuta dagoena. Lexikoa ikasteko eta mugagabea errepasatzeko, ariketa egokia da guztiz.

5.   NOIZNAHI EGITEKOA: Perretxikotara joateko garai berriak deritzon cloze-testa, udazkenerako aproposa. Honekin batera, ebazpen orriak eta azalpenak ere banatu nizkien, azalpen guztiekin argudiatuta, jarduera eurek zuzen dezaten; dena den, zalantzarik izanez gero, galde diezadatela nahi dutenean, eta argituko diet.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

6.      EKARRI: Erlatibozkoak III

EKARRI: Identifikazio pertsonalaren gaiari heltzera goaz. Bada Gipuzkoan herri polit askoa: Amezketa. Eta bertakoa zen hainbat pasadizo bizi izandako gizon xelebre edo bitxi bat: Pernando Amezketarra. Ikasleei Pernandoren asto itsuen pasadizoa (Elkar ezin ikusi) banatu diet, hutsuneak deklinabide kasuekin osa ditzaten.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskuragarri dago blogean.



[1] Demagun = suposa dezagun…

[2] Gaitzetsi: txartzat eman edo txartzat jo, ez onartu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina