2024/11/22

B2.2 mailako 15. saioa, 2024ko azaroaren 21ekoa

 

15. eskola: 2024ko azaroaren 21ekoa

-          Erlatibozko perpausak lantzen III  zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez.

ü  10. esaldiari arreta berezia ipini diogu: 


A) Goizean (erakusleihoan) begiz jo duguN gona arratsaldean erosi dugu .


B) Arratsaldean erosi duguN gona goizean jo dugu begiz erakusleihoan.

Zergatik ageri da “begiz jo dugun gonA” eta “erosi dugun gonA” aditz nagusia “dugu” (UKAN) baldin bada? Ez al luke, bada, UKAN horrek NORK kasua eskatuko? “gonaK”? Ezzzzzzz.

Hamaika aldiz esana diet erlatibozkoaren ondoko izenak edo erreferenteak (edo erlatibozkoak berak, izen hori desagertua bada) aditz nagusiarekin komunztatu behar duela, baina horrek ez du esan nahi aditz nagusia UKAN denean erlatibozkoaren ondoko izen hori (edo erlatibozkoa) beti NORK kasuan agertuko zaigunik. NORK = ZERK kasuan agertuko da, baldin eta ondoko izen hori (edo erlatibozkoa) UKAN aditz nagusiaren subjektua bada; aditz nagusi horren objektua baldin bada, ordea, NOR = ZER kasuan egongo da. Azalpena ulerterrazagoa gerta dakien, honako adibide hauek ipini dizkiet:

Zuloa duEN galtzerdiA (nor,zer) armairuan dago.

Zuloa duEN galtzerdiA (nor, zer)  /AK zaborretara bota dut (nik)(nork).

Zuloa duEN galtzerdiA / AK (nork, zerk) erronboak (zer) ditu. 

ü  Ariketa zuzendu ahala, honako ohar hauek egin dizkiet:

·         Diru_ eske(an) (Mugagabea + eske(an) / bila)  (dirua eskatzen). Eguberrietan etxez etxe joaten gara Olentzero hartuta, diru eske(an) (IKUSHemen dugu Halloween ate-joka” jardueraren zuzenketa-oharrak).

·       ondo baino hobeto = ezin hobeto. Zer moduz egin duzu azterketa? Ongi baino hobeto! = Ezin hobeto!

·         adarra jo (ilea hartu)

·    alferrik galdu: “desperdiciar”. Ez zait gustatzen denbora alferrik galtzerik. Batzuek dirua alferrik galtzen dute eta ez dute sosik aurrezten. Alferrik galtzen diren elikagaiak biltzen dituzte elikagaien bankuek, gero, beharrean daudenei banatzeko. Indarra alferrik galtzen ari zara; eskaiozu laguntza norbaiti kaxa astun hori altxatzeko.

·     prakak bete lan + ibili = lanez gainezka + ibili = buruz gain + ibili: Ez dut idazlana egiteko astirik izan, zeren prakak bete lan nabil = lanez gainezka nabil = buruz gain nabil.

- Dabid, ba al dakizu Jaione haurdun dagoela?

- Bai, jakinaren gainean nago = Badakit = Badut horren berri.

Jakinaren gainean JARRI = jakinARAZI = Zeren berri EMAN = OhartARAZI

(hark gu) Jakinaren gainean jarri gaitu (nor-nork)

= (hark gu) zerbaitetaz ohartarazi gaitu  (nor-nork)

=(hark guri) zerbaiten berri eman digu (nor-nori-nork)

= (hark guri) zerbait jakinarazi digu (nor-nori-nork).

Dabidek (nork) istripu bat gertatu dela (zer) ohartarazi digu.

Dabidek (nork) (gu) horretaz (zertaz) ohartarazi gaitu.

Dabidek istripu baten (zeren) berri eman digu.

Dabidek istripu bat gertatu dela (zer) jakinarazi digu.

Istripua gertatu omen da. Dabidek jakinaren gainean jarri gaitu (Dabidek istripu bat gertatu dela jakinaren gainean jarri gaitu).

“Begi” daramaten zenbait esapide:

Norbait edo zerbait BEGIZ JO dut (begia bota diot).

X ikaslea BEGIKO DUT (=gustuko dut, gogoko dut).

Y ikaslea BEGITAN HARTU DUT (“mania diot”).

-      Zuzendu berri dugun ariketako 1. esaldia aitzakiatzat harturik, iraganeko NOR-NORI-NORK adizkiak errepasatzeari ekin diogu. Horretarako, adizki horien eskema eta taulak (horizontala (I) zein bertikala (II)) banatu eta beharrezko azalpenak eman dizkiet: eskema nola dagoen egituratua, pertsona markak edo morfemak aurrean ala atzean doazen,…



       

-      Bidaiatzeko modu berrien (eta merkeen) bila. Testua irakurri ahala, idatziaren ulermena lantzeko jarduera honen  zuzenketa egin dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Ikasleek testuko hutsuneak osatu behar zituzten, hamalau esaldi txertatuz.

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi izanez gero, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-          AHOZKO ADIERAZPENA: Turista mota (30´): Aurreko egunetan, turismoa  eta honek dakarren masifikazioa mugatu behar litzatekeen ala ez eztabaidatu dugu. Zuzendu berri dugun jardueran (Bidaiatzeko modu berrien (eta merkeen) bila) zenbait ideia agertu zaizkigu, hala nola, gaur egun lehen baino irteera motzagoak egiten ditugula, oporretara joaten garenean gutxiago gastatzen saiatzen garela, askoz lehenagotik erosten ditugula azken momentura arte itxaron beharrean, gazteek nahiago izaten dutela bidaia-txartela erosi eta gero euren kabuz ibili, eta badirela merke bidaiatzeko moduak, esaterako, etxe-trukea, autoa partekatzea eta cochsurfing-a. Zu zeu nolako turista zaitugu? Beste makina bat turista bezala, promozionatzen diren lekuetara joaten den horietakoa ala txoko ezkutuen bila jotzen duten horietakoa? Ikasleak binaka nahiz hirunaka bilduta puntu jakin batzuen gainean solastu dira (puntu bakoitzeko denbora-tarte jakina utzi diet). Gaurkoan, lehenengo hiru puntuak izan ditugu mintzagai.

Gazteek dena antolatuta daukaten bidaiak egin beharrean, bidaia-txartela bakarrik erosten omen dute askotan eta gero gerokoak. Zuk zer duzu nahiago, bidaia antolatuak (hegaldia, egonaldia, otorduak, txangoak...dena barne)  egin ala bidaia-txartela bakarrik hartu eta gero zeure kontura ibili? Zergatik?

Zein izango litzateke zure ametsetako bidaia? Nora joango zinateke dena ordainduta edukiz gero?

Inoiz izan al duzu arazorik zure bidaiaren batean? Zein arazo? Nola konpondu zenuen? Erreklamazioa jarri behar izan zenuen?

-          Etxerako lanak:

1. Hurrengo klasean hizpide izango dugun gaiarekin – umerik gabeko hotelak – zerikusia duen bideo pasartea ikus dezatela eta 1. ariketa egin. IKUS-ENTZUNA: Umerik gabeko hotelak. Egun, gero eta gehiago dira haurrik onartzen ez duten hotelak, turista batzuen lasaitasuna bermatzeko aitzakiarekin, baina gaia aski eztabaidagarria da; izan ere, batzuen ustetan, neurri diskriminatzailea edo baztertzailea da hori. Ikasleek birritan ikus dezatela bideoa eta, ikusi ahala, zortzi esaldiak ordena ditzatela. Ondoren, 2. jarduera egin dezatela: IDATZIAREN ULERMENA: Umerik gabeko hotelak. Artikulu osoa irakurri eta hamabi esaldi osatu, esaldien lehen zatia eta bigarrena uztartuz (=lotuz). Bi ariketak gelan zuzenduko ditugu.

2. Iraganeko nor-nori-nork lantzeko berariazko ariketa analitikoak, Bakarka liburukoak  (erantzun-orriak ere banatu dizkiet). Denak hurrengorako egitea ez dela derrigorrezkoa adierazi diet, euren nahieran administra ditzatela ariketa hauek. OHARRA: ariketa hauek ez dira blogean eskuragarri egongo.

    3. Erlatibozko perpausari edota honek daraman ondoko izenari kasu-marka egokia ipintzen trebatzeko berariaz (=espreski) prestatutako indartze-ariketa, hau da, erlatibozko deklinatuak lantzekoa, erlatibozkoa deklinatzeko arazoak dituztenentzat oso egokia. Errepara diezaiotela beltzez dagoen aditz nagusiari kasu egokia hautatzeko. Erantzunak ere banatu dizkiet, egin ostean eurek zuzentzeko.


Ederki asperrarazi …nautenei / nautenak (nor plurala) / nautenek …nire lagunak dira.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau – osatuagoa, esaldi berriekin –  H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

   4. Idazlana: Pisu turistikoa. Zinegotziarentzako e-posta, jabeari jarduera baimena uka diezaion.

   5. Ikasleen ekoizpen idatzian nahiz ahozkoan, gramatika zuzentasuna, aberastasuna eta ideien arteko koherentzia bezain garrantzitsua da ideia horiek (esaldi nahiz paragrafoak) behar bezala uztartzea (=lotzea), horretarako testu antolatzaileak (lokailuak,…) erabiliz, “klipak” balira bezala. Ikasleak ideia, esaldi nahiz paragrafoen arteko kohesioaren garrantziaz ohartarazi ondoren, euskarazko lokailuen azalpen zehatza biltzen duen txostena banatu diet, eurek etxean irakur dezaten.

NOIZNAHI EGITEKOA: Perretxikotara joateko garai berriak deritzon cloze-testa, udazkenerako aproposa. Honekin batera, ebazpen orriak eta azalpenak ere banatu nizkien, azalpen guztiekin argudiatuta, jarduera eurek zuzen dezaten; dena den, zalantzarik izanez gero, galde diezadatela nahi dutenean, eta argituko diet.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

EKARRI: ELKAR izenordea lantzeko lehenengo  hiru ariketak (esaldiak uztartu eta zuzentzekoak), izenordain honen azalpena eurenganatu duten ikusteko eta erabiltzen trebatzeko.

EKARRI Bidaiatzeko zenbait aholku edo gomendio. Ulermen-jarduera honetan, batetik, hitz bankuko hitzak txertatu behar dituzte aholkuen hutsuneetan eta, bestetik, a), b) eta c) artean aukeratu behar dute ondo deklinatuta dagoena. Lexikoa ikasteko eta mugagabea errepasatzeko, ariketa egokia da guztiz.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina