2024/11/27

B2.2 mailako 16. eskola, 2024ko azaroaren 26koa

 

16. eskola: 2024ko azaroaren 26koa


Pernandok erosleari esan dio (astoak) elkarrekin egon direla (NOREKIN + egon) eta ezin dutela elkar_ ikusi (NOR + ikusi).

-      Esaldi hau abiapuntutzat hartuta, ELKAR izenordearen erabilera azaldu nien joan den astean. Gaur, azalpen horren ideia nagusiak gogorarazi dizkiet (ELKAR izenordearen urrezko arauak).

ELKAR izenordearen urrezko arauak:

o   1) Ongi erreparatu aditzari, horren arabera ondorioztatzeko ELKAR izenordeak esaldi horietako bakoitzean zein kasu-marka hartu behar duen (aditz horrek kasu marka hori eskatzen duelako):

                   Adibidez, “ezkondu”, “egon”, “bizi”, “bidaiatu”, “hitz egin”, “afaldu”, “oheratu”… aditzek NOREKIN kasua eskatzen dute eta beraz, ELKAR izenordea kasu horretan deklinatuko da:

                   ELKARREKIN ezkondu, ELKARREKIN egon, ELKARREKIN bizi, ELKARREKIN hitz egin, ELKARREKIN afaldu, ELKARREKIN ongi konpondu, ELKARREKIN ibili, ELKARREKIN bidaiatu...          

                    Baina “ezagutu”, “agurtu”, “maitatu”, “gorrotatu”, “musukatu”…aditzek, berriz, NOR kasua eskatzen dute eta, hortaz, ELKAR izenordea NOR kasuan joango da:

                        ELKAR maite dute, ELKAR gorrotatzen dute, ELKAR ikusi dute, ELKAR agurtu dute, ELKAR ezagutzen dute...

 

o   2) Aditz laguntzaile egokia nola ipini zalantzak izanez gero, hona hemen  trikimailutxo bat: ELKAR partikula singularreko 3. pertsona bailitzan hartuta: ipotxa, amona, Irungo alkatea, Aitziber…) (IKUS goiko adibideak).

 

o   3)maite dira”, “ezagutzen dira”, “ikusten gara”, “agurtu dira... bezalako erdarakadak onartezinak dira erreziprokotasuna adierazteko; izan ere, aditz hauek UKAN motakoak dira (transitiboak, alegia) eta ezin dira erabili IZANekin.

 

-      Ondoren, ELKAR izenorde elkarkaria lantzeko etxean egin dituzten hiru ariketak zuzendu ditugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez.

 

ULERTU aditzaren erabilera:

o   NOR-NORK laguntzailearekin (Zure lana, familia eta lagunak utzi eta ardiz inguratuta mendiko borda batean bizitzera joan zarela?? Nik zu ez zaitut ulertzen. Nola egin duzu burugabekeria hori?)  (ez dut ulertzen zure bizimodua, zure pentsaera edo pentsamoldea, zure filosofia, zure jarrera, zure jokaera edo jokabidea….)

o   NOR-NORI-NORK-ekin (Nik zuri ez dizut ulertzen esaten ari zarena, nire frantses maila oso baxua baita) (ez dut ulertzen zer esaten ari zaren, adibidez, hizkuntza desberdina darabilgulako edo gaizki azaltzen ari zarelako).

-      AHOZKO JARDUERA: Adizkien katea. Joan den egunean, Indikatiboko NOR-NORI-NORK adizkiak errepasatzeari ekin genion. Gaurkoan, adizki hauen osaeraren zantzu nagusiak gogorarazi ostean, mintza-katea egin dugu, honako esaldi hau abiapuntutzat hartuta:

Ikasleek ondoko ikaskideari konbinazio bat eskatuz eta esaldi bera probestuz, iraganeko NOR-NORI-NORK adizkiak landu ditugu ahoz gurpilean. Ikasle kopuruaren arabera, itzuli bakarra, bi edo hiru egin litezke. Ariketa egokia da adizkien erabileran trebatzeko.

-     Ikasleen ekoizpen idatzian nahiz ahozkoan, gramatika zuzentasuna, aberastasuna eta ideien arteko koherentzia bezain garrantzitsua da ideia horiek (esaldi nahiz paragrafoak) behar bezala uztartzea (=lotzea), horretarako testu antolatzaileak (lokailuak,…) erabiliz, “klipak” balira bezala. Ikasleak ideia, esaldi nahiz paragrafoen arteko kohesioaren garrantziaz ohartarazi ondoren, euskarazko lokailuen azalpen zehatza egin diet, etxean irakurria izan behar luketen txostena baliatuz.

Lokailuok multzoka eta azpimultzoka sailkatuta dauzkate, ideien artean dagoen erlazioaren arabera:

Emendiozko lokailuak (ere, gainera, bestalde, behintzat…)

hautakariak (bestela, osterantzean)

aurkaritzakoak (ordea, berriz, dena den, hala ere, edonola ere…) ondoriozkoak (beraz, orduan, hortaz, ondorioz…)

kausazkoak (zeren, izan ere)

azalpenak ematekoak (hots, hau da, alegia)

adibideak ematekoak (esate baterako, hala nola, besteak beste…)

zehaztekoak (hain zuzen ere)

sintesi bat egitekoak (azken finean…)

Arreta berezia merezi izan du ondoriozkoen eta kausazkoen arteko aldeak. Ez ditzatela bi multzo hauetako lokailuak nahastu, justu aurkakoak baitira!!:

·        Lo egiteko arazoak izaten ditut;

BERAZ = HORREGATIK = HORTAZ = HORI DELA ETA =  ONDORIOZ = HORREN ONDORIOZ,

lotarako pilulak hartzen ditut.

    (AZALPENA: kausa lehenengo doa eta ondoriozko lokailu hauen jarraian, ondorioa dator).

·        Lotarako pilulak hartzen ditut;

IZAN ERE,

lo egiteko arazoak izaten ditut.

      (AZALPENA: justu alderantziz. Ondorioa aurrean doa eta IZAN ERE lokailuaren jarraian kausa dator) (“Zergatik hartzen dituzu lotarako pilulak?” galderari erantzuten dio ondoren datorren kausazko esaldiak eta beraz, kausazko lokailu bat beharko dugu: IZAN ERE (= ZEREN lo egiteko arazoak izaten ditut = lo egiteko arazoak izaten ditudaLAKO = ditut ETA = BAITitut).

-      AHOZKO ADIERAZPENA: Turista mota (II.saioa) (20´): Aurreko egunetan, turismoa  eta honek dakarren masifikazioa mugatu behar litzatekeen ala ez eztabaidatu dugu. Zuzendu berri dugun jardueran (Bidaiatzeko modu berrien (eta merkeen) bila) zenbait ideia agertu zaizkigu, hala nola, gaur egun lehen baino irteera motzagoak egiten ditugula, oporretara joaten garenean gutxiago gastatzen saiatzen garela, askoz lehenagotik erosten ditugula azken momentura arte itxaron beharrean, gazteek nahiago izaten dutela bidaia-txartela erosi eta gero euren kabuz ibili, eta badirela merke bidaiatzeko moduak, esaterako, etxe-trukea, autoa partekatzea eta cochsurfing-a. Zu zeu nolako turista zaitugu? Beste makina bat turista bezala, promozionatzen diren lekuetara joaten den horietakoa ala txoko ezkutuen bila jotzen duten horietakoa? Ikasleak binaka nahiz hirunaka bilduta puntu jakin batzuen gainean solastu dira (puntu bakoitzeko denbora-tarte jakina utzi diet). Gaurkoan, 3 eta 4. puntuak izan ditugu mintzagai.

-          Inoiz izan al duzu arazorik zure bidaiaren batean? Zein arazo? Nola konpondu zenuen? Erreklamazioa jarri behar izan zenuen?

-          Turistek beti errespetatu behar lituzkete (tokian) tokiko ohiturak (mezkita batera sartzeko praka luzeak janztea edo burua estaltzea, esaterako)?

-          Etxerako lanak:

1.    Joan den egunean zuzendutako “Erlatibozkoak perpausak lantzen III” ariketa ikasle batzuei asko kosta zitzaienez, horren pareko beste ariketa bat bidali diet: “Erlatibozko perpausak lantzen IV” (ebazpen orria ere banatu / banatuko diet).

2.    Lokailuekin esaldiak osatzeko ariketa. 33 esaldi dira, ideien arteko erlazioa kontuan izanik lokailu egokia sar dezaten ideia horiek elkarri lotzeko (=uztartzeko). EBAZPEN orria ere eman diet.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

3.    ELKAR izenordea lantzeko ariketak II (Iñigo Mendiaurreri egindako elkarrizketa eta hutsuneak betetzeko ariketa).

4. JARRAITU EGITEN: Iraganeko nor-nori-nork lantzeko berariazko ariketa analitikoak, Bakarka liburukoak  (erantzun-orriak ere banatu nizkien). Ikasleek euren nahieran administra ditzatela ariketa hauek. OHARRA: ariketa hauek ez dira blogean eskuragarri egongo.

5.    NOIZNAHI EGITEKOA: Erlatibozko perpausari edota honek daraman ondoko izenari kasu-marka egokia ipintzen trebatzeko berariaz (=espreski) prestatutako indartze-ariketa, hau da, erlatibozko deklinatuak lantzekoa, erlatibozkoa deklinatzeko arazoak dituztenentzat oso egokia. Errepara diezaiotela beltzez dagoen aditz nagusiari kasu egokia hautatzeko. Erantzunak ere banatu dizkiet, egin ostean eurek zuzentzeko.


Ederki asperrarazi …nautenei / nautenak (nor plurala) / nautenek …nire lagunak dira.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau – osatuagoa, esaldi berriekin –  H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

6. NOIZNAHI EGITEKOA: Perretxikotara joateko garai berriak deritzon cloze-testa, udazkenerako aproposa. Honekin batera, ebazpen orriak eta azalpenak ere banatu nizkien, azalpen guztiekin argudiatuta, jarduera eurek zuzen dezaten; dena den, zalantzarik izanez gero, galde diezadatela nahi dutenean, eta argituko diet.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-         EKARRI Bidaiatzeko zenbait aholku edo gomendio. Ulermen-jarduera honetan, batetik, hitz bankuko hitzak txertatu behar dituzte aholkuen hutsuneetan eta, bestetik, a), b) eta c) artean aukeratu behar dute ondo deklinatuta dagoena. Lexikoa ikasteko eta mugagabea errepasatzeko, ariketa egokia da guztiz.

-          EKARRI Hurrengo klasean hizpide izango dugun gaiarekin – umerik gabeko hotelak – zerikusia duen bideo pasartea ikus dezatela eta 1. ariketa egin. IKUS-ENTZUNA: Umerik gabeko hotelak. Egun, gero eta gehiago dira haurrik onartzen ez duten hotelak, turista batzuen lasaitasuna bermatzeko aitzakiarekin, baina gaia aski eztabaidagarria da; izan ere, batzuen ustetan, neurri diskriminatzailea edo baztertzailea da hori. Ikasleek birritan ikus dezatela bideoa eta, ikusi ahala, zortzi esaldiak ordena ditzatela. Ondoren, 2. jarduera egin dezatela: IDATZIAREN ULERMENA: Umerik gabeko hotelak. Artikulu osoa irakurri eta hamabi esaldi osatu, esaldien lehen zatia eta bigarrena uztartuz (=lotuz). Bi ariketak gelan zuzenduko ditugu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina