38. eskola: 2025eko otsailaren 25ekoa
- Familia ereduei eta, guraso izateari buruz ari garelarik, ikasleei gogorarazi diet familia eredu anitz ditugula gaur egun, garai batean ez bezala: batzuek bakarrik bizitzeko hautua egiten dute (singleak); beste batzuk guraso bakarreko familiak dira (joan den egunean ezagutu genuen bakarkako ama izatea erabaki zuen Itsasneren kasua). Beste eredu bat sexu bereko bi kidek osatutakoa litzateke, familia homosexuala, alegia. Halakoxe familia osatzen dute Aran eta Ariane andoaindarrek euren alaba Olaiarekin. Aran, Ariane eta Olaia, familia bat beste askoren artean izeneko ulermen jarduera zuzendu dugu. Bertan, haur bat izan duen bikote homosexual baten berri ematen zaigu. Ikasleek testuaren zati bakoitzari dagokion ideia nagusia ondoen laburbiltzen duen esaldia aukeratu behar zuten. Oso jarduera egokia da idatziaren ulermenean trebatzeko. Zuzendu ahala, honako oharrok egin dizkiet (eurei kopia bana eman diet):
1. “Oraindik bada horrelako egoeren aurrean zer esan
ez dakiELA(rik) geratzen denIK”. Hemen, moduzko –ELA(RIK) agertu
zaigu, “nola?” galderari erantzuten diona
Oso egokia dugu euskaraz NOREKIN + NON
konbinaketa (erdarakada: con…en…) saihesteko.
2. Bestalde, partitiboa baiezko
perpaus batean (“Oraindik bada
= badago horrelako egoeren aurrean zer esan ez dakiela geratzen deNIK”) agertu
zaigu. Hona beste adibide bat: Gela
honetan badago ikasle jatorrik!. Gela
honetan badaude ikasle jatorrak guztiz zuzena da baina –(r)IK partitiboa
eransteak enfasia edo indarra gehitzen dio: Gela
honetan badago ikasle jatorrIK! (“Mira que hay, anda que hay, sí que hay…).
Laburbilduz: baiezko esaldieta –®IK erabil daiteke baiezko esaldi horri indarra emateko.
3. Lexikoa: GAITZETSI: txartzat jotzea edo hartzea, ez onartzea (“condenar”, “rechazar”, “desaprobar”,
“reprobar”…). Adib.: Sarkozy
presidenteak homosexualen arteko ezkontzak GAITZETSI zituen; elkarretaratze bat
egingo dugu udaletxearen aurrean, Irungo hilketa GAITZESTEKO.
Antzera osatutako aditza dugu GUTXIETSI ere: Familia tradizionalaren izenean egiten diren elkarretaratzeetan, askotan beste familia ereduak GUTXIESTEN dira (gutxietsi: gutxiago balio dutela pentsatzea, “menospreciar”).
Hausnarketa = gogoeta (“reflexión”). Aditza: hausnartu = gogoeta egin. Nik gauero hausnartzen dut egunean zehar egindakoa. Gogoeta egin behar genuke gai horren gainean.
Hautua = aukeraketa: “elección”. Aditza: hautatu = aukeratu. Hortik sortuak dira, “hauteskundeak” (“elecciones”), “hautagaia” (“candidato”), “hauteslea” (“elector”), “hautetsontzia” (“urna”)…
Ezinbestekoa = Nahitaezkoa = Derrigorrezkoa = Behar-beharrezkoa.
4. Baliteke…-t(z)ea = Litekeena da…-t(z)ea. Aukera edo posibilitatea adierazten dute eta –T(Z)EA nominalizazioa eskatzen dute: Baliteke bihar goizean zoko batzuetan izotza botatzea. Litekeena da urte batzuen buruan gasolioa darabilten ibilgailuak desagertzea, kutsagarriak izateagatik.
5. Zeren berri eman = zer jakinarazi = zer ezagutarazi: Horren berri eman diegu = hori jakinarazi diegu = hori ezagutarazi diegu.
Badute horren berri = Jakinaren gainean daude = Horren jakitun dira = Hori badakite. Badut horren berri = Jakinaren gainean nago = Horren jakitun naiz = Hori badakit.
6. Ugaritasuna adierazten duten determinatzaile zenbatzaile zehaztugabeak: Hamaika familia eredu = makina bat familia eredu = Hainbat familia eredu = Familia eredu anitz = Familia eredu asko = Familia eredu ugari = Familia eredu mordo bat.
7. Partizipioa + Ostean = ondoren (noiz): Klasea amaitu ostean = amaitu ondoren, erosketak egitera joango naiz supermerkatura. Osteko = ondorengo (noizko) + izena: Opor osteko = opor ondorengo sindromea existitzen omen da.
8. IZENA + GORABEHERA. Arlo honetako lorpenak GORABEHERA, oraindik traba eta zeregin ugari dago (izena + GORABEHERA egitura kontzesiboa) (= arlo honetan lorpenak egin (diren) arren = lorpenak lortu (diren) arren…).
9. GERO vs. GERORA: GERO: une honen ondoren datorren une edo denbora-tarteari egiten dio erreferentzia eta, beraz, hurbila eta zehatza da: Orain klasean gaude; gero, etxera itzuliko gara afaltzera (=klasea amaitu ondoren, klasea amaitutakoan). GERORA: denbora erreferentzia urruna eta zehaztugabea adierazten du (= egunen batean = etorkizunean): Orain ikasketetan saiatzen bazara, gerora lanpostu on bat lor zenezake.
- ENTZUNAREN ULERMENA: Guraso homosexualak (x0,9). Bikote homosexual bat ezagutu dugu, bi emakume nafarrek osatua (ikasbil. 29411 zk.). Itemak azaldu ostean, birritan entzun dugu. Bigarren entzunaldia egin ostean, zuzendu egin dugu, erantzun zuzenak behar bezala arrazoituz. Zuzendu ahala, nahi izanez gero, hirugarren aldiz entzun liteke, etenez, erantzun zuzenak berresteko eta oker egindakoetan ikasleek arreta berezia jartzeko.
- AHOZKO ADIERAZPENA: Bikote homosexualek osatutako familia eredua. Horren harira, joan den egunean, mintza fitxa eman nien, familia ereduei buruzkoa, abiapuntutzat, testutxo bat duena, non Sarkozy Frantziako presidente-ohiak homosexualen arteko ezkontzak eta hauen adopzio eskubideak gaitzesten dituen. Halaber, etxean “Zer deritzozu sexu bereko bikoteak ezkondu ahal izateari?” galderari erantzunez zenbait lagunek emandako iritziak irakur zitzatela esan nien, gaur horrezaz aritzeko. Ea zein iritzirekin datozen bat.
Gaurkoan lehenengo bizpahiru puntuak izan ditugu hizpide. Honako hau da testutxoaren ideia nagusia: Sarkozy Frantziako presidente-ohiak berriz presidente izanez gero, ez lukeela ezkontza homosexualik onartuko eta seme-alabak izateko “ezinbestekoak” direla gizonezko bat eta emakumezko bat.
Alegia,
Sarkozyk homosexualen arteko ezkontzak
eta hauen adopzio eskubideak GAITZESTEN ditu (“gaitzetsi”:
txartzat ematea, ez onartzea, “condenar”, “rechazar”, “desaprobar”,
“reprobar”). Beste adibide bat: ELKARRETARATZEAK
egingo dira udaletxeen aurrean,
atzoko hilketa GAITZESTEKO.
Familia tradizionalaren izenean egiten diren elkarretaratzeetan, askotan beste familia ereduak GUTXIESTEN dira (gutxietsi: gutxiago balio dutela pentsatzea, “menospreciar”). Gaur egun, oraindik, zoritxarrez, gizon batzuek emakumezkoak GUTXIESTEN dituzte.
Oharrak (joan den egunean eman nizkien):
BAT ZATOZ + ZEREKIN edo NOREKIN
= ADOS ZAUDE + ZEREKIN
edo NOREKIN:
Bat
zatoz nirekin? = Ados zaude nirekin?
Bat
zatoz esandakoarekin? = Ados
zaude esandakoarekin?
Bat
zatoz esan dudanarekin? = Ados zaude esan dudanarekin?
Bai, bat nator zurekin // Ez, ez nator bat zurekin = Bai, ados nago zurekin // Ez, ez nago ados zurekin.
Euskaraz –GAI atzizkiak honako hau adierazten du: etorkizunean rol, funtzio edo zeregin hori izan dezakeela: HautaGAIA: hautatua izan daitekeena candidato/a), adibidez, hauteskundeetan (hautesLEak = boto-emaileak, gu, alegia). PresidenteGAIA: presidente izan daitekeena. SenarGAIA: egunen batean senarra izan daitekeena. EmazteGAIA, andreGAIA: egunen batean emaztea izan daitekeena. ApaizGAIA: egunen batean apaiza izan daitekeena, apaiztegian apaiz izateko prestatzen ari dena (“seminarista”).
- Etxerako lanak:
- Guraso izateko modu asko daude izeneko elkarrizketa, galderak eta erantzunak uztartzekoa.
- Iraganeko baldintza edo irreala (3. baldintza). Teoria txostena arretaz irakurri, taulei erreparatu eta egin 3., 4., 5. eta 6. ariketak (norberak zuzen ditzala). HURRENGO EGUNEAN ARGITUKO DITUGU BALIZKO ZALANTZAK.
- Berdintasunezko konparazioa lantzeko indartze-ariketa (Gramatika eta ariketak II liburuko 187. orrialdeko 4. ariketan oinarritua). BOST ESALDI eginak izan behar lituzkete.
- EGINA EZ BADUZUE, EGIN: Perpaus kontzesiboak: 163. orrialdeko 4. ariketa egina ez badute, egin dezatela. 4. ariketa (a eta b) klasean zuzenduko dugu.
- EGINA EZ BADUZUE, EGIN: Deklinabidea lantzeko 2. orrialdea
(“Gipuzkoako herrietako alkateak…”)
egina eta zuzendua izan behar lukete DATORREN ASTEAN
ARGITUKO DITUGU ZALANTZAK.
176 eta 181(bi) fitxak
OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
- EGINA EZ BADUZUE, EGIN: Sasoian sasoikoa
deritzon jarduera, idatziaren ulermena lantzekoa. DATORREN astean EKARRI.
192. fitxa
- EGINA EZ BADUZUE, EGIN: Alegiazko
baldintza edo hipotetikoa. Ikusiak ditugu lau sistemak eta, horien artean, NOR-NORK (bagintu, banindute, bazintugu,
bazenu, nindukete, zintuzkete, gintuzkezue, zenuke, lituzkete…) eta NOR-NORI-NORK (banio, bazenit, balizkigu, bazenigu, genizkioke, zeniguke, nieke…) dira
zailtasun gehien eragiten dutenak. Hauek bereizteko eta hauen erabileran
trebatzeko, berariaz prestatutako ariketa: NOR-NORK vs. NOR-NORI-NORK
(erantzunekin).
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
- EGINA EZ BADUZUE, EGIN: ELKAR izenorde elkarkariaren erabileran
trebatzeko indartze-ariketa egin dezatela aholkatu diet (erantzunekin).
OHARRA: Norbaitek
nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.