2025/02/24

B2.2 mailako 37. eskola, 2025eko otsailaren 20koa

 

37. eskola: 2025eko otsailaren 20koa

-   Berdintasunezko konparazioa lantzeko indartze-ariketatik (Gramatika eta ariketak II liburuko 187. orrialdeko 4. ariketan oinarritua) 11-15 esaldiak egin behar zituzten. Zuzendu egin ditugu:

                                                              i.      Aurtengo oporretan (A) primeran pasa(tu) dugu, baina iazkoetan (B), hobeto. Beraz:

Aurtengo oporretan (A) iazkoetan (B) BAINO OKERRAGO pasa(tu) dugu.

Aurtengo oporretan (A) EZ dugu (pasatu) iazkoetan (B) BEZAIN ondo = ongi (pasatu).

                                                            ii.      Azkenaldi honetan zuk (A) makina bat buruhauste daukazu, baina nik (B), gehiago. Beraz:

Azkenaldi honetan zuk (A) nik (B) BAINO buruhauste GUTXIAGO daukazu.

Azkenaldi honetan zuk (A) EZ daukazu nik (B) ADINA = BESTE buruhauste.

                                                          iii.      Ikasleek (A) oporraldia iristeko gogo handia daukate; irakasleek (B) ere bai. Beraz:

Irakasleek (B) (oporrak iristeko) ikasleek (A) ADINAKO = BESTEKO gogoa daukate (oporrak iristeko).

Irakasleek (B) (oporrak iristeko) ikasleek (A) BEZAIN gogo handia daukate (oporrak iristeko).

Irakasleen gogoa (B) (oporrak iristeko) ikasleen gogoa > ikasleena (norena?)(A)  ADINAKOA da.

                                                          iv.      Ezkongaiak (A) urduri daude; beren gurasoak (B), are urduriago. Beraz:

Ezkongaiak (A) beren gurasoak (B) BAINO lasaiAGO daude.

Ezkongaiak (A) EZ daude beren gurasoak (B) BEZAIN urduri.

Ezkongaien gurasoak (B) ezkongaiak (A) BAINO urduriAGO daude.

Ezkongaien gurasoak (B) EZ daude ezkongaiak (A) BEZAIN lasai.

                                                            v.      Ronaldok  (A) dirutza irabazten omen du; Bill Gatesek (B), gehiago. Beraz,

Ronaldok (A) EZ omen du (irabazten) Bill Gatesek (B) ADINA = BESTE (diru)  (irabazten).

Ronaldok (A) Bill Gatesek (B) BAINO diru (dirutza) GUTXIAGO irabazten du.

-          Ikusiak ditugun egitura kontzesiboak errepasatze aldera, Gramatika eta ariketak II liburuko 160-161. orrialdeetako teoria laburbiltzen duen eskema banatu eta azaldu diet.

1.         ARREN

·         Aditz jokatua + (E)N  + ARREN: Lanez gainezka nabilEN ARREN, zurekin geratzeko tartetxo bat hartuko dut.

·         Partizipioa + ARREN: Lanez gainezka IBILI ARREN,…

2.         NAHIZ ETA

·         NAHIZ ETA…+ aditz jokatua + (E)N: NAHIZ ETA lanez gainezka nabilEN,..

·         NAHIZ ETA…+ partizipioa: NAHIZ ETA lanez gainezka IBILI,…

3.         BA-  + aditz jokatua + ERE

Lanez gainezka BAnabil ERE, zurekin geratzeko tartetxo bat hartuko dut.

4.         Partizipioa + -AGATIK (ERE)

 Etorriagatik (ere), ikusiagatik (ere), eginagatik (ere), ibiliagatik (ere), joanagatik (ere), hartuagatik (ere)…Lanez gainezka ibiliAGATIK (ERE),…

-AGATIK (ERE) kontzesiboa da ////// -T(Z)EAGATIK (kausazkoa da)

-          Zinemara beranduegi iritsiAGATIK (ERE), aretora sartzen utzi diote. = zinemara beranduegi iritsi dEN ARREN, aretora sartzen utzi diote.

-          Zinemara beranduegi irisTEAGATIK, ez diote aretora sartzen utzi, gainerako ikusleei trabarik ez egiteko.

       = zinemara beranduegi iritsi dELAKO, ez diote aretora sartzen utzi,    gainerako ikusleei trabarik ez egiteko.

5.         Partizipioa + –TA  ERE  = partizipioa + -(R)IK ERE

Lanez gainezka ibiliTA ERE = ibiliRIK ERE, zurekin geratzeko tartetxo bat hartuko dut.

6.      Partizipioa + GABE ERE = partizipioa + BARIK ERE (ezezkoetan bakarrik)

Zuk esan GABE ERE, badakit nitaz gaizki-esaka dabilela.                                 

Ikusi GABE ERE, asmatuko nuke zertan ari den une honetan.

7. ADITZIK GABEKO KONTZESIBOAK

IZENA + GORABEHERA  = IZENA + ETA GUZTIZ ERE   = IZENA + -AK + IZEN bera

Buruko mina GORABEHERA, lanean jarraituko dut = Buruko mina ETA GUZTIZ ERE, lanean jarraituko dut.

Autobusek tarteka izaten dituzten atzerapenak GORABEHERA, gustura daude erabiltzaile gehienak zerbitzu horrekin.

Azken urteotako lorpenak GORABEHERA, oraindik zeregin handia dago gizon eta emakumeen artean erabateko berdintasuna lortzeko.

Etxebizitzen prezioaren jaitsiera GORABEHERA, oraindik makina bat etxe dago salgai = Etxebizitzen prezioaren jaitsiera ETA GUZTIZ ERE, oraindik…        

Euskal Herrian saltokiak ez dira jaiegunetan irekitzen, salbuespenAK salbuespen.

-   Ondoren, liburuko 162-163. orrialdeetako ariketak nire erantzun-orriekin zuzendu dituzten galdetu diet eta balizko zalantzak argitzeko aukera eman diet. LAUGARRENA HURRENGO ASTEAN ZUZENDUKO           DUGU.

-       Kaixomaitia.com jardueran honako esaldi hau agertu zitzaigun:

aurrez aurre elkar_ ezagutzeak baino mesfidantza edo errezelo gehiago eragin dezake Internetez ezagutzeak”.

 Esaldi hori aitzakiatzat hartuta, atzealdeko eranskinean duten ELKAR izenordearen erabileraren zantzu nagusiak gogorarazi dizkiet. Hau lantzeko indartze-ariketa badutela gogorarazi diet, berriro egin nahi badute. 40 esaldi dira, berariaz prestatuak,  ELKAR partikulari kasu-marka egokia erants diezaioten eta adizki egokia ipin dezaten. Erantzun-orria ere banatu diet. Denak aldi berean ez ditzatela egin aholkatu diet.

-    Baldintza irrealaren edo lehenaldikoa. Hirugarren baldintzaren azalpen teorikoa egin diet, batez ere, baldintza hipotetikoarekiko aldeak nabarmenduz (txostena etxean astiro irakur dezatela aholkatu diet eta taulei erreparatu):

o   Lehenik, iraganeko baldintza edo irrealaren esanahiaz eta adieraz ohartarazi ditut (bere garaian gertatu ez zenez, orain ez dago gertatzeko inolako aukerarik edo posibilitaterik. Horregatik deritzo “irreala”).

o   Ondoren, zertarako erabiltzen den azaldu diet (askotan, besteen hutsegiteak kritikatzeko edota nork bere damua adierazteko).

o   Jarraian, osaerari erreparatu diogu (arreta berezia merezi dute IZAN laguntzaileaz osatutako aditz konposatuek, hau da, behar izan, nahi izan, ahal izan, ezin izan, merezi izan, balio izan, bizi izan, axola izan… eta kideko aditzek, hauek, aditz arruntek ez bezala, derrigorrezkoa baitute “izan” hartzea baldintza irrealean). Aditz arruntek, berriz, aukerakoa dute “izan” (etorri_ banintz = etorri izan banintz) baldintza irrealean.

1.      Hipotetikoa. Aditz normala: EtorriKO balitz, hemen eseriKO litzateke

2.      Hipotetikoa (nahi izan, behar izan, ahal izan, ezin izan, balio izan, falta izan, …): Hiru aukera:

a.       Etorri NAHIKO BALU, beharKO BAZENU…

b.      Etorri NAHI IZANGO BALU, behar IZANGO BAZENU…

c.       Etorri NAHI­_ BALU…, BEHAR_ BAZENU…

3.      Irreala. Aditz normala: Etorri_ (izan) balitz, hemen eseriKO zen. Aukerakoa dute “izan”.

4.      Irreala (nahi izan, behar izan, ahal izan, ezin izan, balio izan, falta izan…): Derrigorrez hartu behar dute “izan”: Nahi IZAN BALU, behar IZAN BAZENU…

o   Azkenik, txosteneko taulei banan-banan erreparatu diegu eta iraganeko ondorio adizkiak nola sortzen diren azaldu diet, hipotetikoarekiko aldeaz ohar daitezen. Esan bezala, baldintza ataleko aditz laguntzailea (balitz, banu, bagenio, balitzaigu, bazintugu, banindute, balitzaizkizue, bagina, bazenit…) hipotetikoko bera da; ondorioko aditz laguntzailea, berriz, ondorio hipotetikoari –(e)N gehituta lor dezakegu (eta hirugarren pertsonetan L- pertsona marka berriro iraganeko Z- bihurtuta: Luke > ZukeEN; Litzaidake > ZitzaidakeEN; Lizkiguke > ZizkigukeEN ).

o   Dena den, aukerakoa da iraganeko ondorio adizkiak erabili ala Indikatiboko iraganekoak erabili: egingo nuen = egingo nukeen; iritsiko nintzen = iritsiko nintzatekeen; eroriko zitzaidan = eroriko zitzaidakeen; emango nion = emango niokeen; gonbidatuko gintuzun = gonbidatuko gintuzkezun; hartuko ninduen = hartuko nindukeen; eskertuko zion = eskertuko ziokeen; haserretuko zen = haserretuko zatekeen. Hori bai, bataren zein bestearen aldeko hautua egin, ondorioko aditz nagusiak –KO eraman beharko du ezinbestean.

-     Familia ereduen gaiari helduta, zehazki, kide bakarreko familiei, hots, bakarrik bizitzeko hautua egiten dutenei buruz ari gara egunotan. Batzuk gustura daude single egoeran, baina beste batzuek bikotekidea (bikotea) topatu nahi izango lukete, kosta ahala kosta (=nola edo hala). Horretarako, bada Internetera jotzen duenik, kaixomaitia.com bezalako web-guneetara (entzuna dugu Xabierren lekukotza); beste batzuek, ordea, nahiago dute hautabide (hautatzen edo aukeratzen den bidea =alternatiba) tradizionalagoa, hala nola, Urkiolako San Antoniori eskatzea. San Antonio deritzon ulermen-jarduera zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez (hainbat oin-ohar ipini nizkien lagungarri jarduerarekin batera, horietako asko, ikusitako edukien errepaso gisa).

Izerdi larria sentitu du bizkarrean behera (larritasunak eragiten duen izerdia da, ez nekeak eragindakoa, adibidez, istripu batetik ozta-ozta libratu garenean edo azterketa hasterakoan sentitzen duguna).

-  ENTZUNAREN ULERMENA: Bakarkako amak (x 0,9) izeneko entzumen-ariketa. Familia ereduen gaiarekin jarraituz, hel diezaiegun guraso bakarreko familiei. Badira, bakarrik, beren kabuz (=beren kasa = beren kontura), ama izatea erabakitzen duten emakumeak ere, haurra adoptatuz edo klinika batean intseminazioz. Itsasne dugu horietako bat. Itemak azaldu ostean, ikasleek birritan entzun dute audioa. Gero, zuzendu egin dugu, erantzun zuzenak behar bezala arrazoituz. Hona hemen itemak irakurri ahala egin dizkiedan oharrak:

-  Nolako? Galderari erantzuten dio: bakarkaKO ama. -KO hori behar du ondoren daukan izenari lotzeko: nolaKO ama?

-  UrteOTAN = urte HAUETAN

-  HALAKO + Zenbaki zehatza: Konparaziozko egitura da. Zuk bost otarrainxka jan dituzu; nik, zuk halako bi jan ditut (hamar, beraz), zure bikoitza, alegia. Zuk platerkada babarrun jan duzu, eta nik, zuk halako bi (=zure bikoitza). Ez da asko erabiltzen eta normalean, zenbaki baxuekin. Albistegian agertu zitzaigun. Bakarka ama izatea erabakitzen duten emakumeen kopurua lehengo kopurua HALAKO HIRU da (=hirukoiztu egin da).

-  20 urterekin edo = 20 bat urterekin = 20

-  Gogoan izan: hilTZERAKOAN (justu hil baino lehen) // hilDAKOAN (hil ondoren.

-  Adurra = lerdea = baba

-  JARIO aditzaren adizki trinkoak (dario, darie, zerion, zerien). Likido nahiz gasekin erabiltzen dira. La Palmako uharteari laba dario (uharteak laba botatzen du). Kasu honetan, “adurra” edo “lerdea” DARIO > ZERION > nola egoten zen? Adurra ZERIOla(rik) (moduzkoa). Moduzko -ela(rik), NOLA? galderari erantzuten diona. Zure haur jaioberria egun osoan adurra dariola(rik) egoten da.

-  Balizko = posible

-  Gertagarria: gerta daitekeena. Egingarria: egin daitekeena. Biak dira “factible”

-  Partizipioa + NAHIAN = -T(Z)EKO ASMOZ = -T(Z)EKO ASMOTAN: izan nahian = izateko asmoz = izateko asmotan.

-  GAI atzizkiaren erabilera: -GAI(a):  etorkizunean zeregin edo rol hori izango duena edo izan dezakeena: presidenteGAIa = lehendakariGAIa: presidente edo lehendakari izango dena edo izan daitekeena; hautaGAIa: hautatua izan daitekeena (candidato); apaizGAIa: etorkizunean apaiz izateko ikasten ari dena; emazteGAIa = andreGAIa: ezkondu ondoren emazte edo andre izango dena; senarGAIa: senarra izango dena. AitaGAIA: egunen batean aita izango dena edo izan daitekeena.

-  Luzaroan = denbora luzean egon naiz autobusaren zain.

Bestalde, Itsasne bizkaitarra denez, bizkaera peto-petoa darabil egin dioten elkarrizketan. Hona bere jarduna ulertzeko zenbait arrasto:

nuen > NEBAN: erabaki nuen ama izan nahi nuela = erabaki neban ama izan nahi nebala

naiz > NAZ.

gutxi > GITXI; urrun > URRIN

hitz egin > BERBA EGIN

ere > BE (ni ere = neu be): ni ere aditua naiz gai horretan = neu be aditua naz gai horretan

gabe > BARIK

-®ekin > -GAZ: lagun batekin etorri naiz eskolara = lagun bategaz etorri naz eskolara.

Zitzaidan > JATAN: Kostatu zitzaidan = kostatu jatan

-        AHOZKO GIROTZEA: familia ereduak.  Horren harira, mintza fitxa eman diet, familia ereduei buruzkoa, abiapuntutzat, testutxo bat duena, non Sarkozy Frantziako presidente-ohiak homosexualen arteko ezkontzak eta hauen adopzio eskubideak gaitzesten dituen. Hurrengo egunean solastuko gara gaiaz. Etxean Zer deritzozu sexu bereko bikoteak ezkondu ahal izateari?galderari erantzunez zenbait lagunek emandako iritziak irakur ditzatela, hurrengo egunean horrezaz aritzeko. Ea zein iritzirekin datozen bat. 

-            Etxerako lanak:

-  Familia ereduen azpigaiarekin jarraituz eta homosexualek haurrak izatearen edota adoptatzearen inguruan,  Aran, Ariane eta Olaia, familia bat beste askoren artean izeneko ulermen jarduera. Bertan, haur bat izan duen bikote homosexual baten berri ematen zaigu. Testuaren zati bakoitzari dagokion ideia nagusia ondoen laburbiltzen duen esaldia  aukeratu behar duzue. Oso jarduera egokia da idatziaren ulermenean trebatzeko.

-      Zer deritzozu sexu bereko bikoteak ezkondu ahal izateari?galderari erantzunez zenbait lagunek emandako iritziak irakur ditzatela, hurrengo egunean horrezaz aritzeko.

-          Idatzizko bitartekotza lantzeko idazlantxoa: Estatistika Institutu Nazionala.

-    Iraganeko baldintza edo irreala (3. baldintza). Teoria txostena arretaz irakurri, taulei erreparatu eta egin 1. eta 2. ariketak (norberak zuzen ditzala).

-   Berdintasunezko konparazioa lantzeko indartze-ariketa (Gramatika eta ariketak II liburuko 187. orrialdeko 4. ariketan oinarritua). BESTE BOST ESALDI egin ditzatela.

-    Perpaus kontzesiboak: 163. orrialdeko 4. Ariketa egina ez badute, egin dezatela. 4. ariketa (a eta b) klasean zuzenduko dugu.

-      EGINA EZ BADUZUE, EGIN: Alegiazko baldintza edo hipotetikoa. Ikusiak ditugu lau sistemak eta, horien artean, NOR-NORK (bagintu, banindute, bazintugu,  bazenu, nindukete, zintuzkete, gintuzkezue, zenuke, lituzkete…) eta NOR-NORI-NORK (banio, bazenit, balizkigu, bazenigu, genizkioke, zeniguke, nieke…) dira zailtasun gehien eragiten dutenak. Hauek bereizteko eta hauen erabileran trebatzeko, berariaz prestatutako ariketa: NOR-NORK vs. NOR-NORI-NORK (erantzunekin).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-      EGINA EZ BADUZUE, EGIN: ELKAR izenorde elkarkariaren erabileran trebatzeko indartze-ariketa egin dezatela aholkatu diet (erantzunekin).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-    EGINA EZ BADUZUE, EGIN: Deklinabidea lantzeko 2. orrialdea  (“Gipuzkoako herrietako alkateak…”) egina eta zuzendua izan behar lukete DATORREN ASTEAN ARGITUKO DITUGU ZALANTZAK.

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-      EGINA EZ BADUZUE, EGIN: Sasoian sasoikoa deritzon jarduera, idatziaren ulermena lantzekoa. DATORREN astean EKARRI.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina