35. eskola: 2025eko otsailaren 13koa
- Joan den egunean familia ereduei buruzko testutik ateratako 14 berridazketak zuzendu genituen. Horietan agertu zen perpaus kontzesibo mordoak horretarako aitzakia emanda, perpaus kontzesiboak nola egiten diren azaldu diet. Gramatika eta ariketak II liburuko 160-161. orrialdeetan duten teoria (42. gaia) etxean irakur dezatela agindu diet. Gaur, neure hitzekin azaldu dizkiet orrialde horiek: Sarrera – perpaus kontzesiboak noiz eta zertarako erabiltzen diren – eta perpaus kontzesiboak osatzeko menderagailu nagusiak:
a. Partizipioa + ARREN
b. Aditz jokatua + -(e)n + ARREN
c. NAHIZ ETA…+ partizipioa
d. NAHIZ ETA…+ aditz jokatua + -(e)N
e. BA-…ERE
f. Partizipioa + -TA ERE = Partizipioa + -RIK ERE
g. Partizipioa + -AGATIK (ERE)
h. Izena + GORABEHERA = izena + ETA GUZTIZ ERE = IZENA + -AK + IZEN BERA
i. Egitura kontzesibo bat gehitu diet (liburuan ageri ez dena):
partizipioa + GABE ERE (bizkaieraz, partizipioa + BARIK ERE). Azken hau, ezezkoetan bakarrik erabil daiteke. Azalpenerako, neuk prestatutako txostena erabili dut, arbelean ipinita.
-
Familia ereduen
azpigaiaren barnean, Singleak izeneko
cloze-testa zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Izan ere, gaur
egungo familia eredu anitzen artean (eredu tradizionala, guraso bakarreko
familiak…), bakarrik bizitzeko hautua (=aukeraketa = apustua) egiten dutenak ere
baditugu, “single” hitzarekin ezagutzen direnak. Joan den egunean irakurritako
testuak zioenez, % 23 dira egun singleak eta bizitzeko bigarren eredu
bihurtu da familia eredu tradizionalaren atzetik. Zuzendu ahala,
honako ohar hauek egin dizkiet:
- ERE lokailua. Esaldi batean aditz jokatua
dagoenean, ERE bakarrik erabili behar da, eta ez ERE BAI. Izan ere, aditz horrek jada adierazten du baiezko esaldia dela eta,
beraz, “BAI” horren beharrik ez
dago: Neu ere bai bakarrik bizi naiz
- NOREN hitzetan = NOREN esanetan = NORK dioenez (=esaten duenez). Familia ereduei buruzko testuarekin zetozen berridazketen zuzenketa-oharretan azaldu nizuen.
Ekonomia ministroAREN ESANETAN, egoera ekonomikoa urtetik urtera hobetuz doa, poliki bada ere.
= Urkullu lehendakariAREN HITZETAN, zenbait alderdi politikok euskararen ezagutza gutxiesten dute.
= ShakiraK (nork) DIOENEZ, berak ez dio inoiz iruzur egin Espainiako Ogasunari. (*Urkulluren arabera,…)
AdituEN ESANETAN, azukrea oso kaltegarria da osasunerako.
= LekukoEN HITZETAN, hiltzaileak BMW batean ihes egin zuen.
= AstrologoEK (nork) DIOTENEZ, meteorito bat Lurrera hurbiltzen ari da. (*Adituen arabera,…)
→ Erabili NOREN + ARABERA beste kasu batzuetarako: datuEN ARABERA, estatistikEN ARABERA, eguraldiAREN ARABERA, inkestAREN ARABERA, egoerAREN ARABERA… Baina ez pertsona baten hitzak testura ekartzeko.
- ZENBAT ETA….- ago(a/ak), ORDUAN ETA….-ago(a/ak). Ahozko euskaran “zenbat eta…-ago” “gero eta… –ago”rekin konbinatzeko joera dagoen arren, berez, zuzena “zenbat eta -ago…orduan eta -ago” (=”hainbat eta -ago”) da. Bestalde, 3 aukera dituzue (aditzik gabe, partizipioarekin edo aditz jokatuarekin):
Zenbat eta urte gehiago, orduan eta zimur gehiago.
Zenbat eta urte gehiago izan (= eduki), orduan eta zimur gehiago dauzkat.
Zenbat eta urte gehiago ditudaN = dauzkadaN, orduan eta zimur gehiago dauzkat.
Konparaziozko egitura honek bilakaera adierazten du. Lehenengo zatia areagotzearekin batera, bigarrena ere areagotu egiten da. Hauen parekoa litzateke:
Urteak igaro= pasatu AHALA, gero eta zimur gehiago dauzkat.
Urteak igarotzen dirEN NEURRIAN, gero eta zimur gehiago dauzkat.
Urteak igarotzen dirEN HEINEAN, gero eta zimur gehiago dauzkat.
- Euskaraz: “Egia biribila” / “Gezurra galanta”.
- 9. itemeko erantzuna: MERKEEN.
- MerkeEN dauden jogurtak (superlatiboa + erlatibozkoa)
= jogurt merkeENAK (superlatiboa da).
- Supermerkatuan (a) auzoko dendan (b) baino merkeAGO daude jogurtak (bi konparagairen arteko konparaziozkoa).
-
Merke-zurrean ibili / erosi. Esapide
honek zera adierazten du: ahalik eta merkeen erosi nahian ibiltzea, xuhurra
izateagatik. Supermerkatuan merke-zurrean
erosi dituzten jogurtak; galtzerdi hauek merke-zurrean erosi nituen txinatarren
denda batean eta begira orain, estreinatu orduko, zulatuta dauzkat!
- Nolanahi ere = Dena den = Hala ere = Edonola ere (balio kontzesiboa daukaten lokailuak dira. IKUS lokailuen txostena).
- Eutsi aditza euskaraz Nor-nori-nork “faltsua” da: Komunera noa, eutsiko diozu mesedez nire poltsari? Eutsiozu botila honi. Testuinguru honetan, “eutsi” aditzak “mantendu” esan nahi du: “ekonomiaren kateari eusten diogu” (**“ekonomiaren katea “mantentzen” dugu”). Izan ere, gaztelaniazko “mantener” asko euskaraz saihets daitezke beste aditzen bat erabiliz:
Mantén la
puerta abierta > AteARI zabalik eutsi(ozu) = Atea
irekita eduki (ezazu) (Atea irekita mantendu ezazu).
Mantén la distancia de seguridad > Segurtasun
tartea GORDE = ZAINDU (ezazu) (Segurtasun
tartea mantendu ezazu).
Yo siempre mantengo mi despacho ordenado > Nik beti bulegoa txukun
DAUKAT = edukitzen dut (Nik beti bulegoa txukun mantentzen dut).
Koronabirusari aurrea hartzeko segurtasun neurriEI eutsiko diegu (Koronabirusari
aurrea hartzeko segurtasun neurriak mantenduko ditugu).
Konfinatuta egon arren, gure senide eta lagunekiko harremanEI eutsi genien
(…harremanak mantendu genituen).
Mantuvo su palabra y no nos denunció > Emandako hitzARI eutsi zion eta
ez gintuen salatu (emandako hitza mantendu zuen).
Esa película mantiene la intriga del espectador hasta el último minuto > Film horrek ikuslearen jakin-nahiARI eusten dio azken minutura arte.
El nuevo hotel Hilton de Hondarribi mantendrá el puerto actual tal como
está > Hondarribiko Hilton hotelak egungo kaiARI bere horretan eutsiko dio
(…kaia bere horretan mantenduko du).
Manténte alejado de él, es peligroso
> Berarengandik urrun EGON zaitez, arriskutsua da eta (urrun mantendu
zaitez).
- ENTZUNAREN ULERMENA: Kaixomaitia.com (x1). Familia ereduen gaiaren barnean, egun, bakarrik bizitzeko hautua (= bakarrik bizitzeko aukeraketa = bakarrik bizitzeko apustua) egiten dutenak gero eta gehiago direla jakin genuen, single izenez ezagutzen ditugunak, alegia. Batzuk gustura daude “single” moduan, ezkongabe, baina badira, kosta ahala kosta bikotekide bat topatu nahi dutenak. Horiek hautabide bat baino gehiago dituzte (herriko jaietara jotzea, taberna edo dantzalekuren batera, San Antoniori eskatzea…) eta horietako bat dugu bikotekidea topatzeko berariaz (=espresuki) sortutako web-guneetako batean izena ematea, Kaixomaitia.com web-gunean, esaterako. Itemak azaldu ostean, gaurkoan behin entzun dugu entzungaia. Hurrengoan entzungo dugu bigarren aldiz.
- AHOZKO ADIERAZPENA: “Maitia, nun zira?” (0´30). Mintzagai aproposa; izan ere, batetik, ate-joka dugu San Valentin eguna, “maiteminduen eguna”, eta bestetik, familia ereduen gaia lantzen ari gara. Egun, familia eredu anitz ditugu gure artean, horien artean, single-ak edo bakarrik bizi diren norbanakoak. Hauetako batzuek, ordea, single izateari utzi nahi diote eta horretarako, bikotekidea bilatzeko hautabide bat baino gehiago dauzkate. Garai batean (=aspaldi = antzina) neska-mutilek herrietako festetara nahiz erromerietara jotzen zuten neska-mutil bila eta ia beti, bikoteek plazan ezagutzen zuten elkar. Geroago, tabernak eta dantzalekuak (diskotekak) bihurtu ziren topaleku eta edozein gau zorotan ezagutu zitekeen bihotzeko azukre koxkorra. Egun, berriz, gero eta dantzaleku gutxiago ditugu. Egia da jendeak tabernetan eta herriko jaietan bikotekidea topatzen jarraitzen duela, baina geroz eta gehiago dira neska-mutiletan egiteko (=ligatzeko) beste hautabide (alternatiba) bat hautatzen dutenak: Internet. Bertan, tabernetan ez bezala, egunero 24 orduz izan genezake ligatzeko aukera. Ikasleak binaka jarrita, elkarrekin gaiaz solastu dira. Hurrengoan jarraitzekotan geratu gara.
- Etxerako lanak:
- Perpaus kontzesiboak: Gramatika eta ariketak II liburuko 160-161. orrialdeetan duten teoria (42. gaia) etxean irakur dezatela eta 162. eta 163. orrialdeetako ariketak egin ditzatela (lehenengo hirurak eurek zuzen ditzatela, nik emandako erantzun-orriekin). 4. ariketa (a eta b) klasean zuzenduko dugu.
- Alegiazko baldintza edo hipotetikoa. NOR-NORI-NORK sistemako adizkiak lantzeko 3. ariketa.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
- Otsailak 14, San Valentin eguna izeneko cloze-testa, egun honen jatorria azaltzen duena.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
- AUKERAKO ENTZUMEN-JARDUERAK, San Valentin egunari buruzkoak (blogean dituzue ariketak, ebazpen orria eta entzungaiak):
i. San Valentin eguna dela eta
ii. Maitasuna adierazteko moduak
iii. Maitasun anitza
iv. Maitasun istorio bitxiak
v. Noizkoa da San Valentin eguna ospatzeko ohitura?
- Deklinabidea lantzeko 2. orrialdea (“Gipuzkoako herrietako alkateak…”) egina eta zuzendua izan behar lukete DATORREN ASTEAN ARGITUKO DITUGU ZALANTZAK.
OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
- EGINA EZ BADUZUE, EGIN: Sasoian sasoikoa deritzon jarduera, idatziaren ulermena lantzekoa. DATORREN astean EKARRI.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina