2025/02/08

B2.2 mailako 33. eskola, 2025eko otsailaren 6koa

 

33. eskola: 2025eko otsailaren 6koa

-    Idatziaren ulermena, lexikoa eta zenbait egitura lantzeko, Lacoste eta bere krokodilo famatua jarduera zuzendu dugu:

                                                              i.      Ulermen jarduera (testua esaldiekin osatzekoa)

                                                            ii.      Lexiko jarduera (sinonimoak)

                                                          iii.      Berridazketak.

OHARRA: Norbaitek ulermen jarduera berriro egin nahi badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean. 

-      Berridazketak zuzendu ahala, honako ohar hauek egin dizkiet. Horietako hiru ezagunak egingo zaizkie, ikasturtean zehar atera baitzaizkigu behin baino gehiagotan:

PARTIZIPIOA + BERRIA + IZAN / BERRI + UKAN

ZEREN BERRI IZAN / ZEREN BERRI EMAN

a NAHIZ b = a ZEIN b

Eurentzat berria dena –ARAZI aditz arazlea da. Honen azalpen orokorra egin diet eta NOR sistemako adizkiak nola bihurtzen diren NOR-NORK ikusarazi diet, zenbait adibideren bitartez.

Ni (nor) aurrean eseri naiz (nik hala nahi nuelako)

> Irakasleak (nork) ni (nor) aurrean eserrARAZI NAU  (eserrARAZTEN NAU, eserrARAZIKO NAU…) (= esertzera behartu nau). 

-     Alegiazko baldintza edo hipotetikoa: NOR-NORK sistema. Neuk berariaz prestatutako ariketa osagarria (5. ariketa) zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez.

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-          Ariketa zuzendutakoan, honako oharrok egin dizkiet (ariketaren atzealdean dauzkate):

a.  Estimatu = preziatu, agurtu, besarkatu, maite izan = maitatu, gonbidatu, animatu, bultzatu, tentatu, jipoitu, zigortu, behartu = derrigortu, goraipatu, zaindu, zoriondu, musukatu, besarkatu, engainatu, gorrotatu. Aditzok NOR-NORK gisakoak dira, pertsona bat osorik estimatzen, agurtzen, maitatzen, goraipatzen, zoriontzen…duzulako:

Zuk ni jipoitu nauzu / ninduzun; haiek gu agurtu gaituzte / gintuzten; nik zuek besarkatu zaituztet / zintuztedan; biek elkar musukatu dute / zuten;  zuek  ni zoriondu nauzue / ninduzuen; guk zu asko estimatzen zaitugu / zintugun…

Baina, esanahi aldetik berdinak izan arren, gramatikalki desberdinak dira honako esaldi hauek, NOR-NORI-NORK eskatzen baitute:

Zuk niri jipoi bat eman didazu / zenidan; haiek guri agur egin digute / ziguten; nik zuei besarkada bat eman dizuet / nizuen; biek elkarri musu eman diote / zioten; zuek niri zorionak eman dizkidazue / zenizkidaten; guk zuri estimu handia dizugu / genizun; haiek guri ziria sartu digute / ziguten.

b.    Aditzari -ARAZI eranstean, hau gradu bat igotzen da (hau azaltzeko, Lacoste jarduera zuzentzerakoan eman diedan zuzenketa-oharretara jo dugu eta 4. oharra azaldu diet):

Ni lagunengandik urrundu = aldendu naiz (neuk hala nahi nuelako).

> Zuk ni lagunengandik urrunARAZI nauzu, oso jeloskorra baitzara.

Ni harrotu naiz.

> Zuk ni harroARAZI nauzu egin dizkidazun laudorioekin.

Ni neu ohartu naiz horretaz.

> Zuek ni horretaz ohartARAZI nauzue.

Ikasle hori isildu egin da.

> Irakasleak ikasle hori isilARAZI du.

Ni hemen eseri naiz.

> Zuk ni hemen eserrARAZI nauzu (=eserTZERA BEHARTU nauzu).

c.    Lagundu. Gogorarazi diet bi modutara erabil daitekeela: hegoaldeko euskalkietan, nor-nori-nork gisa erabiltzen dugu (“faltsua”): Zuk niri lagundu didazu. Zuek guri lagunduko bazenigute,…Ekialdeko euskalkietan, berriz, nor-nork gisa: Zuk ni lagundu nauzu. Zuek gu lagunduko bagintuzue

d.      Dudarik gabe = zalantzarik gabe = ezbairik gabe. Indar gehiago eman nahi izanez gero: duda izpirik gabe = zalantza izpirik gabe; inongo dudarik gabe = inongo zalantzarik gabe; inolako dudarik gabe = inolako zalantzarik gabe.

-       Halaber,  honako honetaz ohartARAZI DITUT: NOR-NORK adizki askok –T(Z)ERA nominalizazioa eskatzen dute, “zertara?” galderari erantzuten diona: -T(Z)ERA bultzatu, -T(Z)ERA animatu, -T(Z)ERA behartu,               -T(Z)ERA derrigortu, -T(Z)ERA gonbidatu… Zuzendu berri dugun ariketa osagarriaren ebazpen orria arbelean jarrita, aisa ikusi ahal izan dute hori. Horrek emandako aitzakia baliatuta eta nominalizazioen taula arbelean ipinita, -T(z)ERA aditz-izena (nominalizazioa) zein aditzek eskatzen duten gogorarazi diet.

-   Berdintasunezko konparazioa lantzeko indartze-ariketa (Gramatika eta ariketak II liburuko 187. orrialdeko 4. ariketan oinarritua). Gaurko, lehenengo 5 esaldiak egin behar zituzten. Zuzendu egin ditugu:

                                                              i.      Gaurko batez besteko tenperatura (A) atzokoa (B) BAINO epelAGOA izan da;

beraz, atzoko tenperatura (B) EZ zen (izan) gaurkoa (= gaurko tenperatura = gaurko batez besteko tenperatura = gaurko batez bestekoa) (A) BEZAIN epela_ (izan).

= atzoko tenperatura (B) gaurkoa (A) BAINO hotzAGOA izan zen.

= atzoko tenperatura (B) EZ zen (izan) gaurkoa (A) ADINAKOA = BESTEKOA.

                                                            ii.      Zuk pentsatzen duzun BAINO (kilo) GUTXIAGO pisatzen dut nik;

beraz, nik EZ dut pisatzen zuk pentsatzen duzun ADINA = BESTE (kilo_).

                                                          iii.      Egin berri dudan azterketa (A) iazkoa (B)  BAINO zailAGOA iruditu zait;

beraz, egin berri dudan azterketa (A) EZ zait (iruditu) iazkoa (B) BEZAIN erraza = samurra[1] (iruditu).

                                                          iv.      Josuk (A) hamar urteko eskarmentua dauka lan horretan; nik (B), berriz, zazpikoa.

Beraz, (lan horretan) nik (B) EZ daukat (lan horretan) Josuk (A) ADINAKO = BESTEKO eskarmentua (lan horretan)

= (lan horretan) nik (B) EZ daukat (lan horretan) Josuk (A) ADINA urteKO eskarmentua (lan horretan).

                                                            v.      Gure amak egiten dituen txipiroiak (A) sona handiko jatetxe horretakoak (B) BAINO goxoAGOAK dira;

beraz, sona handiko jatetxe horretako txipiroiak (B) EZ dira gure amak egiten dituenak (< dituen txipiroiak) (A) BEZAIN goxoak.

-       AHOZKO ADIERAZPENA: Saltoki handiak vs. Denda txikiak.  Lau bat kideko taldeak osatuta, ikasleek, denda txikien eta saltoki handien abantailak eta eragozpenak aztertu, eztabaidatu eta idatziz jaso behar izan dituzte, hurrengo egunean denon artean eztabaidatzeko eta bateratzeko. Konparaziozkoa lantzeko oso ariketa egokia da.

Hona hemen egin litezkeen esaldien zenbait adibide:

Saltoki handietako ordutegia (a) denda txikietakoa (b) BAINO malguAGOA da; saltoki handietan (a) denda txikietan (b) BAINO produktu aukera handiAGOA dago; denda txikietan (a) saltoki handietan (b) BAINO harreman estuAGOA izaten da saltzailearekin. Saltoki handiek (a) denda txikiek (b) BAINO eskaintza GEHIAGO egiten dituzte erosleak erakartze aldera…).

-            Etxerako lanak:

-   Berdintasunezko konparazioa lantzeko indartze-ariketa (Gramatika eta ariketak II liburuko 187. orrialdeko 4. ariketan oinarritua). BESTE BOST ESALDI.

-          Eskutitz formala: Txin-txin bazarra.

-   Familia ereduak: bikotean, bakarka, umeekin edo umerik gabe izeneko jarduera, hurrengo gaiari hasiera emango diona. Ikasleek testua irakurri ahala, bertan azpimarratuta dauden hamalau esaldiak berridatzi behar dituzte, emandako egitura erabiliz.

-       Deklinabidea lantzeko 2. orrialdea (“Gipuzkoako herrietako alkateak…”) oraindik egina ez badute, egin dezatela eta nik gaur emandako erantzun-orriekin, zuzendu. ZALANTZAK DATORREN ASTEAN ARGITUKO DITUGU.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-      EGINA EZ BADUZUE, EGIN: Sasoian sasoikoa deritzon jarduera, idatziaren ulermena lantzekoa. DATORREN ASTEAN EKARRI.

- AMAITU EZ BADUZUE, JARRAITU EGITEN: Alegiazko baldintza edo hipotetikoa. NOR-NORK sistemako ariketa analitikoak (1,2,3,4) (erantzunekin).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-    AUKERAKO JARDUERA, NOIZNAHI EGITEKOA: ENTZUNAREN ULERMENA: Faktoria I (blogean entzungai). Itemak astiro irakurri eta birritan entzun dezatela albistegia. Ondoren, zuzen dezatela erantzun orriarekin. Albistegi osoa batera entzun beharrean, arloka entzun daiteke: osasun arloko albisteak lehenik; gero, ekonomia arlokoak; geroago, trafikoari eta errepideei buruzkoak, eta, azkenik, eguraldiaren iragarpena. Hori bai, atal bakoitza bi aldiz entzun dezatela, azterketan bezala.

Bestalde, itemak irakurri ahala, oin-oharretako oharrei arretaz errepara diezaietela esan diet.



[1] Antonimoa erabili behar duzu esanahia alda ez dadin.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina