2025/02/19

B2.2 mailako 36. eskola, 2025eko otsailaren 18koa

 

36. eskola: 2025eko otsailaren 18koa

-         Joan den ostiralean, otsailak 14, San Valentin eguna izan zela-eta, horren harira, Otsailak 14, San Valentin eguna,  cloze-testa zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez.

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

Zenbait ohar egin dizkiet, besteak beste, honakook:

a. idatziRIKO lerroak = idatziTAKO lerroak (erlatibozkoak, -KO hori behar dute, klip baten modura, ondoren datorkien izenari itsasteko).

b. Minez edo pozez idatziak izan dira (honek ere, aurreko erlatiboak bezala, ekintza amaitua dagoela adierazten du, baina ondoan ez darama izenik).

c. HELDU + nori (nor-nori-nork faltsua); Ezin ditut kaxa hauek guztiak eraman; helduiozu, mesedez, kaxa honi.

d. Tradizioa ez da gaur goizekoa; AITZITIK, aspaldikoa da.

e. Lanpostu bat eskaini didate enpresa horretan, baina nik UKO EGIN diot = muzin egin diot lanpostu horriiiiii (uko egitea = muzin egitea: ezetz esatea, ez onartzea).

f. Nekez = kostata

g. Aitzina: aurrea (Iparraldean)  > denborazkoak egin litezke:

partizipioa + aitzin: Hil aitzin = hil aurretik =hil baino lehen

h. Gibela: atzea (Iparraldean)

i. Hiltzean: hiltzen ari zen momentuan

j. Hildakoan: hil ondoren , hil eta gero

HILTZERAKOAN: juxtu hil baino lehen. Hiltzerakoan, senide guztiak  bere inguruan bil zitezen nahi izan zuen.

HILTZEAN: juxtu momentu horretan

HILDAKOAN: hil eta gero, hil ondoren. Hildakoan, herriko hilerrian ehortzi (=lurperatu) zuten.

k.      -MEN: atzizki honek gaitasuna edo ahalmena adieraz dezake: ikusmena, entzumena, ukimena, usaimena, ulermena, dastamena, irudimena (irudiak sortzeko ahalmena edo gaitasuna), sormena (sortzeko ahalmena edo gaitasuna), nahimena (zerbait nahi izateko ahalmena, borondatea)…

l.        GEROZTIK = ORDUTIK = ORDUDANIK = HARREZKERO. Gotzain hau hil zutenETIK (noiztik)…

m.    AURRERANTZEAN: HEMENDIK AURRERA (handik aurrera).

-    Zuzendu dugun jardueran agertu zaigu AITZITIK aurkaritza lokailua, arreta berezia merezi duena, aurkaritza adierazten duen arren, ez baita beste aurkaritza lokailuak (berriz, ostera, aldiz, ordea, dena den, hala ere…) bezalakoa. Lokailu honen azalpena eta adibideak biltzen dituen taula banatu eta azaldu nien bere garaian. Gaur, gogorarazteko, berriro eman diet eta, labur bada ere, berriro azaldu diet eta ikasle batek idazlanean idatzitako adibidea erakutsi diet.

-   Berdintasunezko konparazioa lantzeko indartze-ariketatik (Gramatika eta ariketak II liburuko 187. orrialdeko 4. ariketan oinarritua) 5-10 esaldiak egin behar zituzten. Zuzendu egin ditugu:

                                                              i.      Euskal hiriburuetan (A) Extremaduran (B) BAINO garestiAGO daude etxebizitzak;

beraz,

(etxebizitzak) Extremaduran (B) (etxebizitzak) EZ daude euskal hiriburuetan (A) BEZAIN garesti (etxebizitzak).

(etxebizitzak) Extremaduran (B) (etxebizitzak) euskal hiriburuetan (A) BAINO merkeAGO daude (etxebizitzak).

                                                            ii.      Gaur (A) bart (gauean) (B) BAINO goizAGO oheratuko naiz, leher eginda nago eta.

Beraz, gaur (A) EZ naiz (oheratuko) bart (gauean) (B) BEZAIN berandu (oheratuko)[1].

                                                          iii.      Gure aitak (A) 65 urte ditu; auzoko Juantxok (B) ere bai.

Beraz, gure aitak (A) auzoko Juantxok (B) ADINA = BESTE urte_ ditu.

                                                          iv.      Ilargia (A) urrun dago, baina eguzkia (B) are urrunago (=oraindik urrunago). Beraz:

Ilargia (A) EZ dago eguzkia (B) BEZAIN urrun = urruti.

Eguzkia (B) EZ dago ilargia (A) BEZAIN hurbil  = gertu = hurran.

                                                            v.      Gure haur jaioberriak (A) negar asko egiten du; zuenak (B) ere bai.

Beraz, zuen haurrak (B) gure haur jaioberriak (A) ADINA = BESTE negar_ egiten du.

-     Alegiazko baldintza edo hipotetikoa. NOR-NORI-NORK sistema. Neuk bidalitako orria (www.euskaljakintza.com web-orriko bi ariketak, baina neuk moldatuak) zuzendu dugu. Zuzendu ahala, honako hainbat azalpen eta ohar egin dizkiet.

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

Azalpenak:

·     TZERAKOAN (justu zerbait gertatu aurretik) /                                    -TAKOAN (ondoren): Etxera irisTERAKOAN, telebista ikusten dut >Etxera iritsiTAKOAN, telebista ikusten dut.

                                                AfalTZERAKOAN, eskuak garbi itzazu.

                                                           AfalTZEAN, janaria ongi murtxikatu.

                                                                       AfalduTAKOAN, hortz-haginak garbi itzazu.

·         NOREKIN + ZORRETAN + EGON: Ni bankuarekin zorretan nago (“estar en deuda con”). Mila esker ni salbatzeagatik!! Zurekin zorretan egongo naiz bizitza osoan.

·         ZORPETUTA + EGON / BIZI: Gaur egun zenbat jende bizi den zorpetuta besteen aurrean itxurakeriak egiteagatik! (“estar / vivir endeudado/a”).

·         ZORRAK + KITATU: Etxebizitza erosteko hainbeste urtez zorpetuta egon ondoren, azkenean lortu dut banketxearekiko zorra kitatzea (“saldar una deuda”).

·         Eskertu + singularra, ekintza bat (ekarri izana / ekartzea, oparitu izana / oparitzea) eskertzen delako, nahiz eta objektua pluralean egon (“liburuak”, “loreak”).

·         Dabidek Itziarri kargu hartu dio berandu iritsi delako (gaztelaniazko “llamar la atención”) =  Dabidek Itziarri errieta egin dio = errieta eman dio. Ikusia dugu beste “llamar la atención” bat ere, adiera edo esanahi desberdina duena: Grafiko honetan, Internet erabiltzen duten ikasleen kopuruak  atentzioa eman dit (atentzioa deitu dit), ehuneko edo portzentaje hori oso altua delako.

Hau baliatuz, euskaraz “bota” aditza erabiliz egin ohi diren zenbait erdarakadaren berri eman diet (zuzenketa-oharretan dituzte).

·         Izenondoa + HUTSA: Lotsagabe hutsa zara, alfer hutsa  zara, bekaizti hutsa zara, tonto hutsa zara, arduragabe hutsa zara…. Kualitate txarra indartzeko erabiltzen da. Adibide on bakarra: Artista hutsa zara!!!

·         Odolkiak (=txerrikiak) ordainetan jaso / izan. Esamolde honen jatorria baserrietako txerri hilketetan dago. Baserritarrek txerriKIak (txerriaren produktuak) inguruko baserritarrei banatzen zizkieten (urdaiazpikoa, solomoa, hankak, odolkiak…) baina gero, beste baserritarrengandik jasotzekotan, haiek euren txerriak hiltzean. Egun, baserri mundutik haratago hedatu da eta testuinguru batzuetan – ariketa honetan, kasu –  zera esan nahi du, norbaitek zerbait egin badizu, zuk ere itzuli egingo diozula, beste zerbait egingo diozula ordainetan / mendeku gisa.

·         TUTIK ERE EZ= EZER(TXO) ERE EZ + JAKIN, ESAN, ULERTU, ENTZUN, IKUSI. Adib. Ez dakit tutik ere zentral nuklearrei buruz. Ez dut tutik ere ulertzen.

·         BARRU / -REN BURUAN: BARRU erabiltzeko erreferentzia momentuak oraina izan behar du, hau da, momentu honetatik hasita kontatzen da; -®EN BURUAN, berriz, beti erabil daiteke, erreferentzia momentua une hauxe denean, iraganekoa denean eta geroaldikoa denean.

Hamabost urte BARRU erretiroa hartuko dut.

Hamabost urteREN BURUAN erretiroa hartuko dut.

HEMENDIK hamabost urteRA erretiroa hartuko dut.

 

Abuztuaren 1ean Saloura joan nintzen eta bi asteREN BURUAN itzuli nintzen Irunera.

 HANDIK bi asteRA itzuli nintzen Irunera.

Bi aste BARRU itzuli nintzen Irunera.

 

Datorren igandean oporrak hartuko ditut eta hamar egunEN BURUAN itzuliko naiz lanera.

HANDIK hamar egunERA itzuliko naiz lanera.

Hamar egun BARRU itzuliko naiz lanera (* beste esanahi bat du)

-    AHOZKO JARDUERA:  Ba-…Ba-…Ba… Ikasleak oilategian. Alegiazko baldintza edo hipotetikoa lantzeko orain arte egindako ariketa gehienak idatzizkoak izan dira, etxean egin eta zuzentzekoak. Gaur ahozko joko bat egin dugu. Ikasleei 18 alegiazko egoera adierazten dituzten galderak  banatu dizkiet eta, ahoz ozenki, esku artean zituzten galderak egin dizkiote elkarri. Jakina, galdera horiei osorik erantzunarazi diet, baldintza eta ondorio hipotetikoaren erabileran treba daitezen. 20 ikasle izanik, lauko taldeetan bilarazi ditut eta gurpilean elkarri galderak egiten jardun dute (beste modu batera ere egin liteke:  bakoitzari galdera bana eman, ikasleak  zutiarazi eta ikasgelako gainerako ikaskideei galdera hori egin. Hau egin ondoren, bi ikasleek elkarri  galdera trukatu eta esku artean duten galderarekin beste ikasle batengana jo). Jarduera honen bidez, ikasleen arteko interakzioa lantzeaz gain, adizkien pertsona aldaketa ere lantzen da. Luzaroan jardun dugu eta merezi izan duelakoan nago.           

Ahozko jarduera horretan erabil litzaketen honako egitura hauen berri eman diet:

-          Nik bera oiloak ferratzera = antzarak ferratzera = pikutara bidaliko NUKE (nor-nork, nik bera, osorik)

-           Oker EGON  (arrazoirik ez izatea, “estar equivocado”) /  Zuzen EGON  (arrazoi izatea, “estar en lo cierto”). Irakasleak alfer hutsa naizela esango BALIT, oker dagoela erantzungo NIOKE / zuzen dagoela erantzungo NIOKE.

-  ENTZUNAREN ULERMENA: Kaixomaitia.com (x0,9). Familia ereduen gaiaren barnean, egun, bakarrik bizitzeko hautua (= bakarrik bizitzeko aukeraketa = bakarrik bizitzeko apustua) egiten dutenak gero eta gehiago direla jakin genuen, single izenez ezagutzen ditugunak, alegia. Batzuk gustura daude “single” moduan, ezkongabe, baina badira, kosta ahala kosta bikotekide bat topatu nahi dutenak. Horiek hautabide bat baino gehiago dituzte (herriko jaietara jotzea, taberna edo dantzalekuren batera, San Antoniori eskatzea…) eta horietako bat dugu bikotekidea topatzeko berariaz (=espresuki) sortutako web-guneetako batean izena ematea, Kaixomaitia.com web-gunean, esaterako. Gaurkoan, bigarren entzunaldia egin eta jarduera zuzendu dugu, beharrezko argudioak emanez.

-            Etxerako lanak:

-      Batzuk gustura daude single egoeran, baina beste batzuek bikotekidea (bikotea) topatu nahi izango lukete, kosta ahala kosta (=nola edo hala). Horretarako, bada Internetera jotzen duenik, kaixomaitia.com bezalako web-guneetara (entzuna dugu Xabierren lekukotza); beste batzuek, ordea, nahiago dute hautabide (hautatzen edo aukeratzen den bidea =alternatiba) tradizionalagoa, hala nola, Urkiolako San Antoniori eskatzea. Horri buruzko ulermen-jarduera bidali diet etxerako.

-   Berdintasunezko konparazioa lantzeko indartze-ariketa (Gramatika eta ariketak II liburuko 187. orrialdeko 4. ariketan oinarritua). BESTE BOST ESALDI egin ditzatela.

-    Perpaus kontzesiboak: 163. orrialdeko ariketak eginak ez badituzte, egin ditezatela. Lehenengo hiru ariketak eurek zuzen ditzatela. 4. ariketa (a eta b) klasean zuzenduko dugu.

-     Alegiazko baldintza edo hipotetikoa. Ikusiak ditugu lau sistemak eta, horien artean, NOR-NORK (bagintu, banindute, bazintugu,  bazenu, nindukete, zintuzkete, gintuzkezue, zenuke, lituzkete…) eta NOR-NORI-NORK (banio, bazenit, balizkigu, bazenigu, genizkioke, zeniguke, nieke…) dira zailtasun gehien eragiten dutenak. Hauek bereizteko eta hauen erabileran trebatzeko, berariaz prestatutako ariketa: NOR-NORK vs. NOR-NORI-NORK (erantzunekin). ASTEBURURAKO GORDE DEZAKETE.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-  Irakur dezatela kaixomaitia.com jardueraren atzealdeko azalpena. Bertan, ELKAR izenorde elkarkariaren azalpena gogorarazteko taula bat jarri diet. Ondoren, izenorde honen erabileran trebatzeko indartze-ariketa egin dezatela aholkatu diet (erantzunekin).

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-   Deklinabidea lantzeko 2. orrialdea  (“Gipuzkoako herrietako alkateak…”) egina eta zuzendua izan behar lukete DATORREN ASTEAN ARGITUKO DITUGU ZALANTZAK.

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-      EGINA EZ BADUZUE, EGIN: Sasoian sasoikoa deritzon jarduera, idatziaren ulermena lantzekoa. DATORREN astean EKARRI.



[1] Gauza bera

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina