2014/03/13

Tarteko Mailako 38. eskola, martxoaren 11 eta 12koa


38.  eskola, martxoaren 11 eta 12koa

-        Iraganeko NOR-NORK adizkiak + bizidunen deklinabidea uztartzen dituen ariketa zuzendu dugu. Hutsuneetan, adizkiak eta bizidunen deklinabide kasuak txertatu behar zituzten ikasleek. Ariketa honek ate bat itxi digu, iraganeko NOR-NORK adizkiena, eta beste bat ireki, bizidunen deklinabidearena.

-          Bizidunekin erabil daitezkeen kasuak garbi uztearren, honako bereizketa hau egin diet. Arbel digitalean ipini diet eta banan-banan azaldu dizkiet hiru puntuak. Azaldu ahala, kopiarazi egin dizkiet.

 
a) NORENGAN / NORENEAN
 Uste osoa dut nire amARENGAN (amarenean) / AmARENEAN (amaren etxean) bazkaldu dut (amarengan).
 
b) NORENGANA / NORENERA (aldea ez da horrenbestekoa)
Haurra gurasoENGANA hurbildu da / GurasoENERA (gurasoen etxera) noa lotara.  ArzakENERA goaz afaltzera.
 
c) NORENGANDIK / NORENETIK
Aitona hil zaigu baina ez dut ezer espero aitonARENGANDIK oinordetzan / AitonARENETIK (aitonaren baserritik) nator arrautzekin.
Gelako guztiok amARENGANDIK gatoz / AmarENETIK nator (amaren etxetik), han bazkalduta.
 

-          Gramatika eta ariketak I  liburuko 194 eta 196. orrialdeak azaldu dizkiet (66. gaia), hau da, bizidunen deklinabideari dagokion gaia, D salbu.

-          NOR-NORI-NORK lehenaldian. Azalpena egin diet. Horretarako, eskemak banatu   dizkiet, bai orainaldikoa, bai iraganekoa. Orainaldikoaren eta iraganekoaren arteko aldea ikusi dugu eta azaldu diet NORK pertsona-markak aurrera igarotzen direla, aurrean doazela eta, beraz, errazagoa gerta daitekeela iraganeko nor-nork  baino. Jarraian, liburuko 54. orrialdeko azken taulako adizkiak – eskema horretako konbinazioak eginez ateratzen direnak – aztertu ditugu aditzon osaeraz ohar daitezen. 

-          ELKAR. Etxean euren idazlanetatik ateratako hamar esaldi zuzendu behar zituzten. Ariketa zuzendu dugu. Ongi.

-          Goizekoekin, ziberbikoteei buruzko testua osatu dugu. Horretarako, testua banatu diet, baina hamar hutsunerekin. Ikasleek hutsune horietan ELKAR sartu behar izan dute, kasu egokian deklinatuta (elkar, elkarri, elkarrekin…). Egin ostean, zuzendu egin dugu.

-         ENTZUNAREN ULERMENA: “Bestelako inauteriak”: igaro berri ditugun inauterien aitzakian, bitan entzun dugu entzungaia eta ikasleek herri bakoitzeko inauteriak inauteri horietako pertsonaia nagusi, ohitura, etab.ekin lotu behar izan dituzte. Ondoren, goizeko taldean, zuzendu egin dugu. Ongi.

-        Arratsaldekoekin, AHOZKO ADIERAZPENA: Euskal Herriko Inauteriak (25´) Inauteriez aritu gara solasean. Aurrez esan bezala, ikasleak taldeka bildu dira eta Euskal Inauteria  izeneko testua oinarritzat harturik, ikasle bakoitzak prestatu duen zatia azaldu die taldekideei. Adibidez, ikasle batek Gipuzkoan inauteriak nola ospatzen diren azaldu die taldekideei; beste taldekide batek, berriz, Nafarroako hainbat herritako ohituren berri eman die; hirugarren batek Markitos izan du mintzagai…Honela, herri desberdinetako inaute-ohituren berri izan dute denek, elkarri emandako informazioari esker.

-        ETXERAKO LANAK:

o   ELKAR. Iazko ikasleen esaldiak zuzen ditzatela.

o   NOR-NORI-NORK iraganean: hutsuneak osa ditzatela adizki egokiak erabiliz.

o   Gramatika eta ariketak I liburuko 195 eta 197. orrialdeetako 1,2,3 eta 4. ariketak egin ditzatela (gelan zuzenduko ditugu).

o   Arratsaldeko taldean, erlatibozkoaren apunteak irakur ditzatela.

o   Goizekoek ekar dezatela xendazaletasunari buruzko ulermen-jarduera, zuzentzeko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina