2024/10/31

B2.2 mailako 9. eskola, 2024ko urriaren 31koa

 

9. eskola: 2024ko urriaren 31koa

-       Erlatibozkoak aposizioan. Etxerako Atalak liburuko 35. fitxa bidali nien. Ariketa horretan, ohiko erlatibozko perpausak aposizio erlatibo bihurtu behar zituzten. Ikasle batzuek zailtasunak izan dituztela aitortu didatenez, gelan zuzendu dugu ariketa, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Ondoren, erantzun-orria banatu diet.

-      Ondoren, ikasleei  batzuek egiten duten akats baten berri eman diet. Izan ere, badira zenbait ikasle, erlatibozkoa aposizioan erabiltzen dutenean, -(e)NA(K) erabili beharrean, -(e)LA konpletiboa sartzen dutenak. Behin eta berriz azpimarratu diet ez dituztela nahastu behar  –(e)LA konpletiboa eta –(e)NA erlatibozkoa. Bereizketa argi gera dakien, orri osagarria banatu eta bertako azalpenak nahiz adibideak irakurri ditugu ozenki.

-      Altzoko Handiari buruzko ikus-entzunezko jardueraren atzeko aldean zetozen bi ariketak zuzendu ditugu: batetik, berridazketak. Berridazketa horietan, honako egitura hauek agertu zaizkigu (zuzenketa-oharrak eman dizkiet):

ZERK edo NORK ATENTZIOA EMAN (atentzioa deitu)

= ZER edo  NOR DEIGARRIA IZAN.

·         Egunkarian irakurritako datuAK (zerk) atentzioa eman dit.

= Egunkarian irakurritako datuA (zer) deigarria iruditu zati = deigarria egin zait.

·         Amaiaren poltsAK (zerk) atentzioa eman dit, hain da koloretsua!

= Amaiaren poltsA (zer) deigarria iruditu zait = deigarria egin zait.

·         Amaiaren poltsAK (zerk) atentzioa ematen du.

= Amaiaren poltsA (zer) deigarria da.

·         Euskararen arloan horrenbeste hiztun galdu izanAK (zerk) atentzioa ematen dit.

 = Euskararen arloan horrenbeste hiztun galdu izanA (zer) deigarria iruditzen zait = deigarria egiten zait.

Egitura hau erabilgarria gerta dakieki, bai bitartekotza ariketetan grafikoetako ehunekoak edo portzentajeak interpretatzeko (Atentzioa eman dit etxetik kanpo euskara hutsean hitz egiten duten gaztetxoen kopuruak, %24koa baino ez  baita) bai iritzi artikuluan datu objektiboak testuratzeko (Egunkarian goizean irakurri dudan datu batek atentzioa eman dit: euskaldunen %34 etorkinen aurka omen daude).

–(e)LAKOAN  < -(e)LAKO USTEAN = -(e)LA PENTSATUZ

·    Gaur liburua klasera ekarri dut, erabiliko duguLAKOAN. = erabiliko duguLAKO USTEAN = erabiliko duguLA PENTSATUZ.

·      Maila honetan matrikulatu gara, aurten asko ikasiko duguLAKOAN. = ikasiko duguLAKO USTEAN = ikasiko duguLA PENTSATUZ.

·         Bihar eguraldi ona egingo duELAKOAN NAGO = egingo duELA USTE DUT.

·         Ikasle hauek oso jatorrak dirELAKOAN NAGO = dirELA USTE DUT.

·         Ukrainako gatazkak luze joko duELAKOAN NAGO = luze joko duELA uste dut.

-T(Z)EARREN = -T(Z)EAGATIK helburuzkoa edo kausazkoa

·  Zurekin egoTEKO etorri naiz = Zurekin egoTEARREN etorri naiz = Zurekin egoTEAGATIK etorri naiz.

·   Haserre dagoenean, Ainarak edozein gauza egingo luke bere aldamenekoak = ondokoak minTZEKO = minTZEARREN = minTZEAGATIK.

BAINA…ez nahastu  “partizipioa + ARREN” kontzesiboarekin: Mirenek bere hitzekin ni mindu ARREN, barkatu egingo diot, hitz haiek esan zizkidanean ez baitzen bere buruaren jabe. Irakasleak birritan azaldu ARREN, ez dut tutik ere ulertu.

EZ DA AHUNTZAREN GAUERDIKO EZTULA esapidea

·     Gaur egun, haurrak behar bezala heztea (hezitzea) ez da AHUNTZAREN GAUERDIKO EZTULA = ez da erraza = ez da txorakeria = ez da txantxetakoa = ez da huskeria.

ZERI + UKO EGIN = Zerbaiti ezetz esan, zerbait ez egin, zerbaiti muzin egin.

·    Ikasle horrek matrikulARI UKO EGIN DIO eta aurrerantzean ez da klasera etorriko. Ikasle horrek eskolara etorTZEARI UKO EGIN DIO. Gidari horrek alkoholemia kontrola egiTEARI UKO EGIN DIOnez, atxilotuta eraman dute komisaldegira. Kirolari horrek Txapelketa Nagusian parte harTZEARI UKO EGIN DIO. Valentziar Erkidegoko presidenteak zergak igoTZEARI UKO EGINGO omen DIO.

-         Jarraian, azken ariketa zuzendu dugu. Bertan, ikasleek ikus-entzunezkoan atera zaizkigun zenbait hitz baliokideak (sinonimoak) ala aurkakoak diren adierazi behar izan dute.

-     ENTZUNAREN ULERMENA: Agoteak (x0,9). Identifikazio pertsonalaren gaia dugu aztergai. Altzoko Handia euskaldun bitxia zen, berezia, ez-ohikoa. Baziren, ordea, euskaldunen artean ez-ohikoak ziren beste batzuk ere – ez altueragatik, beste arrazoiren batengatik baizik – , agoteak, hain zuzen ere. Gaurkoan, euskaldunon arteko gizatalde berezi honi buruzko entzungaia izan dugu entzungai, agoteei buruzkoa. Hasterako, itemak azaldu, eta bitan entzun dugu. Ondoren, zuzendu egin dugu, erantzun zuzenak eta okerrak argudiatzeko erantzun orria arbelean jarrita. Zuzendu ahala, hirugarren entzunaldia egin daiteke nahi izanez gero, arbelean erantzun zuzenak nahiz okerrak berresteko informazioa azpimarratuz. Berriro entzun nahi duenak entzun dezala blogean.

OHARRA: Entzunaren ulermen-ariketa hau berriro egin nahi duenak blogean izango du eskuragarri H5P formatuan (interaktiboa).

Oharra: Bere burua agoteen oinordekoTZAT = ondorengoTZAT dauka Santxotena eskultoreak (= Agoteen oinordekoa = ondorengoa dela uste du Santxotena eskultoreak).

AHOZKO ADIERAZPENA: Telebista, hutsaren hurrengoa (1. saioa) (30´).Banatu diedan mintza-fitxa baliatu dugu mintza saio honetarako. Hor dituzten puntuen gainean aritu dira solasean: telebistan (gaur) egun fundamentuzko saiorik ba ote dagoen, eurek zer ikusten duten,  iragarkien eraso bortitza, nolakoa izan beharko lukeen programazio ideal batek, haur nahiz gaztetxoentzako saio hezigarririk badagoen, kate guztiak berdinak diren, bikotekidea bilatzeko saioetako partaideak gure gaztetxo eta nerabeentzat eredugarriak (eredutzat hartzeko modukoak) diren, egungo gizartean itxura lehenesten den, ordainpeko kate nahiz plataformak kontratatzeko joera gero eta hedatuagoa… Hurrengoan jarraitzekotan geratu gara.

-          Etxerako lanak:

1.      Agotea, arraza madarikatua deritzon ulermen jarduera. Ikasleek testua osatu behar dute, bertatik ateratako sei esaldiak hutsune egokietan txertatuz. Gaurko entzungaia entzunda, testuko zenbait aipamen ezagunak egingo zaizkie.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

2.     ASTE HONETAKO IRAKURGAIA: Altzotik mundura. Altzoko Handiari buruzko testua irakur dezatela eta nik ipinitako sinonimoei arretaz errepara diezaietela, euren lexikoa aberastuz joan daitezen.

3.      Hemen dugu Halloween ate-joka izeneko ulermen jarduera. Izan ere, gaur gauean, urriak 31 Gau Beltza edo Arimen Gaua izango da eta bihar, azaroak 1, Santu Guztien Eguna (“saria edo ziria”)

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ataza honen 1. ariketa (esaldiak testuan txertatzekoa)  H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

4.      Tradizioa nagusi izeneko testua irakur dezatela. Bertan, Euskal Herriko hileta ohituren berri ematen da. Ohitura eta usadio bitxiak ezagutuko dituzte testu honetanosatzekoa.

5.      EKARRI: Erlatibozkoak III

6.   EKARRI: Identifikazio pertsonalaren gaiari heltzera goaz. Bada Gipuzkoan herri polit askoa: Amezketa. Eta bertakoa zen hainbat pasadizo bizi izandako gizon xelebre edo bitxi bat: Pernando Amezketarra. Ikasleei Pernandoren asto itsuen pasadizoa (Elkar ezin ikusi) banatu diet, hutsuneak deklinabide kasuekin osa ditzaten.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskuragarri dago blogean.

B2.2 maila: Telebistako programazioa mintzagai

B2.2 maila: Aposizio edo azalpen erlatiboa lantzeko 35. fitxa. EBAZPENA

B2.2 maila: -(e)LA konpletiboa vs. -(e)NA erlatiboa

B2.2 maila: "Altzoko Handia", erraldoi euskalduna (berridazketen EBAZPENA)

B2.2 maila: "Altzoko Handia", erraldoi euskalduna (berridazketen ZUZENKETA-OHARRAK)

B2.2 maila: "Handia", Altzotik mundura

B2.2 maila: Agoteak (audioa)

B2.2 maila: Agoteak

B2.2 maila: Agoteak. EBAZPENA

B2.2 maila: (H5P) Agoteak