2024/10/25

B2.2 mailako 7. eskola, 2024ko urriaren 24koa

 

7. eskola: 2024ko urriaren 24koa

-      ENTZUNAREN ULERMENA: Udazkena: hostoak orbel bihurtzen diren urtaroa (x0.9). Urtaro honetan gure baso eta oihanetara jo besterik ez dugu zein koloretsu dauden ikusteko. Zuhaitzetako hostoen eta orbelen tonalitate anitzek ikuspegi gozagarria sortzen dute. Itemak azaldu ostean, bitan entzun dugu. Oharrak:

a.       Mugagabea + bihurtu = bilakatu:ikuskizun_ bilakatzen da” eta ez “ikuskizun batean bilakatzen da” (“se convierte en un espectáculo”ren kalkoa).

b.       Gai izan = gauza izan + -T(z)EKO. Ni gai naiz = ni gauza naiz ingelesez jariotasun handiz hitz egiteko.

c.       Urtaro: Urte + aro. Urtaroa = urte-sasoia = urte-garaia. “Aro” hitza duen hitz konposatu gehiago ere badira euskaraz: haurtzaro, Erdi Aro, gaztaro, izotz-aro… 

d.       Hostoa / orbela: “Orbela” da zuhaitzetatik eroritako hosto ihartuen multzoa.  

OHARRA: Norbaitek entzunaren ulermen-jarduera hau berriro egin nahi badu, blogean izango du eskuragarri, bai ohiko formatuan, bai H5P formatuan (interaktiboa).

-   Erlatibozko perpausak lantzen (II) zuzentzen aritu gara arbel digitalean, astiro, beharrezko azalpenak emanez, ezezkoen ordena eta erlatibozkoak  bere ondokoa edo erreferentea galdu ostean hartu beharreko kasu marka gogoraraziz, beti ere, aditz nagusiari erreparatuta.

Oharrak:

a.  Ez nahastu SINESKORRA eta SINESGARRIA: Sineskorra: edozer sinesten duen pertsona (“crédulo”) / Sinesgarria: sines daitekeen zerbait (“creíble”).

b.      Ziria sartu: engainatu. Adib.: Gaur saltzaile bat etorri zait etxera eta ZIRIA SARTU DIT = engainatu egin NAU (Nor-nork) ). Niri ZIRIA SARTU nahian baldin bazabiltza, JAI DAUKAZU (=ez daukazu zereginik), HORTZAK EDERKI BERDINDUAK DITUT nik eta!

c.    Bitxia iruditu arren, MEREZI IZAN aditza jokatzean UKAN hartu arren (merezi DU), nominalizazioak ez du ZERK kasurik hartzen. “Merezi du ikusTEA, joaTEA, egiTEA,…” (ikusTEAK, joaTEAK, egiTEAK…)

d.    Aho zabalik = harrituta = harriturik = txundituta  = txunditurik = ahoa bete hortz = harri eta zur = zur eta lur nago / geratu naiz / utzi nauzu…

e.       Zerraldo erori: luze-luze erori. “caerse redondo”

f.  Kontuz. “txantxetan + ARITU” edo “txantxetan + IBILI” (baina ez kalkatu gaztelaniatik “estar bromeando” > “txantxetan EGON”.

-   Erlatibozko perpausen azalpena. Erlatibozko perpausen teoriako punturik esanguratsuenak azaltzen aritu ginen joan den astean; gaur, azalpena amaitu dut,  nahiz eta etxean teoria osoa  irakurria izan behar luketen. Gramatika eta ariketak II, liburuan 40. gaian (152 eta 153. orrialdeetan datorrena) eta 41.ean datoz erlatibozkoak. Hasteko, erlatibozkoen zenbait puntu nagusi, joan den egunean azaldu nizkienak, laburbildu eta gogorarazi dizkiet ikasleei, hala nola, ezezkoen ordena (baiezkoaren berdina), erlatibozkoaren ondoko izenak hartu beharreko kasu marka (aditz nagusiaren araberakoa, honekin komunztatu behar baitu), eta ondoko izena isiltzeko aukera. Gaurkoan, Gramatika eta ariketak II liburuko 41. gaiko 156-157. or.-etara jo dugu, honakook azaltzeko:

§  B atala. B atalari dagokionez (-TAKO eta –®IKO erlatibozkoak) zera azaldu diet:

·   Bi hauek partizipioarekin erabiltzen dira eta ez aditz jokatuekin: ikusiTAKO, eginDAKO, erabiliTAKO…

·       Anbiguotasun oro saihesteko edo ekiditeko, testuinguruak argitzen ez duenean, komeni da espreski tartean diren pertsonak eta aldia – subjektua, nori kasua, aldia… – adieraztea pertsona izenordeak  nahiz denbora aditzondoak erabiliz: “Zuk niri erosiTAKO oparia(=”erosi didazuN oparia”).

·    Erlatibozko hauek erabiltzeko ekintzak amaitua egon behar du, burutua, bukatua, alegia. Beraz, oraintxe gertatzen ari dena, sarritan gertatzen dena edo etorkizunean gertatuko dena adierazteko ezingo ditugu bi egitura hauek erabili. Berariaz prestatutako adibideak banatu dizkiet azalpena ulertzeko lagungarri gerta dakizkien. 

§  C atala: Erlatibozkoa APOSIZIO edo AZALPEN moduan.

Azalpenerako, liburuko 41. gaira jo dugu (157. orrialdeko C atala) eta nik banatutako txosteneko adibideak arretaz aztertu ditugu. 

-     Lehenengo eskola eguna izeneko jardueran (ariketa honetan, HEOeko ikasgela batekoa litzatekeen irudi bat abiapuntutzat harturik, erlatibozko perpaus libreak egin behar izan zituzten, nahi adina, ahal duten irudimentsuen jokatuz) ikasleek ekoiztutako eta nik bildutako esaldiak banatu dizkiet, aurrez txukunduta eta zenbait ohar gehituta:

o   “botila bat xanpain” (neurria + produktua) / “xanpain botila bat” (botila hutsa)

                  o Mugagabea + “mozorrotu / jantzi”: “urpekari mozorrotu” (eta ez “urpekariz mozorrotu”)

o   -T(z)EAR = -T(z)EKOTAN = -T(z)EKO ZORIAN + EGON (ia gertatu dela adierazten du, gutxi falta dela hori gertatzeko).

o   Norbait / zerbait BEGIZ JO (eta ez “begia bota”. Gaztelaniaz “echar el ojo”).

o   Norbait norbaiti -T(z)EN ARI DA / ZAIO (ari dio)

o   EKIN + zeri (=hasi + zertan)

o   -T(z)EN UTZI (baimena ematea, “permitir”) vs.                 

-T(z)EARI UTZI (lehen egiten zena orain ez egitea, “dejar de”).

-      Berriro iritsi dira euria, haizea eta hotza. Udazkena behin betiko iritsi dela dirudi, eta horrek are gehiago laguntzen dio udazkeneko ordu-aldaketari, gaueko orduak luzatzen eta egunekoak laburtzen. Bai, datorren igandean, urriak 27, neguko ordutegia sartuko da indarrean eta goizaldeko 3:00etan 60 minutu atzeratuko ditugu erlojuak. Urtean bi aldiz aldatu behar  izaten da ordutegia. Zertarako? Bada, energia aurrezteko, nahiz eta gaiak hautsak harrotzen dituen (=zeresana ematen duen = eztabaida pizten duen).  Aurrerantzean (=hemendik aurrera) egunak laburragoak izango dira eta askorentzat hori da eragozpen handienetako bat, baina ordu bat atzeratzeak  abantailak  ere baditu. Gatozen gaiari heltzera:

ENTZUNAREN ULERMENA eta AHOZKO ADIERAZPENA: “Ordutegi-aldaketaren gorabeherak”. Datorren asteburuan, urri amaiera izanik, ohi bezala (=ohi legez), erlojuak ordubetez atzeratu beharko ditugu (udaberrian berriz aurreratzeko). Jende askoren bizimoduan eta ohituretan nahiz azturetan[1] hainbat eragin (=ondorio) izaten ditu urtean bitan egiten den ordu-aldaketa horrek eta behin eta berriz aldaketa gauzatuko den azken urtea izango dela esaten badigute ere, aldatzen jarraitzen dugu.

o   Hasteko, gai honen inguruko entzungaia entzun ahala, zenbait esaldi egia ala gezurra diren adierazi behar izan dute ikasleek. Ondoren, ariketa zuzendu dugu, erantzunak behar bezala arrazoituz.

o   Ondoren, mintzan jardun dute: ea ordutegi-aldaketak eurengan eraginik izaten duen, aldaketaren aldekoen / aurkakoen argudioak zeintzuk diren (energia aurreztea, besteak beste), ikasleek, ordutegi bakarra aukeratzekotan udakoa ala negukoa nahiago luketen…(hurrengoan beste saio bat egitekotan geratu gara).

-          Etxerako lanak:

o   Ordutegi-aldaketaren gorabeherak. 3. ariketa: testua irakurri (“Uda eta neguko ordu-aldaketak kentzea proposatu du Bruselak”) eta berridatzi bost esaldi. Berridazketa hauek ongi etorriko zaizkie ikasleei orain arteko zenbait eduki errepasatzeko eta ikasturtean zehar agertuko zaizkigun beste batzuk lantzeko.

o   ASTE HONETAKO IRAKURGAIA: Berriro ere, ordu-aldaketa?

o   Erlatibozko perpausak lantzen III (OHARRA: ez dugu zuzenduko asteartean).

o   Hain serioak al gara euskaldunok? izeneko ulermen-jarduera, testua bertatik ateratako esaldiekin osatzean datzana.

o   EKARRI: Identifikazio pertsonalaren gaiari heltzera goaz. Bada Gipuzkoan herri polit askoa: Amezketa. Eta bertakoa zen hainbat pasadizo bizi izandako gizon xelebre edo bitxi bat: Pernando Amezketarra. Ikasleei Pernandoren asto itsuen pasadizoa (Elkar ezin ikusi) banatu diet, hutsuneak deklinabide kasuekin osa ditzaten.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskuragarri dago blogean.

o  IDATZIZKO EKOIZPENA: eskabide e-posta. Euskara ikasteko diru-laguntza eske Udalera idatzi beharreko e-maila. Horretarako, gutun nahiz e-mail formalak idazteko jarraibideak banatu dizkiet, lagungarri izango zaizkielakoan.

OHARRA: Erreparatu blogean ipini dizuedan ereduari. Genially bidez egina da eta gutunaren zati bakoitzean klikatuta informazioa agertzen da.



[1] Aztura: “hábito”

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina