2024/10/22

B2.2 mailako 6. eskola, 2024ko urriaren 22koa

 

6.      eskola: 2024ko urriaren 22koa

-  Erlatibozko perpausen azalpena. Erlatibozko perpausen teoriako punturik esanguratsuenak azaltzen aritu nintzen joan den egunean; gaur, hasteko, puntu nagusiak laburbildu eta gogorarazi dizkiet ikasleei, hala nola, ezezkoen ordena (baiezkoaren berdina), erlatibozkoaren ondoko izenak hartu beharreko kasu marka (aditz nagusiaren araberakoa, honekin komunztatu behar baitu), eta ondoko izena isiltzeko aukera (honek zeramatzan determinatzailea eta deklinabide kasua –(e)N erlatiboari itsasten zaizkiolarik). 

-          Jarraian, Erlatibozko perpausak lantzen I zuzendu dugu, arbelean. Zuzenketa hau egokia izan da laburbildu berri dizkiedan puntu nagusiak ikasleei gogorarazteko. Zuzenketa amaitutakoan, ebazpen orria banatu diet.

- Hizkuntzak ikastea (IU) izeneko ulermen jarduera zuzendu dugu. Paragrafo bakoitzaren hasierako esaldia hautatu behar zuten ikasleek, kontuan izanik lehenengo esaldi horrek eta jarraian datorrenak koherentzia edo ideien arteko lotura gorde behar duela (OHARRA: gelan ere egin liteke jarduera hau: ikasleek paragrafo bakoitza irakurri ondoren, nik neure hitzekin laburbildu ahal diet eta minutu pare bat utzi eurek paragrafo horren hasierako esaldia hauta dezaten). Zuzendu ahala, hainbat azalpen eman diet (kopia bana dute):

1.      Subjuntiboaren erabilera HELBURUZKO perpausak egiteko.

“Gaur egungo mundu globalizatuan gero eta beharrezkoagoa da hizkuntzen ezagutza herrialde desberdinetako herritarrak elkarrekin komunika_ DAITEZEN (=komunikatzeko)”.

2.    EKIN aditzaren adiera (=hasi) eta erabilera (beti darama NORI edo ZERI kasua).

“…euren ama hizkuntza ez den beste hizkuntzaren bat ikasTEARI ekiten DIOTE (=ikasTEN hasten dira)”.

3.      -T(z)EAR nominalizazioa (=-T(z)EKOTAN = -T(z)EKO ZORIAN = -T(z)EKO ARRISKUAN) ia gertatu dela edo gutxi falta dela adierazteko.

“Hauek normalean hizkuntza bitxiak, galTZEAR (=galtzekotan = galtzeko zorian = galtzeko arriskuan) daudenak  edo modan ez daudenak aukeratzen dituzte, sanskritoa eta grekera klasikoa, esaterako”.

4.      X BAINO EZ = X BAIZIK EZ = X BESTERIK EZ = X BAKARRIK.

“Hizkuntza bat ikasteak edota menderatzeak onurak BAINO EZ dakartza “.

5. Arestian (=lehentxeago = gorago) aipatu dudan bezala” TESTU ANTOLATZAILEA, aurretik adierazitako ideia bati berriz heltzeko.

6.      PARTIZIPIOA + EZEAN = PARTIZIPIOA + EZIK. Ezezko baldintzak egiteko “komodina”.

“Derrigorrezko ikasketak amaitutakoan, hizkuntza horiek ikasten jarraitu EZEAN = jarraitu EZIK (=jarraitzen ez badute), ikasitakoa herdoiltzen eta ahazten zaie”.

7.      EGOKITU aditzaren forma TRINKOAren BI ERABILERAK (aditz gisa / testu antolatzaile gisa).

-          Aditz gisara erabil daiteke:

Objektu sing. (zer): dagokit, dagokik /n, dagokio, dagokigu, dagokizu, dagokizue, dagokie.

Obj. plurala (zer): dagoZkit, dagoZkik /n, dagoZkio, dagoZkigu, dagoZkizu, dagoZkizue, dagoZkie).

-       Testu antolatzaile gisako erabilera: Sukaldeari dagokionez, komunari dagokionez, kopuruari dagokionez, arrazoiei dagokienez…) (“con respecto a…”).

Bai erabilera batean, bai bestean, NORI edo ZERI kasua eskatzen du aurrean:

OHARRA: Ariketa hau berriro egin nahi duenak blogean du eskuragarri H5P formatuan (interaktiboa).

-   AHOZKO ADIERAZPENA: Heziketa ala…diziplina? (0,30¨). Aurreko egunetan,  euskara ikasteko euren prozesuaz edo ibilbideaz eta erabiltzen dituzten nahiz erabil daitezkeen baliabideez jardun zuten solasean, besteak beste, Mintzalaguna eta Mintzanet.net ekimenei buruz. Gaurkoan, heziketak urteen joan-etorrian izan duen bilakaeraz aritu dira.

Hezkuntza-irakaskuntza arloan azken urteotan gauzatu diren berrikuntza guztiek irakaskuntza “estatikoa” saihestu nahi izan dute eta irakaskuntza parte-hartzaile bat sustatu: sormena garatzen duena, ikasleek gogoeta egiteko (=hausnartzeko) aukera ematen diena, talde-lana eta elkarlana bultzatzen dituena… Ikasleek eurek jasotako heziketa eta euren ustez egokiena litzatekeena izan dute mintzagai, horretarako banatu diedan mintza-fitxa baliatuz.

-         
IDATZIZKO ADIERAZPENA: Amaitzera goaz hizkuntzak ikasteari buruzko gaia. Etxerako lehenengo idazlana bidaliko diet, e-posta formal bat, euskara ikasteko diru-laguntza eske. Ikasleei eskutitz edo e-posta formalak idazteko jarraibideak banatu dizkiet. Azalpen azkar bat eman diet eta eurek txostena etxean astiroago irakur dezatela esan diet. Egitura ikus dezaten, Genially bidez egindakoa (blogean ere ikusgai) arbelean jarri eta azalpen zehatzagoa eman diet.

Etxerako lanak:

o   Identifikazio pertsonalaren gaiari helduta, bada Gipuzkoan herri polit askoa: Amezketa. Eta bertakoa zen hainbat pasadizo bizi izandako gizon xelebre edo bitxi bat: Pernando Amezketarra. Ikasleei Pernandoren asto itsuen pasadizoa (Elkar ezin ikusi) banatu diet, hutsuneak deklinabide kasuekin osa ditzaten.

o   Erlatibozko perpausak lantzen II (ondokoa edo erreferentea ezkutuan dutenak).

o IDATZIZKO EKOIZPENA: eskabide e-posta. Euskara ikasteko diru-laguntza eske Udalera idatzi beharreko e-maila. Horretarako, gutun nahiz e-mail formalak idazteko jarraibideak banatu dizkiet, lagungarri izango zaizkielakoan.

OHARRA: Erreparatu blogean ipini dizuedan ereduari. Genially bidez egina da eta gutunaren zati bakoitzean klikatuta informazioa agertzen da.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina