2023/11/08

B2.2 mailako 11. eskola, 2023ko azaroaren 7koa

 

11.      eskola: 2023ko azaroaren 7koa

-      Joan den astean, “Perretxikotara joateko garai berriak” deritzon cloze-testa bidali nien etxerako. Izan ere, udazkena da perretxikotan ibiltzeko urtaroa. Perretxiko horietako bat, agian ezagunenetakoa, zizahoria da. Horri buruzko entzumen-jarduerarekin ekin diogu gaurko klaseari.

ENTZUNAREN ULERMENA: Zizahoriak. Udazkenean ohikoa izaten da gure mendietara perretxikoTARA (=perretxiko bila) joatea. Perretxiko horietako bat, ezagunenetakoa agian, zizahoria da. Horri buruzko entzungaia entzun dugu bitan eta, jarraian, zuzendu egin dugu, erantzun zuzenak behar bezala arrazoituz. Nahi duenak, berriro entzun dezala blogean.

Oharrak:

Lurrak ematen dituen produktuak “bildu” egiten dira, ez “hartu”: loreak bildu, perretxikoak bildu, babarrunak bildu, tomateak bildu, sagarrak bildu, gaztainak bildu…

PerretxikoTARA joan: Mugagabean. –TARA mugagabe horrek adiera edo esanahi berezia dauka: “produktu horren bila” joatea esan nahi du: PerretxikoTARA joango gara datorren igandean (=perretxiko bila = perretxikoak biltzera); ehiztari askok jotzen dute Etxalarrera usoTARA (=uso bila = usoak ehizatzera); Bermeoko arrantzaleak antxoaTARA irten dira goizaldean (=antxoa bila =antxoak arrantzatzera); gure aita askotan joaten da Jaizkibelgo arroketara karramarroTARA (=karramarro bila, karramarroak biltzera); gazte horiek larunbat gauero irteten dira neskaTARA (// neskengana).

Non kasuan ere ager daiteke mugagabe hori: Goiz osoa igaro dugu mendian perretxikoTAN (= perretxiko bila = perretxikoak bilatzen). Bi aste hegaluzeTAN (=hegaluze bila = hegaluzeak arrantzatzen) eman = igaro = pasa = egin ondoren, atzo itzuli ziren Lekeitioko arrantzaleak lehorrera (=atzo lehorreratu ziren).

OHARRA: Norbaitek entzumen-jarduera hau berriro egin nahi izanez gero,  H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-       “Alde” daramaten zenbait egitura edo esapide ezagutarazi nizkien joan den astean. Egitura hauek lantzeko ariketa zuzendu dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez.

OHARRA: Norbaitek ariketa hau berriro egin nahi izanez gero,  H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

Honako hau gogorarazi diet, lehen ere azaldu nien arren:

ALDEAN konparaziozkoa darabilgunean, alde batetik,  2. konparaziogaiari NOREN edo ZEREN kasua erantsi behar zaio ezinbestean eta bestetik,              -AGO(a) ez dugu gehitu behar (BAINO erabiltzean, bai, noski). Izan ere, NOREN edo ZEREN + ALDEAN da konparazio marka eta horrek ez du  –AGO(a) eramaten.

o   Bilbo (a) Donostia (b) BAINO handiAGOA da.

o   Bilbo (a) DonotiaREN (b) ALDEAN handia_(goa) da.

o   Bilbo, (a) DonostiaREKIN (b) ALDERATUTA = KONPARATUTA, handia_ (goa) da.

o   Mugikor honek (a) beste horrek BAINO GEHIAGO balio du.

o   Mugikor honek (a) beste horrEN (b) ALDEAN asko (gehiago) balio du.

o   Mugikor honek, (a) beste horrEKIN (b) ALDERATUTA = KONPARATUTA, asko (gehiago) balio du.

o   Oro har, emakumezkoek (a) gizonezkoek (b) BAINO pazientzia handiAGOA dute dendaz denda ibiltzeko.

o   Oro har, emakumezkoek (a) gizonezkoEN (b) ALDEAN pazientzia handia_ (goa) dute dendaz denda ibiltzeko.

o Oro har, emakumezkoek (a), gizonezkoEKIN (b) ALDERATUTA = KONPARATUTA, pazientzia handia_ (goa) dute dendaz denda ibiltzeko.

-   Galderak beste Donostia horretara izeneko ulermen zehatzeko jarduera zuzendu dugu, beharrezko azalpenak emanez. Aurretik lexikoa jorratzeko testu hau landua dugunez, eta orduan zehatz-mehatz testuaren edukia aztertu genuenez, horrek erraztu die ulermen jarduera egitea. Ez dugu testua irakurri. Hori bai, item bakoitza zuzendu ahala, testuan erantzun zuzena eta okerrak arrazoitzeko pasarteak azpimarratu dizkiet.

OHARRA: Norbaitek idatziaren ulermen zehatzeko jarduera hau berriro egin nahi izanez gero, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-        AHOZKO ADIERAZPENA: Turismoa erakarri, kosta ahala kosta? Ikasleek hirunaka bildu dira eta honako balizko egoera honi heldu diote:

Demagun[1] Hondarribiko  hondartzan luxuzko hotel bat eraiki nahi duela Hilton kateak (talasoterapia, bezeroentzako kai propioa, palmondoz eta hainbat espezie exotikoz betetako lorategiak,  hondartzan etzaulki nahiz eguzkitakoak…eta guzti).

Ver las imágenes de origen

Hirukote bakoitzean, rolak banatu ditugu: Batetik, proiektua gauzatzearen aldekoa/k (enpresa sustatzaileko zuzendaritza taldea) eta, bestetik, proiektua gaitzesten[2] duena / dutenak, IHEIEko (Ingurumenaren aldeko Herritar Ekologista Iraultzaileen Elkartea) kideak. Ikasleek euren artean eztabaidatu behar izan dute proiektua gauzatzeak nolako ondorioak izan litzakeen herrian eta inguruan (zarata, zikinkeria, prezioen igoera, bertako biztanleen bizi-kalitatearen aldaketa, paisaia eta natura, garraio zerbitzuak, lanpostuen sorrera eta hauen kalitatea, bezeroen / jabeen diru-ekarpena herriko ostatu nahiz dendetan…), euren iritziak behar bezala argudiatuz. Irakasleak alkatearena egingo du eta berari dagokio, aldeko eta aurkako argudioak entzun eta kontuan hartuta, enpresa sustatzaile-eraikitzaileari jarduera-baimena eman ala ez erabakitzea.

Mintza-saio honetarako oso erabilgarriak gerta lekizkieke:

a)    konparaziozko esaldiak: Proiektua gauzatuz gero, orain baino askoz ere ur gehiago beharko litzateke golf-zelaiak ureztatzeko eta badakigu lehorte garaian gaudela. Hondarribiko herritarrek ez lukete edukiko gaur egun adina leku hondartzan. Etxeen alokairua egun baino garestiagoa izango litzateke eta herritarrek ez lituzkete aurkituko orain bezain merke.

b)  adizki hipotetikoak: balitz, balute, ginateke, genuke, genituzte, litzaiguke… (hauen taulak itsatsi dizkiet mintza-fitxan).

Mintza-saioan zehar, zenbait alde on eta txar planteatu dizkiet:

Aldeko balizko argudioak

Aurkako balizko argudioak

 

-          Lanpostuak sortuko lirateke?

-          Jende diruduna etorriko litzateke hotel horretara, luxuzkoa baita. Baina dirutza gastatuko lukete taberna eta dendetan? Gastu handia egingo lukete herrian? Herriko dendek diru gehiago irabaziko lukete?

-          Ez luke hainbesteko kaltea eragingo ingurumenean, dirudunek ez dutelako masifikaziorik sortzen. Ezta?

-          Aireportuaren erabilera bultzatuko luke eta, agian, hegaldi gehiago eskainiko lirateke? Aireportuari probetxu handiagoa aterako litzaioke?

-          Eragin kaltegarria izango luke ingurumenean? Hondartza ingurua kaltetuko luke hotel horrek? Espezie exotikoek kalte egingo liokete gure ekosistemari?

-          Hondarribiko nortasuna galduko litzateke (euskal giroa, arrantza giroa…)?

-          Lehendik dauden hotelak ez dira nahikoak, ala?

-          Hotel horrek prezioen igoera eragingo luke? (salgai nahiz alokagai dauden etxeenak eta eguneroko erosketenak)?

-          Aparkalekuak gutxituko lirateke? Trafiko arazoak eragingo lituzke? 

-          Etxerako lanak:

1.  Turismoak goia jo du, donostiar gehienen iritzizizeneko jarduera bikoitza. Batetik, testua osatu behar dute, bertatik ateratako 8 esaldiekin, kontuan izanik 2 distraktore ere badituztela. Bestetik, testuko zenbait esaldi berridatzi behar dituzte, egitura batzuk lantze aldera.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

2.      AUKERAKOA: ENTZUNAREN ULERMENA: Turismoa mugatu behar al litzateke?  (x 0´8) Gaur zuzendu dugun jarduerarekin (Galderak beste Donostia horretara) zerikusi estua duen entzumen-jarduera bat da.  Entzungaia bitan entzun eta, batetik, hiru aukeretatik entzungaian adierazten dena ondoen laburbiltzen duen esaldia hautatu behar dute ikasleek; bestetik, berriro entzun eta zortzi baieztapen egiazkoak diren ala ez adierazi behar dute. Ondoren, zuzen dezatela ebazpen-orriarekin (bertan dauzkate erantzunak eta erantzun horiek argudiatzeko transkripzio zatiak). Entzumenari ekin aitzin (=ekin baino lehen), erreparatu atzean atxiki dudan hiztegi lagungarriari. Hiztegi lagungarria: 

Irlak hiriari SO jarraitzen zuen (NORI + so = NORI begira).

SO EGIN = begiratu.

Igeldoko xarmak ere BERE HORRETAN zela zirudien (BERE HORRETAN = LEHEN BEZALA = DAGOEN edo LEHEN ZEGOEN BEZALA = inolako aldaketarik gabe). Joan den astean agertu zitzaigun, etxebizitza turistikoei buruzko entzumen jardueran. Adib.: Ez ezazu ukitu hori, utz ezazu bere horretan. Asierrek etxibitza turistikoak arautuko dituen ordenantza bere horretan onartzea nahi du. Etxeko logelak eta egongela berriztatu nituen, baina komuna bere horretan utzi nuen.

Bertako donostiarren ZANTZUAK (=arrastoak; “indicio, rastro, señal, pista”). Adib.: Hasieran gizon hark bere burua hil zuela pentsatu arren, gero, poliziek hilketa baten zantzuak topatu zituzten.

Mamia = erroa = sustraía

Goraipatu (=laudatu = goretsi)(alabar, elogiar) zenbat eta zenbat turista pasa diren aldiro.

Hutsal(a) = hutsaren hurrengoa (garrantzirik gabea, funtsik gabea; “efímero, vano, vacío”) bihurtu da.

Izerdi larria sentitu du bizkarrean behera (larritasunak eragiten duen izerdia da, ez nekeak eragindakoa; adibidez, istripu bat ozta-ozta saihesten duzunean).

-          Oraindik egina ez baduzue…

§  ENTZUNAREN ULERMENA: Etxebizitza turistikoak (x1). Bitan entzun. Blogean eskuragarri.

§  Maite Bilbao: Gerora konturatzen zara zenbat irabazten duzun euskara jakinda”. Lehenengo gai honetan – identifikazio pertsonala – euskaldunoi buruz ari gara. Euskal Herritik kanpo ere badira euskaldunak, Argentinan, esaterako. Gure hurrengo protagonista jaiotzez argentinarra den arren, euskara irakasle (bezala) aritzen da (=irakasle jarduten du = irakasle lan egiten du) Hernanin. Berari eginiko elkarrizketan, testutik ateratako hainbat esaldi txerta ditzatela hutsune egokietan, distraktoreak saihestuz.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

§  Erlatibozko perpausak lantzen II.

§  NOIZNAHI EGITEKOA: Perretxikotara joateko garai berriak deritzon cloze-testa, udazkenerako aproposa. Honekin batera, ebazpen orriak eta azalpenak ere banatu dizkiet, azalpen guztiekin argudiatuta, jarduera eurek zuzen dezaten; dena den, zalantzarik izanez gero, galde diezadatela nahi dutenean, eta argituko diet.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.



[1] Demagun = suposa dezagun…

[2] Gaitzetsi: txartzat eman edo txartzat jo, ez onartu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

HITZEN BUZOIA