2023/11/19

B2.2 mailako 13. eta 14. eskolak: 2023ko azaroaren 14 eta 16koak

 

13.eskola: 2023ko azaroaren 14koa

            Ez dugu izan klaserik.

14.  eskola: 2023ko azaroaren 16koa

-          Erlatibozko perpausak lantzen III  zuzentzen hasi gara, beharrezko azalpenak emanez. 1. esaldia baino ez dugu zuzendu. Bertan, honako egitura hau gogorarazi diet:

Diru_ eske(an) (Mugagabea + eske(an) / bila)  (dirua eskatzen). Eguberrietan etxez etxe joaten gara Olentzero hartuta, diru eske(an) (IKUSHemen dugu Halloween ate-joka” jardueraren zuzenketa-oharrak).

-    Zuzendu berri dugun 1. esaldi hori  aitzakiatzat harturik, iraganeko NOR-NORI-NORK adizkiak errepasatzeari ekin diogu. Horretarako, adizki horien eskema eta taulak (horizontala (I) zein bertikala (II)) banatu eta beharrezko azalpenak eman dizkiet: eskema nola dagoen egituratua, pertsona markak edo morfemak aurrean ala atzean doazen,…

-          AHOZKO JARDUERA: Adizkien katea. Honako esaldi hau ipini diet arbelean:

Ikasleek ondoko ikaskideari konbinazio bat eskatuz eta esaldi bera probestuz, iraganeko NOR-NORI-NORK adizkiak landu ditugu ahoz gurpilean. Bi itzuli egin ditugu. Ariketa egokia da adizkien erabileran trebatzeko.

-   Lehenengo eskola eguna izeneko jardueran (bertan, gure ikasgela irudikatzen zuen irudia deskribatu behar zuten erlatibozko perpausak eginez) ikasleek bere garaian ekoiztutako eta nik bildutako esaldiak banatu dizkiet, aurrez txukunduta eta zenbait ohar gehituta:

1.      Norbait / zerbait BEGIZ JO (eta ez “begia bota”).

2.      EKIN + zeri

3. Mugagabea + “mozorrotu / jantzi”: “urpekari mozorrotu” (eta ez “urpekariz mozorrotu”)

4.      KARGU HARTU esapidea (= errieta egin) (“llamar la atención”)

Ondoren, aurreko urteetako ikasleen zenbait esaldi irakurri eta horietan egoki iritzitako oharrak egin dizkiet:

1.    ZERTAZ + pozten / harritzen naiz = ZERK + pozten / harritzen nau

2.    “botila bat xanpain” (neurria + produktua) / “xanpain botila bat” (botila hutsa)

3.    X Yri zerbait egiTEN ARI DA = zerbait egiTEN ARI ZAIO (“ari dio”)

4.    Xk Y (nor) Musukatu / Besarkatu / Agurtu + NOR-NORK

= Xk Yri (nori) musu bat eman / besarkada bat eman / agur egin edo agur esan + NOR-NORI-NORK

5.    -T(z)EN UTZI (baimena ematea, “permitir”) vs.                  

-T(z)EARI UTZI (lehen egiten zena orain ez egitea, “dejar de”).

-        Bidaiatzeko modu berrien (eta merkeen) bila. Testua irakurri ahala, idatziaren ulermena lantzeko jarduera honen  zuzenketa egin dugu, astiro, beharrezko azalpenak emanez. Ikasleek testuko hutsuneak osatu behar zituzten, hamalau esaldi txertatuz.

-     AHOZKO ADIERAZPENA: Turista mota (30´): Aurreko egunetan, turismoa  eta honek dakarren masifikazioa mugatu behar litzatekeen ala ez eztabaidatu dugu. Zuzendu berri dugun jardueran (Bidaiatzeko modu berrien (eta merkeen) bila) zenbait ideia agertu zaizkigu, hala nola, gaur egun lehen baino irteera motzagoak egiten ditugula, oporretara joaten garenean gutxiago gastatzen saiatzen garela, askoz lehenagotik erosten ditugula azken momentura arte itxaron beharrean, gazteek nahiago izaten dutela bidaia-txartela erosi eta gero euren kabuz ibili, eta badirela merke bidaiatzeko moduak, esaterako, etxe-trukea, autoa partekatzea eta cochsurfing-a. Zu zeu nolako turista zaitugu? Beste makina bat turista bezala, promozionatzen diren lekuetara joaten den horietakoa ala txoko ezkutuen bila jotzen duten horietakoa? Ikasleak binaka nahiz hirunaka bilduta puntu jakin batzuen gainean solastu dira (puntu bakoitzeko denbora-tarte jakina utzi diet). Gaurkoan, lehenengo bi puntuak izan dituzte mintzagai.

Gazteek dena antolatuta daukaten bidaiak egin beharrean, bidaia-txartela bakarrik erosten omen dute askotan eta gero gerokoak. Zuk zer duzu nahiago, bidaia antolatuak (hegaldia, egonaldia, otorduak, txangoak...dena barne)  egin ala bidaia-txartela bakarrik hartu eta gero zeure kontura ibili? Zergatik?

Zein izango litzateke zure ametsetako bidaia? Nora joango zinateke dena ordainduta edukiz gero?

Inoiz izan al duzu arazorik zure bidaiaren batean? Zein arazo? Nola konpondu zenuen? Erreklamazioa jarri behar izan zenuen?

Turistek beti errespetatu behar lituzkete (tokian) tokiko ohiturak (mezkita batera sartzeko praka luzeak janztea edo burua estaltzea, esaterako)?

Zuk trukatuko al zenuke zeure etxea ezezagun batzuekin? Zergatik? Eta partekatuko al zenuke autoa ezezagun batekin / batzuekin bidaia bera egiteko? Zeure burua fidakaitzat (fidakaitza = mesfidatia) daukazu? Ala fidakorra zarela uste duzu?

Zer deritzozu couchsurfing-ari[1]? Zuk partekatuko zenuke etxea bidaiari ezezagunekin? Hartuko al zenituzke zure etxean?

-          Etxerako lanak:

o   Hurrengo klasean hizpide izango dugun gaiarekin – umerik gabeko hotelak – zerikusia duen bideo pasartea ikus dezatela eta 1. ariketa egin. IKUS-ENTZUNA: Umerik gabeko hotelak. Egun, gero eta gehiago dira haurrik onartzen ez duten hotelak, turista batzuen lasaitasuna bermatzeko aitzakiarekin, baina gaia aski eztabaidagarria da; izan ere, batzuen ustetan, neurri diskriminatzailea edo baztertzailea da hori. Ikasleek birritan ikus dezatela bideoa eta, ikusi ahala, zortzi esaldiak ordena ditzatela. Ondoren, 2. jarduera egin dezatela: IDATZIAREN ULERMENA: Umerik gabeko hotelak. Artikulu osoa irakurri eta hamabi esaldi osatu, esaldien lehen zatia eta bigarrena uztartuz (=lotuz). Bi ariketak gelan zuzenduko ditugu.

o   Iraganeko nor-nori-nork lantzeko berariazko ariketa analitikoak, Bakarka liburukoak  (erantzun-orriak ere banatu dizkiet). Denak hurrengorako egitea ez dela derrigorrezkoa adierazi diet, euren nahieran administra ditzatela ariketa hauek. OHARRA: ariketa hauek ez dira blogean egongo.

o   Bidaiatzeko zenbait aholku edo gomendio. Ulermen-jarduera honetan, batetik, hitz bankuko hitzak txertatu behar dituzte aholkuen hutsuneetan eta, bestetik, a), b) eta c) artean aukeratu behar dute ondo deklinatuta dagoena. Lexikoa ikasteko eta mugagabea errepasatzeko, ariketa egokia da guztiz.

o   Lehenengo eskola eguna. Aurreko ikasturteetako ikasleek ekoiztutako 32 esaldi banatu dizkiet ikasleei, baina erlatibozkoen kasu-marka (nor, nork, nori) kenduta. Ikasleek esaldi horietako erlatibozkoak deklinatu behar  dituzte. Ariketari ekin baino lehen, zera adierazi diet:

Lehenik errepara diezaiotela esaldian ondokoa edo erreferentea ageri den ala ez: ageri baldin bada, nahikoa dute erlatibozko aditzari –(e)N gehitzea; ageri ez bada, ordea, erlatibozko –(e)N horri gehi diezaiotela galdutako erreferenteak zeraman kasu marka (nor, nork, nori…).

Gogorarazi diet, halaber, erlatibozkoaren ondoko izenak (erreferenteak edo ondokoak) – eta hau desagertu bada, -(e)N atzizkiak – aditz nagusiarekin komunztatu behar duela eta ez erlatibozkoaren barruko aditzarekin: Eleberriak irakurtzea gustatzen zaioN NESKARI / NESKA Miren da. 

Aurrean eseri dEN IKASLEA /IKASLEAK euskara maila ona dauka.

Oraindik egina ez baduzue…

§  Maite Bilbao: Gerora konturatzen zara zenbat irabazten duzun euskara jakinda”. Lehenengo gai honetan – identifikazio pertsonala – euskaldunoi buruz ari gara. Euskal Herritik kanpo ere badira euskaldunak, Argentinan, esaterako. Gure hurrengo protagonista jaiotzez argentinarra den arren, euskara irakasle (bezala) aritzen da (=irakasle jarduten du = irakasle lan egiten du) Hernanin. Berari eginiko elkarrizketan, testutik ateratako hainbat esaldi txerta ditzatela hutsune egokietan, distraktoreak saihestuz.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

§  NOIZNAHI EGITEKOA: Perretxikotara joateko garai berriak deritzon cloze-testa, udazkenerako aproposa. Honekin batera, ebazpen orriak eta azalpenak ere banatu dizkiet, azalpen guztiekin argudiatuta, jarduera eurek zuzen dezaten; dena den, zalantzarik izanez gero, galde diezadatela nahi dutenean, eta argituko diet.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.



[1] Zer DERITZOZU couchsurfing-ARI = Zer IRIZTEN DIOZU couchsurfing-ARI = Zer IRUDITZEN ZAIZU couchsufing-A

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina