15.
eskola: 2023ko azaroaren 21ekoa
- Erlatibozko perpausak lantzen III zuzentzen jarraitu dugu (2. esalditik 8.era), beharrezko azalpenak emanez. Honako ohar hauek egin dizkiet:
§ ondo
baino hobeto = ezin
hobeto. Zer moduz egin duzu azterketa? Ongi baino hobeto! =
Ezin hobeto!
§ alferrik galdu:
“desperdiciar”. Ez zait gustatzen denbora
alferrik galtzerik. Batzuek dirua alferrik galtzen dute eta ez dute sosik aurrezten. Alferrik galtzen diren elikagaiak biltzen dituzte elikagaien bankuek, gero,
beharrean daudenei banatzeko. Indarra
alferrik galtzen ari zara; eskaiozu
laguntza norbaiti kaxa astun hori altxatzeko.
§ prakak bete lan + ibili = lanez gainezka + ibili =
buruz gain + ibili: Ez dut idazlana egiteko astirik izan, zeren
prakak bete lan nabil = lanez gainezka nabil = buruz gain nabil.
§ adarra jo (ilea hartu)
- AHOZKO JARDUERA: Adizkien katea (II). Honako esaldi hau ipini diet arbelean:
Ikasleek (nork) niri (nori) kargu hartu ZIDATEN, klasetik berandu irteteagatik.
Ikasleek pareko ikaskideari konbinazio bat
eskatuz eta esaldi bera probestuz, iraganeko NOR-NORI-NORK adizkiak landu
ditugu ahoz gurpilean. Batzuetan, esaldi beraren aldaera bat baino gehiago egin
ditugu, ikasleak adizkien erabileran treba daitezen.
- ENTZUNAREN ULERMENA: Turismoa Euskal Herrian (x 0`9). Itemak azaldu ondoren, birritan entzun dugu audioa. Gero, hirugarren entzunaldia egin eta eten ahala, zuzendu egin dugu. Itemetan agertu direnez, honako egitura hauek azaldu dizkiet, nahiz eta horietako bi lehendik ere ezagunak dituzten, aurten agertu baitzaizkigu jada. Eurentzat berria datekeena EZ BEZALA(KOA) konparaziozko egitura izan daiteke:
Ezezko konparazioa da. EZ BEZALA(KOA). Konparazioa egiteko modu honetan, bi
konparagaiak elkarren ondoan jartzen dira, hau da, baiezko konparazioek
bezalako ordena du:
Gela
hau (a) gela hori (b) BEZALAKOA da
>>
Gela
hau (a) gela hori (b) EZ BEZALAKOA da
= Gela hau (a) EZ da gela hori (b) BEZALAKOA.
Kristauen
ohiturak (a) musulmanenak (b) EZ BEZALAKOAK dira
= Kristauen ohiturak (a) EZ dira musulmanenak (b) BEZALAKOAK.
Nik
(a) zuk (b) BEZALA hitz egiten dut frantsesez >>
Nik
(a) zuk (b) EZ BEZALA hitz egiten dut frantsesez
= Nik (a) EZ dut zuk (b) BEZALA hitz egiten frantsesez.
Gogoan izan: a EZ EZIK, b ERE. Egitura honek bi osagai elkartzen ditu:
“Turismoa ez ezik, beste jarduera ekonomikoak ere…”
Honen parekoa da:
“Ez bakarrik turismoa, beste jarduera ekonomikoak ere…”
= “Turismoa eta beste jarduera
ekonomikoak…”
=
“Bai turismoa, bai beste jarduera
ekonomikoak…”
=
“Nola turismoa, hala beste jarduera
ekonomikoak…”
=
“Turismoa nahiz
beste jarduera ekonomikoak…”
= “Turismoa zein beste jarduera ekonomikoak…”
- AHOZKO
ADIERAZPENA: Turista mota (35-40´)(II.
saioa): Aurreko egunetan,
turismoa eta honek dakarren masifikazioa
mugatu behar litzatekeen ala ez eztabaidatu dugu. Zuzendu berri dugun jardueran
(Bidaiatzeko modu berrien (eta merkeen) bila) zenbait ideia
agertu zaizkigu, hala nola, gaur
egun lehen baino irteera motzagoak egiten ditugula, oporretara joaten garenean
gutxiago gastatzen saiatzen garela, askoz lehenagotik erosten ditugula azken
momentura arte itxaron beharrean, gazteek nahiago izaten dutela bidaia-txartela
erosi eta gero euren kabuz ibili, eta badirela merke bidaiatzeko moduak,
esaterako, etxe-trukea, autoa partekatzea eta cochsurfing-a. Zu zeu
nolako turista zaitugu? Beste makina bat turista bezala, promozionatzen diren
lekuetara joaten den horietakoa ala txoko ezkutuen bila jotzen duten
horietakoa? Ikasleak binaka nahiz hirunaka bilduta puntu jakin batzuen
gainean solastu dira (puntu bakoitzeko denbora-tarte jakina utzi diet).
Gaurkoan, 3., 4., 5. eta 6. puntuak izan dituzte mintzagai.
Gazteek dena antolatuta daukaten bidaiak egin beharrean, bidaia-txartela bakarrik erosten omen dute askotan eta gero gerokoak. Zuk zer duzu nahiago, bidaia antolatuak (hegaldia, egonaldia, otorduak, txangoak...dena barne) egin ala bidaia-txartela bakarrik hartu eta gero zeure kontura ibili? Zergatik?
Zein izango litzateke zure ametsetako bidaia? Nora joango zinateke dena ordainduta edukiz gero?
Inoiz izan al duzu arazorik zure bidaiaren batean? Zein arazo? Nola konpondu zenuen? Erreklamazioa jarri behar izan zenuen?
Turistek beti errespetatu behar lituzkete (tokian) tokiko ohiturak (mezkita batera sartzeko praka luzeak janztea edo burua estaltzea, esaterako)?
Zuk trukatuko al zenuke zeure etxea ezezagun batzuekin? Zergatik? Eta partekatuko al zenuke autoa ezezagun batekin / batzuekin bidaia bera egiteko? Zeure burua fidakaitzat (fidakaitza = mesfidatia) daukazu? Ala fidakorra zarela uste duzu?
Zer deritzozu couchsurfing-ari[1]? Zuk partekatuko zenuke etxea bidaiari ezezagunekin? Hartuko al zenituzke zure etxean?
-
Etxerako lanak:
1. Ikasleen ekoizpen idatzian nahiz ahozkoan,
gramatika zuzentasuna, aberastasuna eta ideien arteko koherentzia bezain
garrantzitsua da ideia horiek (esaldi nahiz paragrafoak)
behar bezala uztartzea (=lotzea), horretarako testu antolatzaileak
(lokailuak,…) erabiliz, “klipak” balira bezala. Funtsezkoa da
ikasleak ideia, esaldi nahiz paragrafoen arteko kohesio edo loturaz
ohartaraztea. Lokailurik erabilienen teoria azaldu aurretik, sarrera gisara,
lumi bidez sortutako ariketa bat bidali diet etxerako. Bertan, 30 lokailu
dauzkate eta esanahiaren arabera, sailkatu egin behar dituzte.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.
2. JARRAITU EGITEN: Iraganeko nor-nori-nork lantzeko berariazko ariketa analitikoak, Bakarka liburukoak (erantzun-orriak ere banatu dizkiet). Denak hurrengorako egitea ez dela derrigorrezkoa adierazi diet, euren nahieran administra ditzatela ariketa hauek. OHARRA: ariketa hauek ez dira blogean egongo.
-
Oraindik
egina ez baduzue…
§ Hurrengo
klasean hizpide izango dugun gaiarekin – umerik gabeko hotelak – zerikusia duen
bideo pasartea ikus dezatela eta 1. ariketa egin. IKUS-ENTZUNA: Umerik gabeko
hotelak. Egun, gero eta gehiago dira haurrik onartzen ez duten
hotelak, turista batzuen lasaitasuna bermatzeko aitzakiarekin, baina gaia aski
eztabaidagarria da; izan ere, batzuen ustetan, neurri diskriminatzailea
edo baztertzailea da hori. Ikasleek birritan ikus dezatela bideoa eta,
ikusi ahala, zortzi esaldiak ordena ditzatela. Ondoren, 2. jarduera egin
dezatela: IDATZIAREN ULERMENA: Umerik gabeko hotelak. Artikulu osoa
irakurri eta hamabi esaldi osatu, esaldien lehen zatia eta bigarrena uztartuz
(=lotuz). Bi ariketak gelan zuzenduko ditugu.
§
“Maite Bilbao: Gerora konturatzen zara
zenbat irabazten duzun euskara jakinda”. Lehenengo gai honetan –
identifikazio pertsonala – euskaldunoi buruz ari gara. Euskal Herritik kanpo ere badira euskaldunak, Argentinan, esaterako.
Gure hurrengo protagonista jaiotzez argentinarra den arren, euskara irakasle (bezala)
aritzen da (=irakasle jarduten du = irakasle lan egiten du) Hernanin. Berari
eginiko elkarrizketan, testutik ateratako hainbat esaldi txerta ditzatela
hutsune egokietan, distraktoreak saihestuz.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan
(interaktiboa) ere eskura dago blogean.
§
Bidaiatzeko zenbait aholku edo gomendio. Ulermen-jarduera honetan, batetik, hitz
bankuko hitzak txertatu behar dituzte aholkuen hutsuneetan eta, bestetik, a),
b) eta c) artean aukeratu behar dute ondo deklinatuta dagoena. Lexikoa ikasteko
eta mugagabea errepasatzeko, ariketa egokia da guztiz.
§
Lehenengo eskola eguna. Aurreko ikasturteetako ikasleek ekoiztutako 32 esaldi banatu dizkiet
ikasleei, baina erlatibozkoen kasu-marka (nor, nork, nori) kenduta. Ikasleek
esaldi horietako erlatibozkoak deklinatu behar
dituzte. Ariketari ekin baino lehen, zera adierazi diet:
Lehenik errepara diezaiotela esaldian
ondokoa edo erreferentea ageri den ala ez: ageri baldin bada, nahikoa dute
erlatibozko aditzari –(e)N gehitzea; ageri ez bada, ordea, erlatibozko –(e)N horri gehi diezaiotela
galdutako erreferenteak zeraman kasu marka (nor, nork, nori…).
Gogorarazi diet, halaber, erlatibozkoaren ondoko izenak (erreferenteak edo ondokoak) –
eta hau desagertu bada, -(e)N atzizkiak – aditz nagusiarekin komunztatu behar duela eta ez
erlatibozkoaren barruko aditzarekin: Eleberriak
irakurtzea gustatzen zaioN NESKARI / NESKA Miren da.
Aurrean
eseri dEN IKASLEA /IKASLEAK euskara maila ona dauka.
§ NOIZNAHI
EGITEKOA: Perretxikotara joateko garai berriak
deritzon cloze-testa, udazkenerako aproposa. Honekin batera, ebazpen orriak
eta azalpenak ere banatu dizkiet, azalpen guztiekin argudiatuta, jarduera
eurek zuzen dezaten; dena den, zalantzarik izanez gero, galde diezadatela nahi
dutenean, eta argituko diet.
OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan
(interaktiboa) ere eskura dago blogean.
[1] Zer DERITZOZU
couchsurfing-ARI = Zer IRIZTEN DIOZU couchsurfing-ARI = Zer IRUDITZEN ZAIZU
couchsufing-A
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina