2023/11/27

B2.2 mailako 16. eskola, 2023ko azaroaren 23koa

 

16.  eskola: 2023ko azaroaren 23koa

-      Egun, gero eta gehiago dira haurrik onartzen ez duten hotelak, turista batzuen lasaitasuna bermatzeko aitzakiarekin, baina gaia aski eztabaidagarria da; izan ere, batzuen ustetan, neurri diskriminatzailea edo baztertzailea da hori. IKUS-ENTZUNA: Umerik gabeko hotelak: ikasleek birritan ikusi behar zuten bideoa eta, ikusi ahala, zortzi esaldiak ordenatu behar zituzten. Ondoren, 2. jarduera egin behar zuten: IDATZIAREN ULERMENA: Umerik gabeko hotelak. Artikulu osoa irakurri eta hamabi esaldi osatu, esaldien lehen zatia eta bigarrena uztartuz (=lotuz). Bi ariketak gelan zuzendu ditugu.

-       Ikasleen ekoizpen idatzian nahiz ahozkoan, gramatika zuzentasuna, aberastasuna eta ideien arteko koherentzia bezain garrantzitsua da ideia horiek (esaldi nahiz paragrafoak) behar bezala uztartzea (=lotzea), horretarako testu antolatzaileak (lokailuak,…) erabiliz, “klipak” balira bezala. Ikasleak ideia, esaldi nahiz paragrafoen arteko kohesioaren garrantziaz ohartarazi ondoren, euskarazko lokailuen azalpen zehatza egin diet (eurek etxean irakur dezatela astiroago). Lokailuok multzoka eta azpimultzoka sailkatuta dauzkate, ideien artean dagoen erlazioaren arabera:

Emendiozko lokailuak (ere, gainera, bestalde, behintzat…)

hautakariak (bestela, osterantzean)

aurkaritzakoak (ordea, berriz, dena den, hala ere, edonola ere…)

ondoriozkoak (beraz, orduan, hortaz, ondorioz…)

kausazkoak (zeren, izan ere)

azalpenak ematekoak (hots, hau da, alegia)

adibideak ematekoak (esate baterako, hala nola, besteak beste…)

zehaztekoak (hain zuzen ere)

sintesi bat egitekoak (azken finean…) 

Arreta berezia merezi izan du ondoriozkoen eta kausazkoen arteko aldeak. Ez ditzatela bi multzo hauetako lokailuak nahastu, justu aurkakoak baitira!!:

§  Lo egiteko arazoak izaten ditut; BERAZ = HORREGATIK = HORTAZ = HORI DELA ETA = ONDORIOZ = HORREN ONDORIOZ, lotarako pilulak hartzen ditut.

(kausa lehenengo doa eta ondoriozko lokailu hauen jarraian, ondorioa dator).

§  Lotarako pilulak hartzen ditut; IZAN ERE, lo egiteko arazoak izaten ditut.

(justu alderantziz. Ondorioa aurrean doa eta IZAN ERE lokailuaren jarraian kausa dator) (“Zergatik hartzen dituzu lotarako pilulak?” galderari erantzuten dio ondoren datorren kausazko esaldiak eta beraz, kausazko lokailu bat beharko dugu: IZAN ERE (= ZEREN lo egiteko arazoak izaten ditut = lo egiteko arazoak izaten ditudaLAKO = ditut ETA = BAITitut).

-         Etxerako lehenengo iritzi artikulua bidali diet. Horretarako, ordea, egokitzat jo dut iritzi artikulua edo argudiozko testuak idazteko ataza bat klasean lantzea.

-          Iritzi artikulua edo argudio testua  idazteko azalpenak. Horretarako:

§  Lehenik, argudio testuen edo iritzi artikuluen eskema azaldu diet arbel digitalean (eurek kopia bana zuten, noski).

§  Gero, sarrera edo gairako hurbilketa nola egiten den irakurri eta azaldu diet (tesiaren garrantzia eta aukeran dituzten lau sarrera-teknika mota desberdinak).

§  “Zinema gaur” gaia hartuta, eurei eskema betearazi diet, esaldi bakoitza eskema horretako toki egokian kokaraziz. Hasieran kosta egiten zaienez, tesia zein den nik esan diet. Hortik aurrera, nahiko ongi egin dute.

§  Mahaiz mahai ibili naiz zuzentzen. Amaitutakoan, zuzenketa orriarekin zuzendu ahal izan dute. Nik arbel digitalean jarri dut zuzenketa orria edo ariketaren ebazpena.

§  Azkenik, eskema horren arabera idatzitako iritzi artikulua irakurri dugu eta testuan eskemako zatiak identifikatu ditugu – zuzenean egin dugu – eskema eta testua alboan dituztela. Egokiena, arbel digitalean testua jarri eta neuk zatiak bereiztea, rotulagailuekin. Horrela, argi ikus dezakete testuak eskemako zati guztiak betetzen dituela (tesia, sarrera-teknika  osatzen duten esaldiak, arrazoiak, ondorioak, balizko konponbideak edo irtenbideak, norberaren bizipenak eta konklusio orokorra), alegia, argudio testua, azken batean, hezurdura edo eskema haragiz hornitzea dela. Ikusi ahal izan dute iritzi artikulu hori eskema hartatik atera dela eta eskemako ideia guztiak bertan jasota daudela, hau da, eskemaren gorputza dela. 

-          Etxerako lanak:

1.      Iritzi artikulua. Honako bi gai hauek aukeran: Haurrentzat / animalientzat logelarik ez gure ostatuan edo Hondarribia Hilton”.

2.      Lokailuekin esaldiak osatzeko ariketa. 33 esaldi dira, ideien arteko erlazioa kontuan izanik lokailu egokia sar dezaten ideia horiek elkarri lotzeko (=uztartzeko). EBAZPEN orria ere eman diet.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

3.      JARRAITU EGITEN: Iraganeko nor-nori-nork lantzeko berariazko ariketa analitikoak, Bakarka liburukoak  (erantzun-orriak ere banatu dizkiet). Denak hurrengorako egitea ez dela derrigorrezkoa adierazi diet, euren nahieran administra ditzatela ariketa hauek. OHARRA: ariketa hauek ez dira blogean egongo.

-  Oraindik egina ez baduzue… zuzendu gabeko etxeko lanen biltegian izan behar dituzue postit batekin:

§  Maite Bilbao: Gerora konturatzen zara zenbat irabazten duzun euskara jakinda”. Lehenengo gai honetan – identifikazio pertsonala – euskaldunoi buruz ari gara. Euskal Herritik kanpo ere badira euskaldunak, Argentinan, esaterako. Gure hurrengo protagonista jaiotzez argentinarra den arren, euskara irakasle (bezala) aritzen da (=irakasle jarduten du = irakasle lan egiten du) Hernanin. Berari eginiko elkarrizketan, testutik ateratako hainbat esaldi txerta ditzatela hutsune egokietan, distraktoreak saihestuz.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

§  Bidaiatzeko zenbait aholku edo gomendio. Ulermen-jarduera honetan, batetik, hitz bankuko hitzak txertatu behar dituzte aholkuen hutsuneetan eta, bestetik, a), b) eta c) artean aukeratu behar dute ondo deklinatuta dagoena. Lexikoa ikasteko eta mugagabea errepasatzeko, ariketa egokia da guztiz.

§  Lehenengo eskola eguna. Aurreko ikasturteetako ikasleek ekoiztutako 32 esaldi banatu dizkiet ikasleei, baina erlatibozkoen kasu-marka (nor, nork, nori) kenduta. Ikasleek esaldi horietako erlatibozkoak deklinatu behar  dituzte. Ariketari ekin baino lehen, zera adierazi diet:

Lehenik errepara diezaiotela esaldian ondokoa edo erreferentea ageri den ala ez: ageri baldin bada, nahikoa dute erlatibozko aditzari –(e)N gehitzea; ageri ez bada, ordea, erlatibozko –(e)N horri gehi diezaiotela galdutako erreferenteak zeraman kasu marka (nor, nork, nori…).


Gogorarazi diet, halaber, erlatibozkoaren ondoko izenak (erreferenteak edo ondokoak) – eta hau desagertu bada, -(e)N atzizkiak – aditz nagusiarekin komunztatu behar duela eta ez erlatibozkoaren barruko aditzarekin: Eleberriak irakurtzea gustatzen zaioN NESKARI / NESKA Miren da. 

§  NOIZNAHI EGITEKOA: Perretxikotara joateko garai berriak deritzon cloze-testa, udazkenerako aproposa. Honekin batera, ebazpen orriak eta azalpenak ere banatu dizkiet, azalpen guztiekin argudiatuta, jarduera eurek zuzen dezaten; dena den, zalantzarik izanez gero, galde diezadatela nahi dutenean, eta argituko diet.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina