2023/11/29

B2.2 mailako 17. eskola, 2023ko azaroaren 28koa

 

17.  eskola: 2023ko azaroaren 28koa

-      ENTZUNAREN ULERMENA. Gaztainak eta gaztainondoak. Garaian garaiko gai bati buruzko entzungaia aukeratu dut gaurko: gaztainei buruzkoa, udazkenean bete-betean sartuta baikaude eta udazkenaren adierazleetako bat baitira gaztainak. Horretarako, lehenik itemak azaldu dizkiet; gero, bitan entzun dugu entzungaia eta jarraian, zuzendu egin dugu, arbelean erantzunen argudioak seinalatuz; erantzun bakoitza berresteko, hirugarren aldiz entzun daiteke nahi izatera.

 Oharrak:

[1] Gogoratu: Lurrak ematen dituen produktuak “bildu” egiten dira, ez “hartu”: loreak bildu, perretxikoak bildu, babarrunak bildu, tomateak bildu, sagarrak bildu, gaztainak bildu…(zizahorien jardueran).

[1] Gainbehera egin: caer en declive. Krisialdia dela eta, etxeen salmentak (zerk) gainbehera egin du.

[1] Baino ez = baizik ez = besterik ez = bakarrik

[1] Gogoratu: “Ustiatu” (“explotar”): Zerbaiti (negozio bati, meategiari, lursail bati, abeletxe bati…) etekin edo probetxu ekonomikoa ateratzea (pisu turistikoei buruzko jardueran agertu zitzaigun). UstiaTEGIa: “explotación”. Adib. “nekazaritza-ustiategia”. Nafarroako Caparrosoko ustiategian 4.700 abelburu dituzte, esnetarako. UstiaPENa edo ustiaKETA: “explotación”. Adib. “Baliabide naturalen ustiapena egin zuten errusiarrek Islandian”: “Petrolioaren ustiaketak jende asko aberastu du Dallasen”.

[1] Gogoan duzue aldea? Erabiltzeak (zerk, baina ekintza amaitu gabe dagoenean, “el utilizar”) // erabili izanak (zerk, baina ekintza amaitua dagoenean, “el haber utilizado”)

-      1. itemean EZ BEZALAKOA agertu zaigula-eta, ezezko moduzko egitura hau nola erabiltzen den gogorarazi diet. Ez da agertu zaigun lehenengo aldia.

Ezezko konparazioa da. EZ BEZALA(KOA). Konparazioa egiteko modu honetan, bi konparagaiak (a eta b) elkarren ondoan jartzen dira, hau da, baiezko konparazioek bezalako ordena du:

Nire mugikor berria (a) zurea (b) BEZALAKOA da  >

Nire mugikor berria (a) zurea (b) EZ BEZALAKOA da.

= Nire mugikor berria (a) EZ da zurea (b) BEZALAKOA.

Kristauen ohiturak (a) musulmanenak (b) EZ BEZALAKOAK dira

= Kristauen ohiturak (a) EZ dira musulmanenak (b) BEZALAKOAK.

Nik (a) zuk (b) BEZALA jokatuko nuke balizko egoera horretan >

Nik (a) zuk (b) EZ BEZALA jokatuko nuke balizko egoera horretan.

= Nik (a) EZ nuke jokatuko zuk (b) BEZALA balizko egoera horretan.

Biztanle kopuruari dagokionez, …

Irun (a)    Tutera (b)   BEZALAKOA da.

Irun (a)    Tutera (b)   EZ BEZALAKOA da.

Irun (a)    EZ da      Tutera (b)     BEZALAKOA.

Irun eta Barakaldo (a)   Tutera (b)   BEZALAKOAK dira.

Irun eta Barakaldo (a)   Tutera (b)   EZ BEZALAKOAK dira.

Irun eta Barakaldo (a)   EZ dira   Tutera (b)   BEZALAKOAK.

Gogoratu: Konparazioa egiteko modu honetan, bi konparagaiak (a eta b osagaiak) elkarren ondoan jartzen dira, hau da, baiezko konparazioen ordena berdina du.

Beraz, euskaraz bi modu desberdin ditugu desberdintasuna adierazteko:

A ez da B bezalakoa” (A eta B konparagaiak bereizita, ezezko esaldietan ohikoa izaten den bezala): Gure zakurra (a) ez da zuena (b) BEZALAKOA.

edo

A B ez bezalakoa da” (A eta B konparagaiak elkarren ondoan jarrita, baiezkoetan bezalaxe): Gure zakurra (a) zuena (b) EZ BEZALAKOA da.

Aurre bi adibideetan, BEZALAKOA “nolaKOA da?” galderaren erantzuna da.

Gauza bera gertatuko litzateke “nola?” galderarekin ere:

A ez dago (dabil…) B bezala” (A eta B konparagaiak bereizita, ezezko esaldietan ohikoa izaten den bezala): Herri txikietan (a) ez da bizi izaten hiri handietan (b) BEZALA.

edo

A B ez bezala dago (dabil…)”(A eta B konparagaiak elkarren ondoan jarrita, baiezkoetan bezalaxe): Herri txikietan (a) hiri handietan (b) EZ BEZALA bizi izaten da.

EZ BEZALAKOA(k) egitura oso egokia da gaztelaniazko “es diferente a…” euskaraz txukun adierazteko, “A Bren desberdina da” erdarakada erabili beharrean.

Ez erabili A Bren desberdina da. Erabili: A B EZ BEZALAKOA da. Adib.:

Herriko bizimodua (A) hirikoa (B) EZ BEZALAKOA da (herriko bizimodua hirikoaren desberdina da).

EZ BEZALA egitura asko erabiltzeaz gain, oso aproposa da gaztelaniazko “a diferencia de…” euskaraz txukun eta aberats itzultzeko. Adib.:

Zizahoriak (A), beste perretxiko espezie batzuk (B) EZ BEZALA, esportatzeko egokiak dira, ez baitira erraz usteltzen (“a diferencia de…”).

Gaur egun (A), garai batean (B) EZ BEZALA, emakume askok etxetik kanpo egiten dute lan (“a diferencia de…”).

Egun (A), duela berrogei urte (B) EZ BEZALA, bi gizonezko edo bi emakumezko ezkon daitezke elkarrekin (“a diferencia de…”).

Kankuneko hotel askotan (A) hemengoetan (B) EZ BEZALA, helduek bakarrik har dezakete ostatu.[1]

-       Ikasleen ekoizpen idatzian nahiz ahozkoan, gramatika zuzentasuna, aberastasuna eta ideien arteko koherentzia bezain garrantzitsua da ideia horiek (esaldi nahiz paragrafoak) behar bezala uztartzea (=lotzea), horretarako testu antolatzaileak (lokailuak,…) erabiliz, “klipak” balira bezala. Funtsezkoa da ikasleak ideia, esaldi nahiz paragrafoen arteko kohesio edo loturaz ohartaraztea. Lokailurik erabilienen teoria azaldu aurretik, sarrera gisara, lumi bidez sortutako ariketa bat bidali nien etxerako. Bertan, 30 lokailu esanahiaren arabera sailkatu  behar zituzten. H5P artxiboa arbelean irekita, denon artean zuzendu dugu sailkapena.

OHARRA: Norbaitek berriro egin nahi izanez gero, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) eskura dago blogean.

-        Lokailuekin jarraituz, joan den eguneko azalpenaren ostean, lokailuekin esaldiak osatzeko ariketa bat bidali nien etxerako, ideien arteko erlazioa kontuan izanik ideia horiek lokailu egokiarekin uztar zitzaten. Ebazpen-orria ere atxiki nien. Zalantzarik baduten galdetu eta balizko zalantzak argitu ditugu.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu edo berriro egin nahi badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

-     Iraganeko NOR-NORI-NORK adizkiak lantzeko ariketak egin dituzten edo egiten ari diren galdetu diet. Egitearen garrantzia azpimarratu diet. Eginak ez badituzte, jarrai dezatela egiten. Horren harira, askotan azaldu dut NOR-NORI-NORK aditzetan hiru osagai izaten direla (nor edo zer, nori eta nork), baina izan badira NOR-NORI-NORK “faltsuak”, sasi-NOR-NORI-NORK aditzak, objekturik (nor edo zer) ez dutenak. Hauen azalpena egin diet (azalpenaren kopia badute).

§  Batetik, Iparraldean eta Hegoaldean desberdin erabiltzen direnak (biak ongi egon arren): DEITU, LAGUNDU, ENTZUN (Iparraldean, NOR-NORK gisa erabiltzen dituzte; Hegoaldean, berriz, NOR-NORI-NORK “faltsu” gisa).

§  Bestetik, bakarrik doazenean NOR-NORK direnak eta NORI edo ZERI daramatenean, berriz, sasi-NOR-NORI-NORK direnak: BEGIRATU, JARRAITU, ITXARON.

§  Azkenik, beti NOR-NORI-NORK “faltsuak” direnak: EUTSI = HELDU, ERASO.

-     Lehenengo eskola eguna. Aurreko ikasturteetako ikasleek ekoiztutako 32 esaldi banatu nizkien ikasleei, baina erlatibozkoen kasu-marka (nor, nork, nori) kenduta (klasean ere egin liteke ariketa hau, ongi iritziz gero). Ikasleek esaldi horietako erlatibozkoak deklinatu behar zituzten. Lehenengo 20 esaldiak zuzendu ditugu, beharrezko azalpenak emanez. Ariketaren zuzenketari ekin baino lehen, adierazi diet lehenik errepara diezaiotela esaldian ondoko izena edo erreferentea ageri den ala ez: ageri baldin bada, nahikoa dute erlatibozko aditzari –(e)N gehitzea; ageri ez bada, ordea, erlatibozko –(e)N horri gehi diezaiotela galdutako izenak edo erreferenteak zeraman kasu marka (nor, nork, nori…). Gogorarazi diet, halaber, erlatibozkoaren ondoko izenak (erreferenteak edo ondokoak) aditz nagusiarekin komunztatu behar duela eta ez erlatibozkoaren barruko aditzarekin.



 

-      AHOZKO ADIERAZPENA (30´): Erosketen zurrunbiloan buru-belarri sartzera garamatzaten (=eramaten gaituzten) egun seinalatu horiek… Joan den ostiralean, azaroak 24, ditxosozko Black Friday (“Ostiral Beltza”) eguna izan genuen, Eguberrietako erosketa-aldi zoroari hasiera ematen diona. Egun hori aitzakiatzat hartuta, mintza-fitxan dituzten puntuen gainean solastu dira binaka nahiz  hirunaka jarrita.

 Bai, joan den ostiralean, azaroak 24, ditxosozko Black Friday (“Ostiral Beltza”) eguna izan zen, Eguberrietako erosketa-aldi zoroari hasiera ematen diona (egia den arren saltoki batzuek egun hori asteburura luzatzen dutela eta, honela, Black Weekend (“Asteburu Beltza”) delakoa sortu dutela). Ondoren, Cyber Monday – urdina, baina ez ekologikoa – datorkigu, tresna elektronikoetan sekulako beherapenak eskaintzen dituen eguna. Eguberrietako erosketen zurrunbiloaren ostean, otsailaren 14an, San Valentin eguna ospatzen da, bikotekideari zerbait oparitzeko egun seinalatua. Martxoan, berriz, San Jose eguna, tradizioz, “Aitaren Eguna”. Maiatzean, Amaren Eguna. Ezkongabe baldin bazaudete eta bikotekiderik ez baduzue, lasai, zuentzat ere bai baita egun jakin bat eta igaro berria da, gainera: azaroak 11, Single-en Eguna.

Egun zehatz (=jakin = konkretu) horien aitzakian, gure ingurukoentzat nahiz geure buruarentzat eros genitzakeen hamaika balizko[2] opari (askotan, gutiziak, ez baitira beharrezko gauzak izaten) iragartzen dizkigute hedabideetan: arropa, lurrinak – sarkorrenetatik freskoenetara – , punta-puntako gailu elektronikoak… 

-          Etxerako lanak:

1.      Azaroaren 25a, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna, dela-eta, horrekin lotura estua duen jarduera, Ciudad de Juarezen emakumeak hiltzen deritzona, genero indarkeriaren gaia eta testu antolatzaileen  erabilera uztartzen dituena.

2.      EZ BEZALAKOA(K) eta EZ BEZALA lantzeko bi ariketak. Erantzunak hurrengoan banatuko dizkiet.

3.      JARRAITU EGITEN: Iraganeko nor-nori-nork lantzeko berariazko ariketa analitikoak, Bakarka liburukoak  (erantzun-orriak ere banatu dizkiet). Denak hurrengorako egitea ez dela derrigorrezkoa adierazi diet, euren nahieran administra ditzatela ariketa hauek. OHARRA: ariketa hauek ez dira blogean egongo.

-          Oraindik egina ez baduzue… zuzendu gabeko etxeko lanen biltegian izan behar dituzue postit batekin:

§  Maite Bilbao: Gerora konturatzen zara zenbat irabazten duzun euskara jakinda”. Lehenengo gai honetan – identifikazio pertsonala – euskaldunoi buruz ari gara. Euskal Herritik kanpo ere badira euskaldunak, Argentinan, esaterako. Gure hurrengo protagonista jaiotzez argentinarra den arren, euskara irakasle (bezala) aritzen da (=irakasle jarduten du = irakasle lan egiten du) Hernanin. Berari eginiko elkarrizketan, testutik ateratako hainbat esaldi txerta ditzatela hutsune egokietan, distraktoreak saihestuz.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

§  Bidaiatzeko zenbait aholku edo gomendio. Ulermen-jarduera honetan, batetik, hitz bankuko hitzak txertatu behar dituzte aholkuen hutsuneetan eta, bestetik, a), b) eta c) artean aukeratu behar dute ondo deklinatuta dagoena. Lexikoa ikasteko eta mugagabea errepasatzeko, ariketa egokia da guztiz.

§  NOIZNAHI EGITEKOA: Perretxikotara joateko garai berriak deritzon cloze-testa, udazkenerako aproposa. Honekin batera, ebazpen orriak eta azalpenak ere banatu dizkiet, azalpen guztiekin argudiatuta, jarduera eurek zuzen dezaten; dena den, zalantzarik izanez gero, galde diezadatela nahi dutenean, eta argituko diet.

OHARRA: Norbaitek nahiago badu, ariketa hau H5P formatuan (interaktiboa) ere eskura dago blogean.

 

 



[1] Ostatu hartu: “alojarse”

[2] Balizko: posible

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina